Parean elkarteak emakume irundarrak eta iraganeko lanbideak ezagutzeko bi ibilaldi proposatzen ditu

Parean elkarteak “(H)istorien mapa” jarduera aurkeztu berri du. Zehazki, bi dira Parean elkarteak proposatutako ibilbideak: “Irungo emakumeak plazara” eta “Irungo emakumeen lanbideak”. Oihana Llorente Parean elkarteko ordezkariak ibilaldien helburuetan sakondu du.

Nola sortu zen proiektu hau martxan jartzeko ideia?
Proiektua bera aspalditik dator. Izan ere, orain dela 10 bat urte Mertxe Trancherekin batera Irungo kale izendegian emakume izenak falta zirela aztertu genuen. Udaleko alderdi guztiei hiria handitu ahala kale berriei edo izena aldatzekotan emakume izenak ipintzea proposatu genien. Horrela, emakume izena zuten 2 kale izatetik egun 10-11 izatera pasa gara. Gerora emakume horiek zeintzuk ziren jende gutxik zekiela jakinda, dokumental bat egitearen ideia sortu zen, batez ere, ikastetxeekin lantzeko asmoarekin. Horrela, informazio hau guztia hirian kokatzea eta ibilaldiak sortzea bururatu zitzaigun. Bi ibilaldi dauzkagu, bata emakumeen izenekin eta bestea, berriz, Irungo emakumeek egiten zituzten lanekin. Lehen paseoak dokumentaleko informazioa biltzen du eta bigarrenak, aldiz, Mertxe Trancheren lanaren bidez, emakumeen ekarpena aitortzen du. Proiektuaren ideia emakumeen historia biltzea da, gizonen ikuspegitik urrundu eta emakumeek egindako ekarpenak bildu eta omentzeko.

Nolako arrakasta izan zuten martxoaren 20an antolatutako ibilaldiek?
Arrakasta handia izan zuen eta pena bat izan zen, izan ere, pandemiaren ondorioz, ibilaldien edukiera mugatu behar izan genuen, une oro distantziak errespetatzen zirela ziurtatzeko. Hortaz gain, geldialdiak moldatu eta ezin izan genituen mapan adierazitako lekuetan egin, hau da, plaza zabalagoak lehenetsi genituen jendea zabaltzeko. Hala ere, oso polita izan zen, eguraldiak lagundu zigun eta Mertxeren laguntzaz megafoniarekin bi orduz hiriari buelta eman genion orain dela mende bateko Irunera bueltatzeko.

Ibilaldiak berez bakoitzak bere kabuz egiteko prestatuta daude?
Bai, proiektua orain dela bi urte amaitu genuen eta pandemia iritsi zenean proiektuari zabalpen nahikoa ematea lortu ez genuela konturatu ginen. Hortaz, aurten erronka gisa jendeak ibilaldiak ezagutzea eta erabil- tzea markatu genuen. Ikasturte hasierarekin ikastetxeei mapen berri eman genien, bitarteko hori eskura zutela jakinarazteko. Badakigu zenbait ikastetxetan 5. eta 6. mailan hiria ikastean eta Martxoaren 8aren harira baliabide pedagogiko hau erabili dutela. Hortaz gain, materiala adineko zentroetako dinamizatzaileei eskaini diegu memoria ariketetan gaia landu dezaten. Azken finean, ziur bertako emakumeek lanbide hauek ezagutu zituztela edo beraien ama edo amonak lanbide horietan ibiliko zirela. Azkenik, proiektua gizarteratzeko azken ekintza gisa ibilaldia antolatzea erabaki genuen, baina, oso mugatuta gaudenez, ezin izan diogu nahiko genukeen zabalpen guztia eman. Gaur egun, modu birtualean erabilgarri dago eta gure esku dagoen guztia publikatu dugu. Ibilaldietako geldialdi bakoitzak euskaraz eta gaztelaniazko testu bana dauka, PDF formatuan daude deskargatzeko moduan, gertaera testuinguruan jartzeko fototekatik hartutako argazki historiko eta audio batekin osaturik. Gure asmoa da, eta hemendik Irungo udalari eskaria luzatzen diogu, paseo horiek lurreratu eta ibilaldian zehar geldialdiak identifikatzeko udalak zenbait plaka ipintzea gustatuko litzaiguke.

Zer nolako emakumeak eta lanbideak aurkitu daitezke ibilbideetan?
Izen-abizenekin, Dolores Salis, Menchu Gal, Leire Landa, eta Vicenta Olazabal. Izen-abizenen bat izan arren, poxpologileak edo mandatugileak kolektibo bezala bildu nahi izan ditugu, iraganean izan zuten garrantziarengatik. Lanbideen ibilaldian, berriz, 14 lanbide bildu ditugu, adibidez, poxpologileak edo mandatugileak. Azken horiek Donostiaraino mandatuak eramaten lan egiten zuten neska oso pobreak ziren, inolako argiztapenik gabe neguan goizean goiz atera eta kilometro luzeak oinez egiten zituztenak. Hortaz gain, inudeak, merkatariak, baserritarrak, txalupariak (garai batean Hendaiara gurutzatzeko modu bakarra baitzen), urketariak, garbitzaileak edo labanderak, sexu-langileak, irakasleak eta jostunak. Bide batez, Irunen joskintzak garrantzi handia izan baitzuen kokapen geografikoaren ondorioz Parisetik Donostiara uda pasatzera etortzen zirenek ohialak ekarri ohi zituzten hemengo jostunekin haien jantziak egiteko eta, zentzu horretan, lehen moda aldizkaria Irunen egin zela uste da.

Proiektua jendartera zabaltzean, hiritarrek gaiarekiko interesa erakutsi dute?
Bai, paseoan audioak jartzen genituen eta Mertxe Trancheren azalpenekin osatu genituen. Jendeak interes berezia erakutsi zuen Mertxek azaldutako bitxikeria eta kuriositate guztiak ezagutzeko.

Etorkizunean ibilaldiak luzatu edo ibilaldi berririk sortzeko asmoa duzue?
Zenbait ideia dauzkagu, adibidez, ibilaldi bera Hondarribian egitea gustatuko litzaiguke eta horretarako bertako historialari batekin lanean gabiltza izen-abizenak biltzeko. Oraindik segurua ez den arren, horretan lanean gabiltza. Internet kontuetan adituak izan ez arren, horrelako mapak nola egiten diren ikasi dugu jada eta modu polit eta pedagogikoa iruditzen zaigu historia zabaltzeko.

“Ibilaldian zehar geldialdiak identifikatzeko udalak zenbait plaka ipintzea gustatuko litzaiguke”

Gaur egun zein bestelako proiektuetan murgildurik dago Parean elkartea?
Egia esan, saltsa askotan sarturik gaude. Iaz Eguzkitza eskolako liburutegia aztertu genuen genero ikuspegitik. Horretarako, liburutegiko 4.000 liburuetatik 400 liburu aztertu genituen adierazle batzuen arbera haur eta gazteei nolako protagonismoa eskaintzen diegun jakiteko, idazleak neskak edo mutilak diren jakin eta emakumeak nolako testuinguruan agertzen diren jakiteko. Poliki-poliki Irungo gainontzeko ikastetxeetako profesionalei genero ikuspegian formazioa eskaintzen ari gara, prozesu bera burutu dezaten eta liburuen hautaketak nolako garrantzia duen jakin dezaten. Badakigu irakasleek lan asko dutela, beraz, alderdi horretan guk geure laguntza eskaini nahi diegu. Apirilean zaintzaren gaineko jardunaldiak antolatzeko asmoa dugu, zaintzarekin arkitektura eta zaintzen duten komunitateen inguruan. Konfinamenduan hainbat zaintza sare sortu ziren Gipuzkoan eta fenomeno horiek ikertuz zaintzaren esparruan nolako proiektu publiko-komunitarioak sortu daitezkeen ikertu dugu. Hortaz gain, beste hamaika saltsetan murgildurik gaude.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude