Paisaiaren historia ikertzen: zundaketa geoarkeologikoak Bidasoako estuarioan

Josu Narbarte Hernandez

Josu Narbarte Hernandez (Irun, 1992) arkeologoa da eta Euskal Herriko landa-paisaien bilakaerari buruz egin du bere tesia. Laborantzak, abeltzaintzak eta basogintzak ingurugiroan duten eragina ikertu du, besteak beste iturri dokumentalak, indusketa arkeologikoak, toponimia, ahozko memoria eta lur-laginen analisi fisiko-kimikoak uztartuz. 2020ra begira, Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondareko Zentroan proiektu bat aurkeztu du, euskal kostako padura-paisaia kulturalen ikerketa eta balorizazioa jorratzeko.

Joan den otsailean, Eneko Iriartek (Burgoseko Unibertsitateko irakaslea) eta nik neuk (Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea) zundaketa geoarkeologikoak egin genituen Bidasoa Behereko zenbait puntutan, eskualdeko historia paleoekologikoa berreraikitzeko xedez. Lan hauek Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako proiektu baten baitan inskribatuta daude, eta euskal kostaldeko gizarteen historian padura-ekosistemen eraldaketak izandako garrantzia aztertzea dute helburu.

Zundaketa-metodologia sinplea eta ingurumenarekiko ez-erasokorra da. Motordun zunda bat erabiltzen dugu lurrean bost zentimetroko diametroa duen tutu bat sartu, eta sedimentuz beteta ateratzeko. Metodo horri esker, sedimentuak metatu ziren egoera berean lor ditzakegu; gainazalean dagoen lurra osatzen duten sedimentuak izango dira erregistro horretako laginik “berrienak”, sakontasuna handitu ahala sedimentu “zaharragoak” topatuko ditugularik. Metro bateko operazioak kateatuz, sakonera handiko lur-erregistroak berreskura daitezke, ikerketa-helburuen arabera, hainbat mende edo milurteko sekuentziak osatzeraino.

Gure kasuan, azken bi mila urteetako datuak interesatzen zaizkigu batik bat: gizakiak ekosistema naturalak nola eraldatu dituen aztertu nahi dugu. Bereziki, nekazaritza garatzeko lurrak nola egonkortu, aberastu eta eraldatu dituen dokumentatzea da helburua, gauza jakina baita gaur egun ikusten ditugun paisaiak guztiz artifizializatuta daudela. Helburu horrekin, zundaketak Holozenoari lotutako sedimentu “naturalak” azaltzean gelditu ditugu, bagenekielako lur horietan jada ez genuela giza-jardueren arrasto zaharragorik topatuko.

Amuteko baratze-paisaia tipikoa, antzinako paduren lehorketaren ondorio

Guztira, hiru zundaketa egin genituen: Amuten eta Mendelun (Hondarribia) bi metroko zundaketa bana atera genuen, eta Alundako erriberan (Irun), berriz, hiru metroko zundaketa bat. Behin-behineko emaitzak nahiko harrigarriak izan dira, kontraste handia erakusten baitute estuarioaren kanpoaldeko eta barnealdeko dinamiken artean.

Alde batetik, Amuten eta Mendelun hondar lodiz osatutako sedimentuak lurrazaletik nahiko hurbil agertu ziren, duela gutxira arte eremu horiek mareen fluxuen menpe zeudela frogatuz. Jakin badakigu egungo Kosta kalea XVI. mendean eraiki zela, eta Amuteko, Mendeluko zein Jaitzubiko padurak XVII. eta XVIII. mendeetan zehar lehortu zirela, gaur egungo baratze-paisaiak eratuz. Antzeko prozesua jarraitu zuten Irungo zenbait parajek: Bidasoako irlek, Osinbiribil aldeak eta Altzukaitz izeneko parajeak (egungo Palmera-Montero auzoa), adibidez.

Hala eta guztiz ere, jasotako lur laginek erakusten dutenez, lehortu baino lehen padura horiek estuario zabal baten kanpoaldeko ekosistemari zegozkion, giza jardueren trazarik gabe: lur horiek urpean geldituko ziren itsasgoran, eta urak sedimentu lodi samarrak mugitzeko moduko indarra zeukan. Labur esanda, XVIII. mendera arte, Hondarribiko Alde Zaharrak urez inguratutako penintsula bat osatzen zuen, eta honen inguruan itsasoak osatutako defentsa natural zabala zeukan, estuarioaren parte zabal batean zehar hedatzen zena, gaur egungo baratze-zerrenda tipikoak gabe.

Alundako erriberan zundaketak egiten

Alundako kasua guztiz bestelakoa da. Lehenik eta behin, paraje hau estuarioaren alderik babestuenean dago; mareen indarra oso ahul iristen da bertara, eta ibaiaren indarra da sedimentazio faktore nagusia. Jakin badakigu, gainera, inguruko baserriak Erdi Arotik gutxienez egon izan direla bertan, Lastaola kasu. Gauzak horrela, ez da harritzekoa inguru honetan berreskuratutako lur-laginek adieraztea paraje hau nahiko goiz eraldatu zuela gizakiak, ibaiaren ibilbidea kanalizatuz eta uholdeen kontrako dikeak eraikiz, gaur egun ezagutzen ditugun erribera zabalak sortzeraino, Behobiatik Lamiarrira eta, ibaiaren beste aldean, Biriatun. Zalantzarik gabe, lur lau eta sakon hauek eskualdeko nekazaritza-baliabiderik aberatsenetarikoak izan ziren, gaur egun Irungo herrigunetik aparte samar gelditu badira ere.

Hurrengo hilabetetan, lur-erregistro horiek hainbat analisiren bidez aztertuko ditugu: osaera kimikoa, materia organikoaren kontzentrazioa eta suszeptibilitate magnetikoa bezalako froga fisikoak. Analisi bakoitza hainbat aldiz errepikatuko dugu, zentimetroz zentimetro, sakonerarekin lurraren propietateak nola aldatzen diren ikusteko. Aldaketa horiei esker, estratigrafia bat osatu ahal izango dugu: hau da, propietate desberdinak dituzten unitateak desberdindu ahal izango ditugu sakonera desberdinetan, eta propietate horien azterketak lur horretan eman diren prozesu desberdinak identifikatzen lagunduko digute, gure eskualdean gizakiaren eta ekosistemaren arteko harremana nolakoa izan den ulertzeko pistak emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude