“Dantzak asko eman dit.
Oso zoriontsua izan naiz taldean”
Pili Murua, Arantza Olaizolarekin batera, lehenengo dantza irakaslea izan zen. Horretan eta antolaketa lanetan 20 urte eman zituen taldearen oinarri nagusietako bat izan zenak. Pili ehunka bidasoarren oroitzapenetan dago.
– Nolatan hasi zinen irakasle lanetan?
1972. urtean Irun-Hondarribiko Ikastola klandestinitatetik atera zenean gurasoek ekintzak antolatzeari ekin zioten. Dantza eskolarako, Arantza Olaizolarekin eta biorekin harremanetan jarri ziren. Arantza Irungo Atsegiñaren taldean ibilia zelako, eta ni, Donostiako Oinkarin. Ez nengoen erabat deliberatuta: gaztetatik dantza egin gabe, nola irakatsiko nien haurrei? Azkenean baiezkoa eman nuen.
Boluntario gisa hasi ginen, ikastolako zuzendariak zera esan zigun arte: zuen lanaren truke sosik kobratu ezean, ez zaizue egindakoa estimatuko eta zuek ere gehiago inplikatuko zarete.
– Hasieran zalantza egin zenuen, baina gero harrapatuta geratu zinen.
Arantza eta biok primeran moldatzen ginen; hori guztiz inportantea izan zen. Bestalde, hasiera haietan eskolarteko dantza lehiaketa baten berri izan nuen. Ikustera joan nintzen eta zera pentsatu nuen: “Nire neska-mutilek maila hori badaukate. Zergatik ez dugu parte hartzen?”
Aurreneko urteetatik sariak irabazi genituen, batzuetan ia denak irabazi ere! Gero eta harrapatuagoa nengoen.
– Irakaskuntza lanaren parte bat besterik ez zen. Ordu asko eskatuko zituen
taldeak.
Bai, pentsa emanaldiak prestatu behar zirela, jantziak nolakoak izan behar zuten galdetu eta egin… Gainera, udan Dantza Federakuntzak antolatzen zituen ikastaroetara joan behar genuen arau berriak ikastera. Egia esan, jende askok lan asko egin du taldearen alde.
– Zure oroitzapenen artean zer nabarmenduko zenuke?
Dantzak asko eman dit. Oso zoriontsua izan naiz taldean. Sekula en nuen pen-tsatu taldeak hain historia oparoa izango zuenik!