Irungo Udaleko Ekonomia eta Ogasun arloak jakinarazi du, ezen, Biztanleen Udal Erroldan egiaztapenak egin ondoren, aste honetan jakinarazpenak bidali zaizkiela urtarrilaren 1ean erroldatutako pertsonarik ez zuten etxebizitzen titularrei. Jakinarazpenetan adierazi zaie beren etxebizitzak salbuespen-kasuetako baten bat betez gero, otsailaren 28ra arte alegazioak aurkezteko garaiz egongo direla.
Araudi berriaren arabera, errekargua aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1ean erroldatutako pertsonarik eduki ez eta salbuespen-kasuetan sartuta ez dauden etxebizitzei. Salbuespen-kasuak izan daitezke, esaterako, etxebizitzak bizitzeko gutxieneko baldintzak ez betetzea, antolamendutik kanpo edo aurri-egoeran egotea, edo titularrak hirugarren adinekoen egoitzetan erroldatuta egotea, eta abar. Guztira, hamazazpi salbuespen-kasu dira.
Alegazioak aurkezteko hainbat bide daude. Batetik, egoitza elektronikoan, “OHZ – Ohiz kanpoko etxebizitzaren errekargua: Alegazioak” izapidearen bidez. Bestetik, HAZen, pertsona fisikoek soilik. Horretarako, aurretik ordua eskatzeko aukera dago 943505152 / 010 telefonora deituta.
Zer arrazoi alegatzen den adierazi beharko da salbuespen-eskaeran, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa eransteaz gainera. Halaber, salbuespena zein etxebizitzatarako eskatzen den zehaztu beharko da, etxebizitzaren “zenbaki finkoa” adierazita. Hori honako hauetan aurki daiteke: Errekargua aplikatzeko proposamenaren jakinarazpenean, beheko ezkerreko aldean edo Gipuzkoako Hiri Katastroaren webgunean, pasahitzik eta identifikazio elektronikorik gabe (Katastroan, “zenbaki finkoa” “finka” deitzen da).
Alegatutako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, behin betiko ebazpena emango da errekargua aplikatu edo ez erabakitzeko, eta etxebizitzaren titularrari jakinaraziko zaio.
2023ko urriaren 27ko osoko bilkuran erabaki zuten % 150eko errekargua aplikatzea Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagirietan (OHZ), titularraren edo beste pertsona batzuen ohiko bizileku ez diren etxebizitzei.