Parean elkartetik haur literaturaren inguruan gogoeta eragin nahi dute eta ikus-entzunezko bat prestatu dute horretarako. Egitasmoa aurrera ateratzeko Irungo Txingudi ikastolako BHIko ikasle, zuzendaritza eta irakasleen, Patata Tropikala antzerki laborategiko aktoreen eta Bira Produkzioak kooperatibaren laguntza izan dute.
Estereotipoetatik aske hazteko eskubidea aldarrikatzen dute antzerki forumean oinarritutako gizarte esperimentu honekin. Ahoz aho kontatzen diren ipuin eta istorioek, haur eta nerabeengan duten eragina ikusarazi nahi izan dute. Aldi berean, haur literaturan matxismoaren normalizazioaren aurka borrokatzeko tresna izan nahi du bideoak; askotan oharkabean igarotzen diren egoerak birpentsatzeko aukera eskainiz.
Bideoa gainera, euskaraz da. Hezkidetzaren aldeko bitartekoak beharrezkoak ditugu, eta are gehiago euskararen kasuan. Cambia el Cuento proiektu katalana izan dute oinarri eta bidelagun, baina, Euskal Herriari eta, batez ere, hezkuntza komunitateari euskarazko bitartekoak eskaintzeko helburuarekin egin dute euskara hutsez.
Argazkia joan den ostiralean martxoaren 3an Irungo Txingudi BHIn egindako aurkezpenekoa da. Egitasmoan parte hartu zuten neska mutilen eta haien ikaskide eta irakasleen aurrean egin baitzen bideoaren estreinaldia.
Haur literaturan aurreiritzi sexistak egon badaude. Aurrez, Parean elkarteak berak, Irungo Eguzkitza eskolako liburutegian zein Oiartzungo herri liburutegian egin ditugun ikerketek hala ondorioztatzen dute. Errealitate hau ezagutarazi, sentsibilizatu eta bide batez, aurreiritzi sexista hauek desagertzeko bideak ipintzea izan da proiektu honen asmoa ere.
Haur literaturak berdintasunean, autonomian, dibertsitatean, errespetuan eta askatasunean hezteko lagungarri izan behar du, bilaka dezagun haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu!