Lagun batek esan dio diskoak garai bateko kasete bat dirudiela. Denetarik grabatua edukitzen zuen zintetako bat, Kortatu eta Mecano segidan zekartzan horietakoa. Laudorioa da Sergio Patxuko Ordoñezentzat (Irun, 1972): “Hori da bilatu duguna, soinu ezberdinak, estilo anitzak, kolaborazio ugari… Disko eklektikoa dela esango nuke”. Hego haizea, ego querido lanaz ari da, Patxuko Nice taldearen bigarren diskoaz, alegia. Musikariaren proiektu pertsonalena da bere izena daramana, ibilbide oparo baten ondoren etorri dena. Lehenago, Joxe Ripiau taldean aritu zen Patxuko, Iñigo eta Jabier Muguruza anaiekin, 90eko hamarkadaren amaieran. Gazteenek, dena den, Esne Beltza taldeko abeslari eta showman izan zelako gogoratuko dute.
Arrakasta handiko taldeetan ibili ondoren, zergatik erabaki zenuen proiektu pertsonal bati ekitea?
Esne Beltza utzi nuenean, nahiko saturatuta nengoen musikarekin, eta pixka bat aldendu nintzen. Gero, Patxuko Nicekin, oso poliki hasi gara. Musika ez da nire ogibidea, iturgina naiz, onerako eta txarrerako. Kasu honetan, nahi dudan erritmoan lan egin dezaket.
Sortzailetzat al duzu zure burua?
Sortzailea naiz, beste kontu bat da gauza onak edo txarrak egiten ditudan. Baina nire burua ez da sekula geldirik egoten. Esne Beltzarekin biran ibiltzen ginen garaian, Jon Mari Beasainekin aritzen nintzen askotan, ideiei forma ematen. Sormen guzti hori kanalizatzen lagundu dit berak. Esan dezakegu ideiak nireak direla, baina bera dela forma eman diena. Jon Mari (Beasain) da taldearen motorea.
“Mundu ezberdinetan aritutako musikariak elkartu gara, eta hori antzematen dela uste dut”
Ba al zenuten norabide argirik, soinu eta estilo aldetik?
Ez diogu sormenari sekula mugarik jarri. Bakoitzak bere ideiak ekar ditzake, baina gero lokalean transformatzen dira. Bakoitzak bere influentziak eta erreferentziak ditu, eta denok uzten dugu gure arrastoa, gure zertzeladak ematen dizkiogu soinuari. Mundu ezberdinetan aritutako musikariak elkartu gara, eta hori antzematen dela uste dut.
Letra pertsonalak atsegin dituzu?
Bai, gure unibertso txikiaz, gure mikrokosmosaz hitz egiten dugu abestietan: egunerokoaz, familiaz, gure arazo eta buruhausteez. Iruditzen zait norberaren bizipenei buruz hitz egitea dela zintzoena.
Zein da bigarren diskoaren berritasun nagusia?
Hasteko, bi taldekide berri ditugu, hori nabari da. Bestetik, denborarekin grabatu dugu disko hau, inolako presarik gabe, Peio Gorrotxategi Esne Beltzako teklatu jotzailearen etxean. Sekulako luxua da askatasun eta lasaitasun horrekin grabatu ahal izatea. Bestetik, kolaborazio pila bat eduki dugu, musikarienak, abeslarienak, letra egileenaz… Oso-oso eskertuta gaude.
Esne Beltzarekin milaka lagunen aurrean kantuan aritzetik, taberna txikietara pasa zara, berriro. Gogorra izan da?
Egia da, kontzertu batzuetan ez dugu ikuslerik izan, ia. Esne Beltzarekin 5.000 lagunen aurrean jo ondoren, berriro horretara bueltatzea, gogorra egiten da, zalantzarik gabe. Baina tira, ni oso pozik nago egiten ari garenarekin.
Gustatuko litzaiguke zale gehiago edukitzea, gizakiak gara, denok dugu egoa. Baina momentu honetan, lehentasuna ematen diogu nahi duguna egin ahal izateari. Norberaren buruarekin zintzoa izatea da garrantzitsuena.
“Bizitzako arlo guztietan bezala, ilusioa da mugiarazten gaituena”
Esperientziarik ez zaizue falta, bederen.
Esperientzia bai, baina ilusioa ere, ikaragarria daukagu. Bizitzako arlo guztietan bezala, hori da mugiarazten gaituena. Beste batzuk korrika egitera joaten dira, Behobia-Donostia egitearen ilusioarekin. Gure ilusioa musika da.
Oso gazte hasi zinen musikan, bertako talde txikietan. 21 urterekin, ordea, Joxe Ripiaun hasi zinen. Nola sortu zitzaizun aukera?
Ni bateria ikaslea nintzen Irungo kontserbatorioan. Ikasturte amaieran, sanmartzialetarako, saio txiki bat prestatzen genuen. Iñigo Muguruza etorri zitzaidan horietako batean, Joxe Ripiauren proiektuari buruz hitz egiten. Parte hartzeko gonbidapena luzatu zidan.
Nik orduan ez nuen inolako harremanik euskal munduarekin. Kortatu eta Negu Gorriak ezagutzen nituen, baina ez nituen jarraitzen. Pentsa zenbat kontaktu edukiko zituen Iñigok orduan. Baina tira, horrelakoa da bizitza.
Zer duzu gogoan, bereziki, garai hartatik?
Jendea, zalantzarik gabe. Bizitzako epe zail baten amaieran harrapatu ninduen, eta asko lagundu zidan inguruan eduki nuen jendeak. Gainera, dena zor diet, ate guztiak ireki zizkidatelako musikaren munduan.
Bateria jotzailea zinen orduan, baina Esne Beltzan, abestera pasa zinen. Nolatan?
Xabi Solanok esan zidan Iban Zugarramurdirekin hitz egin zuela, Esne Beltzan bateria jotzeko. Artista da Zugarramurdi, maila ikaragarria du. Horregatik, Solanok proposatu zidan abesten jartzea, eta animatu nintzen. Gaur egun eroso ari naiz abesten. Adinak konfiantza eman dit, nire beldurrak gainditu ditut.