Plaiaundi: 50 urte ikasleen prestakuntza sustatzen eta berritzen

Plaiaundiko patioan kokatutako barrakoiak, espezialitateen eta ikasle kopuruaren zabalerari erantzuteko

1973ko urtarrilaren 8an hasi zen Irungo ikasketa zentro honen ibilbidea. Gaur egun Plaiaundi izenez ezagutzen den arren, hori ez zen izan bere hastapenetako izena. Ordutik, ordea, ikastetxeak bere filosofiari tinko eutsi dio: eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabaltzea, beti etorkizuneko erronkei eta aukerei begira. 2023an Plaiaundik bere 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatuko ditu.

Gaur egun Bigarren Hezkuntzako Plaiaundi Institutua izenez ezagutzen denak, Kanpo Merkataritza eta Administrazio Lanbide Heziketako Eskola Ofiziala izenarekin hasi zuen bere ibilbidea. Jesús Valenciak ikastetxearen sorreran parte hartu zuen, eta irakasle gisa hainbat kargu izan ditu institutuan: ikasketaburua, zuzendariordea, zuzendaria eta departamentuko zuzendaria. Valenciak institutu berriaren irekieraz nola jakin zuen kontatu du: “Zentroaren irekieraren berri izan nuen orduko Irungo institutuko zuzendariarengana lan eske joan nintzenean”.  Horrela, Irungo Udalaren eta aduana agentziaren bidez Irunen administrazio-prestakuntza profesionalerako eta kanpo-merkataritzarako zentro berri bat sortuko zela jakin zuen.

Institutuaren hastapenak gogoratuz, Jesús Valenciak adierazi du, “Cuca Arruti izeneko frantses-irakaslea izan ezik, gainerako irakasleak hezkuntza-arloan hutsetik edo oso esperientzia txikia izanda abiatu ginen”.  Hasiera batean ikastetxeak Etxeandia etxean, egungo Musika Eskolan, eman zituen lehen ikasturteko eskolak. Valencia irakasleak azaldu duenez, “lehenengo urtean ikasle gutxi izango genituela esan ziguten arren, adin ezberdinetako 98 ikaslek osatutako klase bat izan nuen”. Zentroa martxan jarri osteko lehen urteetan ikasle kopurua asko hazi zen, eta beraz, ikastetxeak espazio berriak bilatu behar izan zituen. Bigarren urtean Anakako eskoletara  aldatu zen egoitza, 1980. urtean egungo kokapenera iritsi arte, nahiz eta ikasketen eskaintza zabaltzearekin batera, instalakuntzak handitzen joan ziren.

“Esango nuke ikasketa zentroaren hasierako urteak lan arloan nire bizitzako urterik zoriontsuenak izan direla, lan askoko garaia izan bazen ere”

Jesús Valencia, Plaiaundi institutuko zuzendari ohia

Zentroaren premia bati erantzuteko asmoarekin sortu zen: industriaren ordez, zerbitzuen sektorerako ikasketak egin nahi zituzten ikasleei zerbitzua eman ahal izatea. Jesús Valenciak azaldu duenez, “esango nuke ikasketa zentroaren hasierako urteak lan arloan nire bizitzako urterik zoriontsuenak izan direla, lan askoko garaia izan bazen ere”. Gainera, urte gutxitan ikasle kopurua bikoiztu egin zen, eskolak eskualdean izandako arrakastaren erakusle. Pixkanaka, eskainitako ikastaroen gaitegia zabaldu zen eta espezialitate berriak gehitu ziren eskaintzara: haurtzaindegia, osasun-eremuko ikasketak, geriatria edo informatika, besteak beste. Era berean, pixkanaka euskara ere txertatu zen Plaiaundin, zentroaren hasierako urteetan oraindik hizkuntzaren erabilera eta baita aipamena ere guztiz debekatua baitzegoen. Eskaintza handiari erantzun ahal izateko Plaiaundiko patioan 6 barrakoi ipini behar izan ziren, Betharramen mailegatutako gelak erabiltzeaz gain.

Berrikuntzaren sinonimoa

David Urzainki Plaiaundiko zuzendaria izan zen 78 eta 82 urteen artean. Urzainkik gogoratu nahi izan du Paiaundi, urte luzez “La Administrativa” izenez ezagutu zena, beti berrikuntzarekin lotutako ikasketa zentro bat izan dela. Orduko zuzendariak gogora ekarri duenez, “guri egokitu zitzaigun 1970eko legea aplikatzen lehenengoetarikoak izatea, lanbide heziketa LH1 eta LH2 bezala zatitzen zituena”. Irungo zentroan lege berriarekin lan egiten hasi zen bitartean, Gipuzkoako gainerako eskolek 1955. urteko legearekin jarraitu zuten lanean. David Urzainkik aipatu duenez, “Irakaskuntza Ertainen Erreforma ere bizi izan genuen, agian ikasle ohi batzuek REM1 eta REM2 bezala gogoratuko dutena”. Hori LOGSE lege ezagunaren aurretik gertatu zen, eta oraingoan ere, erreformarekin bat egin eta batxilergoa hezkuntza sisteman sartu zen lehen zentroetako bat izan zen gurea. David Urzainkik gogorarazi duenez, “80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran ikasle kopuru handia izan genuen”. Izan ere, ikastetxea 740 ikaslerentzat prestatuta bazegoen ere, 1200 ikasle izatera iritsi ziren.

