Ohiko lasaitasunaren arrastorik ez dago Soroxarta parkean. Elektropatxarangaren doinuek burrunba egiten dute zuhaitz handien artean. Haurrak gurasoekin dantzan ari dira, ikuskizunarekin pozik. Toallak eta mahai-oihalak lurrean zabalik daude, bazkariaren apurrak gainean dituztela. Beste haur batzuk parkean zehar barreiatuta dabiltza, zirkoarekin lotutako tailerretan ikasten. Bizitza eman dio Girabira ekimenak Soroxartari.
Aurrekontu parte hartzaileetan, hiriko parkeetan zuzeneko musika eskaintzea proposatu zuen gazteen multzo handi batek. Irungo Udalak, Txikis del Bidasoa eta Ezmugak taldeei eman zien proposamena garatzeko ardura, lehenago Txikimusika ekimena antolatu izan dutelako. Emaitza, Girabira proiektua izan da. Bost saio egingo dituzte urrira arte, Irungo parke ezberdinetan. “Espazio publikoak biziberritzea da asmoa. Bide batez, eskualdeko sortzaileen lana ezagutzera ematen dugu”, azaldu du Ezmugak elkarteko Carlos Sanchezek. Zuzeneko musikaz gainera, bestelako eskaintza ere egingo dutela nabarmendu du: “Musika da saio guztiak lotzen dituen haria. Baina abiapuntu hori hartuta, mami gehiago sartu nahi izan dugu”. Saio bakoi-tzean, gai edo diziplina bat da protagonista. Lehena parkourraren ingurukoa izan zen, Dani Sampayo irundarraren parte hartzearekin. “Irunen parkour maila handia dago, jende askok ez dakien arren”, gogoratu du Sanchezek. Ekainaren 6an egin zuten Girabirako lehen saioa, Sargia parkean. El octavo árbol eta Sangre de mono taldeek eta DJ Setak jarri zuten musika.
Soroxarta parkekoa, bigarren saioa izan da. Uztailaren 11n egin dute, zirkoa gai hartuta. Batzuentzat, parkea ezagu-tzeko modua izan dela baieztatu du Txikis del Bidasoako Pía Alzagak. “Batek baino gehiagok galdetu digu ea parkea non zegoen” Jaxenolaf eta Armiarma elkarteek malabarismo edo oreka tailerrak eskaini dituzte. Pulsimpatik jolasa ezagutzeko aukera ere izan dute hurbildu direnek. Hiru emanaldi egon dira: Oskar Benas y Los Herejes eta Elektropatxaranga musika taldeenak, eta Berto magoarena. “Jarduerak parke osoan zehar banatu ditugu, jendeak, alde batetik bestera ibilita, parkea ezagutu dezan”, aipatu du Alzagak. Traba handiena eguraldi hodeitsua izan dela onartu du: “Pena izan da, baina eguraldia ez dago gure esku. Egia da uste baino jende gutxiago hurbildu dela. Dena den, nik uste etorri denak ondo pasa duela”. Piknikarekin hurbildu dira hainbat familia, antolatzaileek zabaldu nahi duten ohitura barneratuta. Jardueretan gogotsu parte hartu dutela azpimarratu du Carlos Sanchezek: “Jendea ez da ikusle soila. Jarrera aktiboa bilatzen dugu”.
Proiektua zaintzen ari dira
Girabirako saio batetik bestera, ikasten eta hobetzen saiatuko dira antolatzaileak. —Beste hiru egingo dituzte aurten. Zinemaren ingurukoa, abuztuaren 21ean, Alai Txokon. Graffitiari buruzkoa, irailaren 19an, Sargian. Txikimusika ekitaldi batekin amaituko dute, urriaren 4an, Mendibil parkean. Hortik aurrera, proiektua sendotzea eta hurrengo urteetan errepikatu ahal izatea izango dute helburu. “Komunikazioa eta diseinua asko lantzen eta zaintzen ari gara”, adierazi du Carlos Sanchezek. Oinarri sendoa eman nahi diote Girabirari, indarrez hazi ahal izan dadin.