Padura-pasaiaren iragana, oraina eta etorkizuna

IRUDIA: Irungo paduren bilakaera. Goian: XVII. mendea. Erdian: 1945-1946. Behean: 2018. Nabarmen ikusten da padura naturalen artifizializazioa, laborantza-guneak sortzeko lehenik eta hedapen urbanoa eta industriala gauzatzeko gero.

Josu Narbarte Hernandez (Irun, 1992) arkeologoa da eta Euskal Herriko landa-paisaien bilakaerari buruz egin du bere tesia. Laborantzak, abeltzaintzak eta basogintzak ingurugiroan duten eragina ikertu du, besteak beste iturri dokumentalak, indusketa arkeologikoak, toponimia, ahozko memoria eta lur-laginen analisi fisiko-kimikoak uztartuz. 2020ra begira, Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondareko Zentroan proiektu bat aurkeztu du, euskal kostako padura-paisaia kulturalen ikerketa eta balorizazioa jorratzeko.

Climate Central erakundeak argitaratutako mapa batek hautsak harrotu ditu azken asteetan, klimaren aldaketak 2050. urterako munduko kostalde desberdinetan eragingo lituzkeen ondorio larrien harira. Euskal Herrian, uholde-arriskuak estuarioetan areagotuko lirateke batez ere; Bidasoa Beherean, adibidez, hainbat guneri eragingo lieke, tartean Hendaiako Hondartza auzoari, Hondarribiko aireportu inguruari, Jaitzubia ibar osoari zein Irungo hainbat auzori (Santiago, Dunboa, Mosku, Eguzkitza, Arbes, Altzukaitz…). Esan gabe doa, halako inguru urbanizatu eta industrializatu batean, itsasoaren maila igotzeak zer kalte ekarriko lukeen ingurumenaren, ekonomiaren zein gizarte egituraren aldetik.

Haatik, klimarena bezalako auzi konplexuei heltzeko orduan komenigarria izaten da ikuspegia apur bat zabaltzea, egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiak ulertu ahal izateko. Izan ere, orain arriskuan daudenak ez dira zeinahi inguru, berriki arte paduraz estalita egon diren parajeak baizik. Irungo kasua oso nabarmena da; herria hezeguneen ertzean garatu zen jatorrian, egun Junkal elizaren eta San Joan plazaren artean gelditzen den esparruan, kokagune garai batean beraz. Haren aurrean, Xantaleneko ermitatik Azken Porturaino doan eremu zabala urpean gelditzen zen itsasgoran, egun Plaiaundiko parke naturalean topa dezagunaren antzeko paisaia eratuz. Bertan, mende luzez ez zen egon ez herrigunerik, ez baserririk, ezta biderik ere.

Lau mendeko prozesu bat
Erdi Aroaz geroztik, garaiko agiriek erakusten dutenez, padura hauek herri-lur gisa ustiatzen ziren, arrantza edo espartzua egiteko ihi-bilketa bezalako jarduera estentsiboetarako. Aldaketa XVII. mendean etorri zen. Garai hartan, Europako hainbat herrialdetan padurak lehortzeko eta laborantza-lur berriak irabazteko joera gailendu zen: adibiderik argiena Herbehereetako polder famatuak dira, baina Frantziako nahiz Ingalaterrako hezegune zabalak ere egokitu ziren. Eredu berari jarraiki, Irungo udala padurak ixteko eta lehortzeko baimenak ematen hasi zen, bertan soroak eta baratzeak eraikitzeko xedez.

Garaiko agiriei esker, xehetasunez ezagutzen dugu padurak labore-lur bilakatzeko jarraitzen zen sistema. Lehen urratsa sail jakin baten perimetroa lezoi izenaz ezagutzen diren hesi edo dikez ixtea zen, lohia finkatu eta uren mugimenduei eusteko; gero kanalak eta langak irekitzen ziren, drenaia errazteko. Era honetan mugatutako irlak jatorrizko padura baino askoz egonkorragoak ziren, ura bideratuz higadura murrizteko aukera ematen baitzuten. Elementu hauetako asko oraindik oso presente daude Bidasoa ertzeko paisaian, nahiz eta gehien-gehienak oso higatuta ageri diren.

Lehen baimena 1652an eman zen Altzukaitz izeneko parajea lehortzeko, egun Palmera-Montero urbanizazioa dagoen inguruan. Lanak 1673an hasi ziren eta, hogei urte beranduago, hainbat errenterori sailak eman zizkieten, 15 urtez zereala erein zezaten; trukean, errentarik ordaindu ez baina lurrak egokitu beharko zituzten, suertatutako sailak hesituz eta uraren zirkulazioa ziurtatzeko behar ziren lubakiak eta langak eraikiz.

Aldi berean, zenbait bizilagun ihitokiak ixten eta bertan baratzeak sortzen arituak ziren, Xantalen inguruan adibidez. Egoera erregularizatzeko, 1694an udalak enkantean eman zituen sail horiek. Oraingoan, maizterrei diru-errenta bat eskatu zieten; horrez gain, hesiak mantendu beharko zituzten mareei eusteko, eta lurrari hondarra gehitu beharko zioten haren testura hobetzeko. Gainera, urte horretan onartu zen estuarioko irlak, Santiagoaurrea, Irukanale eta Galera ere, egonkortzea eta laborantzara bihurtzea. Erabaki hauek gatazka piztu zuten Hondarribiarekin, Erdi Aroan jasotako hiri-gutunaren arabera hari zegokiolako Bidasoa osoaren jurisdikzioa. Ondorioz, hiribilduak irundarrak salatu zituen 1701an, baina horrek ez zuen prozesua geldiarazi; gainera, 1764ko epaiak Iruni eman zion bere lurretan itxitako paduren jurisdikzioa. XVIII. mendean, padurak laborantzara bihurtzeko joerak goia jo zuen, estuario guztia hartuz: Jaitzubia, Mendelu, Letxunborro, Plaiaundi, Kostorbe, Osinbiribil, Antxotxipi eta abar luze bat.

Ondorioak padura-ekosisteman
Prozesu honen ondorioz, padurari espazio zabal bat kendu zitzaion, ekosistema naturalak berezkoak zituen autoerregulazio-baliabideak ezabatuz eta, horrenbestez, une jakin batean eman zitezkeen uholdeen aurkako defentsarik gabe. Gainera, XX. mendeko hedapen industrialaren eta urbanoaren parte handi bat artifizializatutako padura hauen gainean eman zen, estuarioko oreka ekologikoa are kinka larriagoan utzirik. Hauexek dira orain klimaren aldaketaren ondorioz uholde-arriskuak mehatxatuen ageri diren inguruneak.

Egia da azken hamarkadetan urratsak eman direla prozesu hau gelditu eta padura naturala berreskuratzeko ekimenak. Horren adibide da, lehenik eta behin, Plaiaundiko baratzeak desegin eta bertako parke naturala izendatu izana. 2002an, Bidasoako estuarioko 128 hektarea Nazioarteko Garrantzidun Hezeguneen Zerrendan sartu ziren; horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Plaiaundi, Jaitzubia eta Bidasoako irlak Babes Bereziko Eremu gisa izendatu zituen, Natura 2000 sarearen baitan, 2011ean. Hala ere, babes-figura horiek ez dute estuario osoa kontutan hartzen, alde txiki bat baizik; ondorioz, ez dago batere argi zer eragin izan lezakeen padura-inguru hauen berreskurapenak inguruko lurrek guztiz urbanizatuta segitzen duten testuinguru batean. Climate Central erakundeak plazaratutako agiriak elementu bat gehitzen dio hausnarketari, etorkizunean klima-aldaketaren ondorioak gutxitzeko bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude