“Oso garrantzitsua da zaldiaren beldurrak ahaztea eta jendeari arreta guztia ematea”

Itziar Juarros Aizpitarte Alarde Tradizionaleko Zaldieriako kantinera izango da; baina ez du zaldi gainean ibiltzen ikasi behar izan, Jaitzubia zalditegiko begiralea baita. Aurreko kantinera zenbaiten irakasle ere izan da. Aurten sanmartzial gogoangarriak biziko ditu.

itziar juarros1

Ohiturari jarraiki, Zaldieriakoak Alarde Tradizionaleko lehenengoak izan ziren kantinera aukeratzen. Irundar gehienok maiatzean gaudela oraindik konturatzen ez garela, konpainia horren kideak elkartzen dira neska gazte bati bizitzan jasoko duen albiste onenetarikoa emateko.
Itziar Juarros Aizpitartek bazekien aurkeztua zegoela eta, lasaiago egoteko, lanetik ateratzean etxera joan zen lasai-lasai albisteak itxoitera. Itziarrek zalditegian lan egiten du, eta une hartan ez zuen batere espero gauean bere lantokira itzultzea: “Zaldieriakoak nire etxera etorri ziren hautatua izan nintzela esatera; bat-batean eta etxea lagunez lepo zegoenean, ordu erdia eman zidaten zalditegira joateko, ez nuen ezer ulertzen”.
Jaitzubira iristean kotxe pila zeuden, 70 lagun inguru aurkitu zituen eta gazteak ezusteko irudi hura grabatua du bere buruan: “Haurrak gogoratzen ditut batez ere, niregana agurtzera etortzen zirenean liluratuta baitzeuden”.
Txikitatik zaldi gainean
Itziarren kasua bitxia da. Zaldieriako eta Artilleriako kantinerak hautatzen dituztenetik bi hilabete eskas izan ohi dituzte zaldi baten gainean ibiltzen ikasteko. Bera, ordea, txikitatik ibili izan da zaldiz. Madrilen ikasten ari zen bitartean begirale izateko ikastaroa egin zuen eta orain dela hiru urte Irun eta Hondarribia artean dagoen txoko honetan lanean dihardu.
“Zaldian esertzeko modua oso ezberdina da”
Ekainaren 29an eta 30ean zaldiaren zelan igaroko dituen orduak prestatzeko Itziarrek zerotik hasi behar izan ez badu ere, amazona gisako zelara egokitu behar izan du, bi zangoak zaldiaren alde batean jarriz: “Zela arruntek eta amazonarenek ez dute zerikusirik; esertzeko jarrera eta gorputzaren keinua oso ezberdinak dira eta eskuek eta zaldizkoaren ahotsak protagonismo gehiago daukate hemen”, azaldu du Itziarrek. Azken urteetan bera izan da kantinera ba-tzuei irakatsi diena, eta trikimailu batzuk ikasita ditu dagoeneko; besteak beste, usta erabiltzeko teknika eta ezkerreko zangoan benda bat jartzeko gomendioa, zauriak saihesteko. I-tziarrek argi dauka “oso garrantzitsua” dela “zaldi baten gainean zaudela ahaztea, beldur guztiak kentzea, publikoan dagoen jendeari arreta guztia ematea”.
Alarde Egunean erabiltzen diren zaldiak Nafarroako Añezkar herrian dagoen zalditegi batekoak dira eta Itziar bertara hurbildu zen maiatza bukaeran bere kidea izango den zaldia ezagutzera, Apolo izenekoa. Esperientzia hau bizitzeko, batzuetan Enara Arrizabalaga Artilleriako kantinerarekin bat egiten du; baina ez dute maiz elkar ikusten, honek Logroñon ikasten duelako.
Sanmartzialak gainean izan arte falta diren egun gutxi hauetan, ahal duen guztia praktikatuko du, inguruan Zaldieriako agintariak laguntzaile bezala dituelarik. Denborak ziztu bizian hegan egingo du, kantinera baten agenda azkar betetzen delako jantzi-proba, elkarrizketa, bazkari eta beste konpromisoen artean.
Eta konturatzen denerako egun handiak iritsiko dira. Itziarrek onartzen du “28a arraroa” egingo zaiola “kantineren aurkezpenean zaldia etxean utzi eta oinez” joan behar duelako. San Pedro Egunean arratsaldean, aldiz, konpainiaz konpainia Irungo hainbat auzotan ibiliko da zaldiaren gainean eta “egun polita eta intimoa” biziko duela uste du. Onena hurrengo goizean helduko zaio, hiriko kaleak gainezka aurkitzen dituenean. Argi dauka “une berezi asko” egongo direla eta “izugarria” izango dela. Itziar betiko kantinera izango da eta, ziurrenik, aurten biziko duena heldu den urtean baliatuko du bere ondorengoari irakasteko.
Iñaki Goikoetxea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude