Aldatsa Baratza ekologikoaren kideek antolatu zuten Kakusai deituriko agrozozketa pasa den asteburuan. Dirudienez, Baztan aldean eta Sakana aldean ezaguna da agrozozketa mota hori, hau da, herri txikiagoetan da ezaguna; ohikoa omen nekazaritzak oraindik ere presentzia nabarmenagoa duen eskualdeetan. Baina Irunen horrelakorik inoiz ez, eta sorpresa ederra suertatu zitzaigun agrozozketaren ekimena, bizitza kaleko ohituretara eta asfaltura lerratua dugun hiritarroi.
Zozketa honi esker jasotako dirua Aldatsa Baratza sortu zuten irundar taldearentzat zihoan, barazkiak auzolanean eta autokontsumorako laboratzen dituen kooperatibarentzat alegia. Sariak ere apartak ziren. Zozketaren protagonistak, bi zaldi: Pertz eta Donibane.
Bi zaldi hauek kaka egin behar zuten aurretik zatika markatuta zegoen lur sailean zehar, ordu erdiko tartean. Eta, gorotza non, saria han. Sekulako euripean, lur eremua jada marroi-marroia ageri zen, plast-plast txokolate-lokatz, zaldien mokordoak bereiziezinak izango zirelako beldur ginen. Euri jasaren konpainian aritu ziren bi bertsolarien bertsoek animatuta edo, Pertzek aurrena, gero Donibanek bat batekotasun natural-naturalez egin zuten plosta-plosta: bola handi eta lodiak astun erori ziren lur sailera, bereizteko problemarik gabe. Gainera, gerora simaurra ongarri bezala erabili ahalko da beraz, zer gehiago eska ahal zaio zozketa bati?
Pozgarria da oso, baserritarrez gain (geratzen diren bakan horiek), badagoela gizatalde bat behintzat, 21. mende honetan, lurraren garrantziaz jabetu dena, gizakiak landutako lurraren garrantziaz . Etekinak soilik bilatzen ez dituen laborantzaren garrantziaz, laborantza iraunkorraz. Izan ere, ugaltzen hasi dira Euskal Herrian zehar elkarlanean eta autogestioan oinarrituriko baratza ekologiko kooperatibak, beren kontsumorako uztak lortzeko lan egiten dutenak.
Kontuan izanda gaur egun, Irunen bertan, jatekorik ere ez duten hiritarrak existitzen direla eta Irun erdialdeko auzo-elkarte batean astean behin, janaria dohain banatzen hasiak direla, pentsa daiteke gero eta jende gehiagorentzat izango dela irtenbidea elkarlanean aritzea, baratza baten inguruan adibidez, edo beste zerbaiten inguruan. Kontsumitzera heldu ezinagatik, biziraupen hutsagatik, edota kontsumismoaren hatzaparretatik ihes egiteko.
Yurre Ugarte