2018 urtarrileko hilabetearen inguruan martxan jarri zen Txingudiko Pentsionisten Mugimendua. Urtebeteko borroka nekaezinaren ostean, aurrerapauso txiki batzuk lortu dituzte, abiapuntuko %0,25 kaxkarretik aldentzeko. Hala ere, gobernuaren jarrera ikusita, helburu nagusiaren lorpena oraindik urrutiegi ikusten badute ere, etorkizunean mobilizazioei eusteko asmo irmoa erakutsi dute.
Astelehenero eguerdiko 12:00etan elkarretaratzeak antolatzen ditu Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak Irungo San Juan plazan. Batzuetan elkarretaratzea antolatzen dute soilik. Besteetan, pentsio duinak erreklamatzen dituen pankarta hartu eta hiriko kaleetan zehar manifestazioa antolatzen dute, haien eta haien ondorengoen etorkizunaren alde borrokatzeko.
Pentsionisten mugimenduaren helburu nagusia lege betekizuna eskatzea da; hau da, gobernuak pentsio duin batzuk bermatzea. Hori bete ahal izateko, pentsioen kopurua Kontsumorako Prezioen Indizearekin uztarturik egotea ezinbestekoa da, igoera proportzionala izan dadin. Orain arteko borrokari esker, aurtengo pentsioak KPIarekin batera igoaraztea lortu da. Hortaz gain, gizon eta emakumeen pentsioen berdinketa helburutzat dute ere.
Hortaz gain, agintean dauden politikarien agendan pentsioen gaia txertatzea lortu da eta horrek ezinbesteko garrantzia du etorkizunean lorpen berriak eskuratu ahal izateko. Etorkizun urrunari begira, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea bilatzen dute pentsionistek, beti ere, gutxieneko soldata baino kopuru altuagoa irabazteko asmorik gabe.
Bilboko pentsionisten mugimenduak indar berezi duen arren, Barakaldo, Donostia edo Irun bezalako hirietan mobilizazioak oso jendetsuak izan ohi dira ere. Hain zuzen ere, hiriburuetako mobilizazioez gain, hiri eta herri ezberdinetan mobilizazioei eustea garrantzitsua da gobernuari presio gehiago eragiteko. Gauzak horrela, pentsionistek elkarretaratzeak aste batetik betera errepikatzen dituzte, euriari aurre egiteko aterkiarekin kalera irtetea beharrezkoa bada ere.
Garai berrietara egokituz
Txingudiko Pentsionisten Mugimenduaren sorreran eta garapenean berebiziko garrantzia izan dute sare sozialek. Izan ere, Facebook bezalako plataformetan mugimenduak zabalik daukan kontuaren bitartez astelehenero errepikatzen diren mobilizazioak konbokatzen dira edo joan den asteetan egindako mobilizazioen balorazioa egiten da. Gainera, sare sozialen bitartez orrialdeak zenbat jarraitzaile dauzkan kontabilizatzeko aukera dute. Hortaz gain, argazki eta bideoen bitartez, mugimenduaren lorpen eta helburuen berri emateko aukera paregabea eskaintzen dute sare sozialek.
Jende gaztearen inplikazioa
Mugimendua abiatu zenetik, geroz eta jende gehiago hurbiltzen da astelehenetako mobilizazioetara. Jende gaztearen presentzia, ordea, eskasagoa izan ohi da, izan ere, lana edo ikasketa ordutegiak direla medio, ezinezkoa zaie bertan agertzea. Hala ere, larunbat arratsaldeetan elkarretaratzeak burutzen dira Donostian, langile eta ikasleek mugimenduarekin bat egiteko aukera izan dezaten. Pentsionistek ezinbestekoa ikusten dute jende gazteak ere haien borrokarekiko babesa erakustea, etorkizunean egungo gazteak izango direlako borroka honen onuradunak.
Coro Gonzalez eta Gregorio Gallo:
San Juan plazan astelehenero elkarretaratzeak antolatzea primerakoa iruditzen zaigu eta manifestazio horiek egitea guztiz beharrezkoa dela uste dugu. Izan ere, horrelakoak antolatu ezean, gizartea lo gelditu eta ezinezkoa izango da ezer lortzea. Horretarako politikariak baino gehiago mugitzea lortu behar dugu. Duela urte betetik astelehenero etorri ohi gara eta, helburu nagusia oraindik urruti dugun arren, lorpen gehiago eskuratzeko borrokatzen jarraitzeko asmoa dugu.
Ester Lopez:
Astelehenero elkarretaratze hauetara hurbiltzeko ohitura dut eta Txingudiko Pentsionisten Elkarteak aurrera daraman mugimendua oso garrantzitsua da nire ustez. Mobilizazio hauen bitartez pentsionistak garenei pentsioak gehiago igotzea gustatuko litzaidake. Egia da astelehenetan jende asko elkartzen garela, baina, jende gazteak babesa erakustea beharrezkoa da ere. Nik seme gazteak dauzkat eta, asteleheneko kontzentrazioetara lanarengatik etortzea ezinezkoa zaien arren, larunbatetan antolatzen direnetara joan daitezen animatzen saiatzen ditut.
Lola Cuesta:
Txingudiko Pentsionisten Mugimendua abiatu zenetik astero etortzen naiz mobilizazio hauetara eta ez dut manifestazio bat bera ere galdu. Senarra ospitalean gaixorik daukat, hortaz, pentsioen kopurua igotzea oso beharrezkoa da nire kasuan aurrera jarraitu ahal izateko. Asko gustatzen zait astelehenero plazan biltzen den jende kopurua ikustea, baina, gazteagoa den jendearen falta sumatzen dut, borroka honek etorkizun hurbilean fruituak eman ditzan.
Sole Aguirre:
Txingudiko Pentsionisten Mugimenduko komisioko kidea naizen aldetik, 10:30etan egiten dugun bileraren ostean, astelehenero etorri ohi naiz elkarretaratzeetara. Irungo mugimendua, inguruko herriekin alderatuta, jende gehien biltzen duen mobilizazioetako bat dela esango nuke. Kontzentrazioetan jende heldua bildu ohi den arren, Irungo institutu bateko ikasleak gurekin harremanetan jarri dira gure mugimenduaren helburuak azaltzea eskatzeko eta oso garrantzitsua da jende gaztea ere gure borrokarekiko inplikazioa erakustea.