Nahasgarri gerta daiteke Berritzegune izena. Irakaskuntzan ari direnek, ordea, ongi aski dakite hezkuntzaren berrikuntzari egiten diola erreferentzia. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen zentroak dira Berritzeguneak, ikastetxeei laguntza eskaintzeko helburuarekin sortuak. Kale Nagusian dago Irungoa, eta Behe Bidasoko eta Oarsoaldeko eskolen beharrei erantzuten die. Pedro Roa legazpiarrak hamar urte daramatza zuzendaritzan.
– Hezkuntzak ere berrikuntza behar al du?
Bai, noski. Hori da Berritzeguneen lana, irakasleei eta ikastetxeei laguntzea beren prestakuntza eta berrikuntza proiektuetan. Horrekin lotuta, praktikan oinarritutako ikerketak ere aurrera eramaten ditugu.
– Zein da Berritzeguneen antolaketa?
Berritzeguneak zonalak dira. Guk, adibidez, Bidasoko eta Oarsoaldeko ikastetxe guztiekin egiten dugu lan. Berri-tzegune ezberdinen artean koordinatuta gaude eta bilerak izaten ditugu lurraldeka, hilean behin normalean. Hezkuntza Sailak markatzen dituen planak jarraitzen ditugu. Baina ikastetxeen eskaerei ere erantzuten diegu.
– Zer nolako profesionalek egiten dute lan berritzeguneetan?
Batzuk aholkularitza-lanean ari garen irakasleak gara. Gainera, badaude beste profesional ibiltari batzuk: logopedak eta fisioterapeutak. Haiek lan zuzena egiten dute premia bereziak dituzten ikasleekin. Baina ez Osakide-tzaren moduan, eskolako behar espezifikoei erantzunez baizik. Edozein eskaeraren aurrean ikastetxeetara hurbiltzen gara, ikasleekin zuzenean lan egitera.
– Zein gai jorratzen dituzue irakasleei zuzendutako mintegietan eta jardunaldietan?
Badaude batzuk klasikoak direnak: informatika eta teknologia berrien ingurukoa (IKT), edo euskararen normalkuntzarena, adibidez. Beste batzuk momentuaren arabera aldatzen dira. Aurten “Golden 5” dinamika landu dugu, klaseko giroa eta elkarbizitza hobetzeko asmoz. Sevillako Unibertsitateak garatu duen programa bat da, eta interesgarria iruditu zitzaigun.
– Nork erabakitzen du zein irakaslek parte hartuko duen mintegi bakoitzean?
Kontuan hartu behar da mintegiak eskolako orduetan egiten direla, beraz, ezin direla milaka irakasle etorri. Hori dela eta, ikastetxeei urterako plangintza bat eskaintzen diegu, irakasleek izena eman dezaten. Dena den, garran-tzitsua da azpimarratzea irakaslea ikastetxearen izenean etortzen dela, eta hemen landutakoa bertara eraman beharko duela, lankideen artean zabaltzeko asmoz. Hori da mintegiaren ideia. Gero, egia da irakaskuntza ordutegitik kanpo beste hainbat ekintza antolatzen ditugula. Jardunaldi Pedagogikoak, esate baterako.
– Baina ikastetxeetara ere hurbiltzen zarete aholkularitza- eta prestakuntza-lana egitera.
Noski. Ikastetxeek beren plana antolatzen dute urtero. Horretarako, laguntza eska diezagukete. Kasu horietan, ikastetxera hurbildu eta irakasleekin saio batzuk egiten ditugu, ikaslerik gabeko orduetan.
– Zeintzuk dira hezkuntzak dituen erronka nagusiak?
Gizarte txiki bat da eskola. Esate baterako, duela hogei urtekoekin konparatuta, gaur egungo ikastetxeetan aniztasuna askoz handiagoa da. Horregatik, klaseko metodologia aldatu beharra dugu. Ikasketa praktikoagoa eta kooperatiboagoa garatu behar dugu. Edo ez hain lehiakorra eta teorikoa. Inklusibitatea eta hezkidetza ere landu behar ditugu. Azken finean, gizartean bizitzeko entrenatu behar ditugu ikasleak.