Pandemiak Gabonetako Loteriaren salmenta baldintzatu du

Osasun krisialdiak zeharkako kalteak eragin ditu sektore askotan. Gabonetako Loteriaren salmentek beherakada garrantzitsua izan dute aurten Irunen Colón ibilbideko 28. zenbakian kokatutako loterien administrazioko Maria de la Serna eta Vanesa Solis loteria-saltzaileek azaldu dutenez.

Orain dela zenbat urte ireki zenuten loteria-administrazioa?
Maria: Hasieran paper-denda bat izan nuen, baina loteria-administrazioa 2004. urtearen inguruan ireki nuela esango nuke.

Nolako eragina izan du osasun krisialdiak Gabonetako Loteriaren salmentan?
Maria: Loteriaren salmentan sekulako eragina izan du pandemiak. Batetik, denbora batez denda itxita izatera behartu gintuztelako. Bestetik, hiriko elkarte, GKE, entitate eta kurtso amaierako bidairako eskolek ohi baino loteria-txartel gutxiago eskatu dituzte. Orokorrean, gure kasuan loteriaren salmenta %30 murriztu dela esango dezakegu.

Vanesa: Ostalaritzaren itxierak ere zeharka eragin digu, izan ere, tabernak loteria gehien saltzen den hilabeteetan itxi dituzte.

Jendearen erosketa ohituretan aldaketarik nabaritu duzue?
Maria: Jendeak loteria gutxiago erosi du aurten eta azkeneko momentura arte itxaron dutela nabaritu dugu. Inork gutxik jakingo du tabernen itxierak loteriaren salmentan zelako eragina izan duen. Leihatilan dezimoak erritmo onean saldu dira, baina, arazo nagusiak taberna eta elkarte ezberdinek hartu ez dituzten partizipazioak izan dira, normalean zenbaki osoak edo loteria kopuru handiak erosten dizkigutelako.

Vanesa: Leihatilan bezero askok ohi baino loteria gutxiago erosi dutela onartu digute. Oro har, jendeak diru gutxiago duela nabaritu dugu. Dena dela, erosle gehienak ohiko bezeroak izan dira.

Hortaz, ezbeharrak gertatuta ere, jendeak ez du loteria gehiago erosten?
Maria: Kopuru berdina erosten dute, baina, ilusio edo esperantza gehiagorekin erosten dela ikusi dugu, ezbeharrek zortea erakarriko dutela pentsatuz.

Urtea aurrera ateratzeko lan gehiago egin behar izan duzue aurten?
Vanesa: Itxitako tabernetan gure administrazioan toki horietako loteria eskura zezaketela jakinarazteko kartelak ipini genituen. Ekintza horri esker zerbait gehiago saltzea lortu dugun arren, tabernetan zuzenean gehiago saltzen da, jendeak zuzenean zenbakia ikusten duelako.
Maria: Loteria hori gure kabuz saltzen saiatu gara, baina, arrakasta gutxi izan du.

Nola egin ohi duzue loteriaren eskaria?
Maria: Martxo inguruan salduko ditugun zenbakien erreserba egiten dugu eta uztaileko lehen astean iristen zaigu loteria. Urri inguruan, berriz, erreserba asko bertan behera gelditu zitzaizkigun, jada zenbakiak eskatuta eta administrazioan geneuzkanean.

Vanesa: Aurten inoiz baino loteria gehiago itzuli behar izan dugu. Hurrengo urteko loteria bidaltzerakoan aurreko urtean saldutakoan oinarritzen dira, beraz, beldurra ematen digu dator urteko eskaera egiteko izan ditzakegun oztopoak.

Zeintzuk izan dira aurten gehien eskatutako zenbakiak?
Maria: 20 zifrekin amaitzen ziren zenbakiak eskatu dizkigute. Bereziki, 014320 zenbakia izan da gehien eskatu digutena, hau da, berrogeialdiaren hasiera datarena, baina, guztiz agortuta zegoen.

Vanesa: 72 zifrekin amaitutako zenbakia ere asko eskatu digute, baina, “Peña Barcelonista”-ren zenbaki ohia zenez horregatik izan dela pentsatzen dugu.

Gabonetako Zozketan sariren bat banatu duzue?
Maria: Bai, sari txikiak, lehen bost sarien ehunekoekin edo lehen hiru sarien amaierarekin bat egiten zuten zenbakiei esker diru apur bat banatu dugu. 2014. urtean 5. saria banatu genuen.

Leihatilaren atzean bitxikeria eta istorio asko biziko dituzue, ezta?
Maria: Sinestezina dirudien arren Abenduaren 22ko goizean Gabonetako Loteria zozketarako loteria erosi nahi duen jende asko hurbiltzen zaigu. Beste asko zozketa amaitu aurretik saria kobratzeko asmoz hurbiltzen dira, oraindik zozketako sari nagusia atera ez bada ere.

Vanesa: Jende askok saritua izango den zenbakia eskatzen digu, aurretik sarituak izango diren zenbakiak asmatu edo saria duten zenbaki finkoak egongo balira bezla.

Loteria salmentaz gainera, bestelako zereginak dauzkazue?
Maria: Ia urte osoa ematen dugu Gabonetako zozketa prestatzen eta urte osoko diru sarreren %50a direla esan dezakegu. 3.500 serie iritsi zitzaizkigun eta 1.000 saldu gabe itzuli behar izan ditugu. Gainera, 15 urte dira administrazioei komisioak azkeneko igo zizkigutenetik.

Vanesa: Eskatutako loteria ordaintzeko hiru hilabeteko epea dugu eta zenbait urteetan loteria ordaintzen amaitu aurretik datozen urteko loteria eskatzen dugu. Loteria jaso aurretik nola banatuko dugun eta elkarte bakoitzari zein zenbaki dagokion antolatzen dugu. Zentzu horretan, salmenta puntu-mistoek administrazioek baino lan gutxiago dute loteria prestatzerako orduan.

Nola aurreikusten dituzu Haurraren Loteriaren salmentak?
Vanesa: Aurreko urteetan Gabonetako loteria Haurraren loteriarengatik aldatu ohi du jendeak zerbait irabazten duenean. Aurten jendeak dirua jasotzea nahigo du.

Maria: Murriztapenen gainetik, salmenta ona izatea espero dugu urteari hasieran on bat eman ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude