Plaiaundi Institutuko 80 ikaslek hartu dute parte “Laguntza gutunak” egitasmoaren aurtengo edizioan. Guztira, 52 gutun idatzi dituzte, Itziar Sistiaga idazle irundarraren laguntzarekin. Gutun horiek eta horiei dagozkien audioak hiriko adinekoei bidaliko zaizkie euskaraz zein gaztelaniaz, nahi gabeko bakardade egoera arintzeko.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizate arloko ordezkaria eta Itziar Sistiaga idazlea Plaiaundi Institutuan izan dira gaur egitasmoaren berri emateko. Idazleak bi idazketa-tailer eman ditu Plaiaundi Institutuan, ikasleen parte-hartzea motibatzeko. Goi-mailako zikloetako ikasleak dira, besteak beste, gizarteratze ziklokoak, haur-hezkuntzakoak,… Gutun horiek 2025. urte honetan etxeetara eta adinekoen egoitzetara bidaltzeko idatzi dituzte.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizate arloko ordezkariak nabarmendu duenez, “positiboa da horrelako jarduerak egitea gure adinekoengandik gertu egoteko”. Iguiñizek azaldu duenez, nahi gabeko bakardade-egoeran dauden pertsona horiei laguntzeko modua da, gutunak bidaliz horiek distraitu eta une horietan lagunduta senti daitezen. Iguiñizek gaineratu duenez, “familia- edo gizarte-sarerik ez duten pertsonak bakarrik senti daitezke, eta gure lana haiengandik gertu egotea da. Ikasleei esker, lotura emozional sendo bat sortzen dugu gazte eta nagusien artean”.
Proiektu doakoa da, eta hartzaileak, batez ere, adineko pertsonak dira, nahiz eta herritar oro ere izan daitekeen. Horrela, gutunak eta haien audioak www.irun.org helbidean ere irakurri edo entzun nahi dituenaren eskura daude.
Gainera, laguntzagutunak@irun.org posta elektronikoaren bidez eska daiteke laguntza-gutunen zerbitzua. Laguntza-gutunak jasotzen dituztenek, nahi izanez gero, erantzuna bidali ahal izango dute helbide horretara. Erantzun horiek gutunak idatzi dituzten pertsonei bidaliko zaizkie, idazketaren bidez harremana sustatzeko.
Bakardadea arintzeko gutunak
‘Laguntza-gutunak’ proiektua 2020an sortu zen, Covid-19ak eragindako pandemia garaian, Irungo Udaleko Adinekoen Zerbitzuaren eta Itziar Sistiaga idazle eta idazketa-irakasle irundarraren eskutik. Gizarte- eta familia-sare urria duten pertsonen zerrenda bat eratu zen, elikagaiak helarazteko eta beste behar batzuk asetzeko, hala nola entzuteko eta laguntzeko beharra. Horrela, ikusi zen haiekin egon beharra zegoela, eta bide bat zen edozein adinetako pertsonek, eta baita munduko edozein lekutakoek ere, istorioak kontatzea.
Itziar Sistiaga idazleak hainbat idazle mobilizatu zituen, berak ematen zituen idazketa-tailerren bidez eta sare sozialen bidez, gutunak idatz zitzaten. Forma eman ondoren, Udaleko Gizarte Ongizate arloak astero bidaltzen zuen pertsona horien etxera, baita posta bidez ere egoitzetara, adinekoen zentro sozialetara, elkarteetara eta abarretara.