“Lantokietan prestakuntza eskaini zuen Gipuzkoako lehen eskoletako bat izan ginen”

David Urzainki, Plaiaundi Institutuko zuzendari ohia

Plaiaundi zentroaren ibilbidearen zati handi bat kanpo merkataritzako administrazio eremura bideratuta egon da. David Urzainkik azaldu duenez, eskualdeko enpresek harrera bikaina egin zieten eskolako ikasleei. Zentroko zuzendari izandakoak gaineratu duenez, “lantokietan prestakuntza eskaini zuen Gipuzkoako lehen eskoletako bat izan ginen”, gaur egun prestakuntza duala izenez ezagutzen dena. “Esperientzia pilotua zenez, beste irakasle batzuk gure ikastetxera etorri ziren informazio bila, enpresetako praktikak nola antolatzen genituen ikusteko” gehitu du Jesús Valenciak.

Gaurkotasunari begirada bat

Santiago Rodrigo Plaiaundi institutuko egungo zuzendaria da eta 50. urteurrena ospatu ahal izatearen garrantzia azpimarratu du. Gaur egun ikastetxean arlo askotako ikasketa motak eskaintzen dira, nahiz eta beti egon den lanbide heziketan oinarrituta. “50 urte daramatzagu, garai berrietara egokitzen jakin dugulako”, azaldu du Rodrigo zuzendariak. Bere irekieratik ikastetxeak lanbide heziketako zikloen funtsari eusten jakin du, eta gaur egun plazen okupazioa % 90-95 baino handiagoa da beti. “Ildo horretan, etorkizunean hazten jarraitzea espero dugu, eskainitako plaza eta ziklo kopurua handituz”, gaineratu du egungo zuzendariak.

“50 urte daramatzagu, garai berrietara egokitzen jakin dugulako”

Santiago Rodrigo, Plaiaundi Institutuko egungo zuzendaria

Plaiaundi bereizten duten arrazoiez galdetuta, Santiago Rodrigok adierazi du ezinbestekoa dela eskualdeko beharretara hurbiltzen saiatzea. Zuzendariak azaldu duenez, “asko eskatzen diren eta enplegagarritasun handia duten zikloen eskaintza dugu, eta, horri esker, ikasten jarraitu nahi ez dutenak lan aukera batekin atera daitezke”. Beraz, emaitzek erakusten dute Plaiaundiren eskaintza bat datorrela Bidasoaren enplegu eskaerarekin.

Hala ere, eskualdekoa den ikasleriaz gain, Plaiaundik urrutiagotik datozen ikasleak ere jasotzen ditu. Hain zuzen ere, Santiago Rodrigoren hitzetan, Irunek harreman zabala izan du beti Hendaiarekin edo Bortziriekin, eta hori ikasleengan ere islatu da. Betidanik ikastetxeak Gipuzkoako beste eskualde batzuetako ikasleak ere jaso izan ditu, non prestakuntza-eskaintza ez den hemen bezain zabala izan. “Oarsoaldeko eta Donostialdeko ikasle asko ditugu LHko zikloetan ere”, nabarmendu du zuzendariak.

Etorkizunari begira, Plaiaundi Institutuko egungo zuzendariak uste du erronka handienak etengabe aldatzen ari den gizarte batera egokitzeko gaitasunarekin lotuta daudela. Hala, gaineratu du, “etorkizunean ere azpiegiturak eta hezkuntza ereduak azkar egokitzeko gai izaten jarraitu behar dugu”. Horrek guztiak eguneratze teknologikoa eskatzen du, baina irakasleen egokitzapenarekin ere osatzen dute, gizartearen eskaerei erantzun ahal izateko.

50. urteurrena

Plaiaundi Institutuaren 25. urteurreneko irudia. (Iturria: Plaiaundi Institutuaren webgunea)

Plaiaundi institutuak bere 50. urteurrena ospatu nahi du 2022/2023 ikasturtea amaitu baino lehen. Horretarako, ikasturtean zehar hainbat jarduera egingo dira. Ospakizunetan ikastetxeko ikasle eta langile ohiek eta gaur egungoek parte hartzea espero da. Zuzendariak azaldu duenez, “ospakizun ekitaldien bidez, bere bizitzako etaparen batean hemendik igaro direnak zentrora hurbildu nahi ditugu berriro”. Horrela, ikasle eta irakasle ohiak ikastetxera itzultzea da asmoa, eta ikasi edo lan egin zuten edo, are gehiago, ezagutu ez zituzten ikasgeletara bueltatzea lortu nahi da. “Bisita horien bidez, uste dugu bat baino gehiago harritu egingo dela dena nola aldatu den ikusita”, adierazi du zuzendariak. Era berean, gustatuko litzaieke 50. urteurrenak elkarren arteko harremana galdu duten promozioak hurbiltzeko eta berriro elkartzeko balio izatea.

Ospakizun ekitaldiez gain, ikastetxearen webgunearen bidez, ikastetxeko ikasleek eta langileek partekatu nahi dituzten argazkiak eta anekdotak bilduko dira. “50. urteurrenak bizipenak biltzeko eta pertsonak batzeko balio dezakeela uste dugu, batez ere ahaztuta gera ez daitezen”, adierazi du Santiago Rodrigo zuzendariak. Horretarako, atal bat sortu da Plaiaundi Institutuko webgunean eta urteurrena ospatzeko ekitaldien amaieran sortuko den bilduman jasoko dira ekarpenak.

Gainera, aurreikusita dago ekitaldi ofizial bat antolatzea 50. urteurrena ospatzeko. Ekitaldia ikasturte amaieran izango da, maiatzeko lehen asteetan ziurrenik. Beraientzat bazkari bat antolatuko da eta bertan parte hartu nahi duten eta Plaiaundiren parte diren pertsona guztiak egongo dira gonbidatuta. Egitasmo horien bidez, Plaiaundik etorkizunari begiratzen dio hazten eta hurbiltasuna transmititzen jarraitzeko gogoz, orain arte egin duen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude