Palmera Montero guneak Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Planari buruzko erakusketa hartuko du otsailaren 20ra arte

Palmera Montero gunea hirian mugikortasuna jasangarriago bihurtzeko emandako eta emango diren pausuen ispilua izango da. Irungo Udalak hilabete honetan bertan, Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako 2023-2027 aldirako Plana hasieran onartzeko dokumentua sinatu du, eta, ondoren, herritarrek parte hartzea eta informazioa izatea bermatzeko, Plana hasieran onartzeko dokumentua herritarren eskura jartzeko gune bat atondu du, Palmera-Montero Gunean.  Erakusketa abenduaren 19tik otsailaren 20ra bitartean egongo da ikusgai.

Lehenengo alkateorde eta Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, “hiriko mugikortasuna Udalaren buruhauste nagusietako bat da, eta hirian mugikortasun arrazionalagoa sustatzearen alde egin dugu beti, oinezkoen, garraio publikoaren eta motorrik gabeko garraiobideak (hala nola bizikleta) erabiliz mugitzeko alternatiben alde eginda.  2010ean prestatu genuen hiriko mugikortasun jasangarrirako lehenengo plana, eta, ordutik, abiadura 30 km/h-ra mugatu dugu, autobus elektrikoak eskuratu ditugu, eta bidegorri sarea hedatu dugu. Irunek hartutako zenbait neurri aitzindariak izan dira, eta hiria erreferentea da esparru honetan. Orain, jasangarritasun araudi berrien eta emisio gutxiko zona bat sortzeko betebeharraren ondorioz, erabaki ausartak hartzea dagokigu, eta garrantzitsua da zer pauso ematen goazen ezagutaraztea, plan berria ahalik eta adostuena izan dadin. Horregatik, erakusketara etortzera eta hiriak ingurumena areago errespetatzeko helburuan laguntzera gonbidatzen ditut herritarrak”.

Erakusketaren muinean, batetik, Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako 2010eko Planaren lorpenen azalpenak datoz, eta, bestetik, onartu berri den planaren hasierako diagnostikoak hiriko mugikortasunari eta haren esparruko beste gai batzuei buruz dakartzan daturik aipagarrienenak. Gainera, aurreko diagnostikoetan oinarrituz finkatutako helburuak eta agertokiak datoz.

Erakusketaren bihotzaren inguruan, berriz, informazioa gaika sailkatu, eta bost panel handi instalatu dira: bizi kalitate handiagoa, mugikortasun jasangarriagoa, oinezko eta txirrindularien protagonismoa, espazio publiko seguru eta inklusiboagoa eta emisio gutxiko eremuak.

Panel bakoitzak Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren barruko ekintza planaren datu nagusiak ematen ditu, eta badakartza QR kode batzuk, fitxen bidez informazio zehatzagoa eskuratu eta egindako analisiak sakonkiago xehatu ahal izateko.

Azkenik, iritzi eta iradokizunak biltzeko puntu bat instalatu da.

Hamabi hilabete plana osatzeko

Hiriko mugikortasun jasangarrirako egungo plana hirugarren fasean dago. Lehenengo fasean, landa lana egin zen, eta analisi eta diagnostiko dokumentuak idatzi, baita herritarrek parte hartzeko prozesurako proposamena ere, eta, bigarren fasean, Planaren atariko bertsio bat idatzi zen,  helburu espezifikoen eta mugikortasun agertokien zehaztapena barne, Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordearen baitan eztabaidatzeko. Bada, fase honetan, hasierako bertsioa idatzi da, jendaurrean jartzeko: Udalak onartutako helburu espezifikoez eta mugikortasun agertokiez gain, esku hartzeko proposamenak edo plana eta jarraipen eta ebaluazio plana.

Laugarren fasean, 2023-2027 aldirako Planaren behin betiko bertsioa idatziko da: herritarren parte hartzearen emaitzak, alegazioei buruzko txostena eta herritarrek parte hartzeko aldian egindako txosten sektorialak.

2023-2027 aldirako HMJP planak hainbat zeregin eta lan garatu beharko ditu, hainbat fase eta etapatan, hirian mugikortasun-politika bat definitzea ahalbidetuko dutenak oro har, aztertutako agertoki bakoitzean hautemandako hutsuneetarako neurri zuzentzaileak proposatuz, bai eta hiri atseginagoa lortzeko proposamen batzuk ere.

Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Plana lege berrien emaitza da, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearena. Izan ere, lege horren 24. artikuluaren arabera, “5.000 biztanletik gorako udalerriek hiri mugikortasuneko plan bat onartu beharko dute”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude