Pio Baroja institutuak irudi berria du eraikinaren fatxadan, ikastetxeari izena ematen dion idazlea gogoratzeko

Azken hilabeteetan zehar hainbat ekimen egin dira Irunen Pio Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko. Azken egitasmoa gaur eguerdian egin da, Pio Baroja institutuaren sarreran. Oraingo honetan, Irungo Udaleko Kultura arloaren ekimena izan da, institutuko ikasleekin lankidetzan eta Larraitz Ugartemendia artista eta ikastetxeko irakasleak lagunduta. Zehazki, Arte Batxilergoko ikasleek parte-hartu dute proiektuan. Datorren abenduaren 28an, hain zuzen, 150 urte beteko dira Bidasoaldea ezagun egin zuen idazlea jaio zenetik.

Kultura arloak sustatutako proiektuan Pio Baroja Institutuko ikasleek parte hartu dute. Proposamenean ikasleek egindako zirriborroetatik abiatuta, olona handi bat sortu da (8000 x 3900 mm), eta institutuko fatxada batean zabaldu da. Jarduerari oniritzia eman zion ikastetxeko zuzendaritzak, eta urteko programazioaren barruan sartu zuten «Irudia eta Soinua» eta «Adierazpide grafiko-plastikoko teknikak» irakasgaietan. Proiektuak zenbait diziplina ukitzen ditu. Izan ere, alderdi plastikoaz gain, ikus-entzunezkoa, musika edo poesia ere landu dira, besteak beste, olona aurkezteko performancearen parte izan baitira.

Aurrena, ikasleek berek idatzitako lerro batzuk errezitatu dituzte; ondoren, pieza musikal bat jo da eta, azkenik, Pio Barojaren pasarte batzuk irakurri dira.  Ekitaldian izan dira José Antonio Santano, Irungo alkatea, eta Aitor Elexpuru, Berako alkatea. Izan ere, Beran ere Pio Barojaren omenezko ekitaldiak egiten ari dira, herri nafar horrekin ere lotura estua zuen eta idazleak. Ekitaldian izan dira, halaber, Pío Caro-Baroja, idazlearen iloba txikia, institutuko zuzendaria, artista arduraduna eta, noski, ikasleak.

Ekitaldi hau urteurren horren harira Irungo Udalak antolatutako ekimenetako bat baino ez da. Aipatzekoa da CBAn egin zen ekitaldia. Bertan, Pio Barojaren figura eta Irunekin zuen lotura gogora ekarri zituzten Irungo Musika Eskolako eta, hain zuzen, Pio Baroja institutuko ikasleek. Berrikiago, idazleari buruzko hitzaldi bat eskaini zuten Jesús Maraña kazetariak eta Pío Carok, Pío Barojaren iloba txikiak.

Bestalde, 2022 honetan CBAra joaten diren guztiek Pío Barojari Madrilgo Retiro parkean egin zioten argazki bat ikusiko dute, binilo handi batean erreproduzituta. Irudi horretan inspiratua da, hain zuzen, Zabaltza plazan 2006ko urriaren 30ean (idazlearen heriotzaren urteurrenean, hain justu) instalatu zen eskultura.

Liburuaren eguna izan zen beste ospakizun garrantzitsu bat, apirilean. Kixotearen irakurraldi tradizionalari ekin aurretik, Irungo alkateak Pio Barojaren  Zalacaín el aventurero liburuaren pasarte bat irakurri zuen, eta Zabaltza plazako liburu-azokan idazlearen zenbait obra bildu ziren bitrina batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude