Pombar zapata-dendaren salmahairen atzetik hiru belaunaldi igaro dira. Inma Ariztiak bere senarrarekin batera hartu zuen dendaren lekukoa bere garaian eta Oscarrek, semak, jada 20 urte egin ditu dendan lanean. 1940. urtetik kalitateko oinetakoak eta alpargatak eta abarkak saltzeagatik ezaguna egin den denda hau laster izango da iraganaren parte.
Inma Ariztiak azaldu duenez, denda bere senarraren aitak ireki zuen 1940ko urtarrilaren 1ean. Gerora, bere hiru semeen eskuetara pasa zen, horien artean gazteena bere senarra zelarik. Semeetako bat hil eta bestea jubilatu ostean, Inma eta bere senarra jarri ziren Pombar dendaren salmahairen atzean. Oscar Pombar semearen begi eta eskuek betidanik ezagutu dute denda, egungo dendaren lur berean ibili baitzen katuka.
Amak, Inma Ariztiak, onartu duenez, bidean zoritxarraren parean laguntza asko ere jaso dute dendarekin aurrera egin ahal izateko, batez ere, senarrarekin ospitalean egindako egonaldi luzean zehar eta horren ostean. “Jubilatu zen koinatuak asko lagundu zidan eta semeak ere asko ikasi zuen beregandik dendan lagundu ahal izateko”, gogoratu du Ariztiak. Senarra gaixotu eta hil ostean, Inma eta Oscar, ama eta semea, arduratu dira zapata-denda aurtengo itxierara arte zabalik mantentzeaz.
Garai zailetan alboan izan zituzten komertzialentzako ere esker hitzak izan ditu Inma Ariztiak, urte luzeak eman dituztelako zapata fabrika berberekin lanean. “Urteen poderioz harreman hurbila sortzen duzu beraiekin, arazoak dituzunean laguntzen dizute eta erosi beharreko produktuen edo kantitateen inguruko aholkuak ematen dizkizute”, azaldu du Ariztiak. Pombar zapata-dendan hurbileko zapata ekoizleekin lan egin izan dute orain arte, asko jota Errioxa eta Elxeko enpresekin. Ariztiaren hitzetan, “kalitateko produktuak saltzearen aldeko apustua egin dugu beti”. Hortaz, modetatik aparte, kalitateari jarraitu dion denda izan da Pombar.
“Urte asko eman ditugu bizitza dendaren ikuspuntu honetatik ikusten”
Inma Ariztia, Pombar zapata-dendako dendaria
Zapata eskaintza zabalaz gain, irundarrek Pombar dendari estimu berezia diote, askok alpargaten salmenta puntuarekin eta hiriko jaiekin lotzen baitute. Oscarrek azaldu duenez, “ekaina hasieratik jendea zoriontsuago hurbiltzen da dendara, hiriko jaiak gerturatzen direnaren seinale”. Aurten gainera, dendaren itxiera dela eta, azken alpargata eta abarkak erdi prezioan salduko dituzte, dendako gainontzeko artikuluen antzera. Aurtengo San Pedro Eguna hunkigarria bezain tristea izan da, amak eta semeak elkarrekin negar egin baitzuten jakinik hori izango zela ekainaren 29a lanean hain modu berezi eta kaotikoan biziko zuten azken aldia.
Eskaintzaren antzera, Pombar dendaren bezero mota ere nahiko berezia da. Inma Ariztiak azaldu duenez, batez ere, bezeroen artean adineko pertsonak nabarmentzen dira, horien artean bizirik irauten baitu oraindik erosketak auzoko dendetan egiteko ohiturak. Beraz, jendea kalitatearen bila hurbildu izan da Pombarrera, nahiz eta prezioa apur bat altuagoa izan, bezeroek emaitzan alde handia nabaritu dutelako. Izan ere, sartzaileak baino gehiago ere izan dira, Ariztiak azaldu duenez, tarteka konfesionario eta piskologo lanak egin dituzte eta. “Bereziki adineko jendeak asko eskertzen du bere istorioak eta kezkak entzutea”, adierazi du Inma Ariztiak. Oscar Pombarrek azaldu duenez, “dendari jatorrak izaten ahalegindu gara eta inoiz ez dugu inor engainatu nahi izan; horrela irabazi dugu bezeroen konfiantza”. Inmari eta Oscarri hitzak falta zaizkie bezeroek urte hauetan guztietan emandako babesa eta berotasuna eskertzeko.
Bizitza osoko lana
Pena da denda honetako pertsiana betiko jaisteko gero eta egun gutxiago falta direnean nagusitzen den sentimendua. Inma Ariztiaren hitzetan, “urte asko eman ditugu bizitza dendaren ikuspuntu honetatik ikusten”. Atsekabea partekatua da behintzat, bezeroek horixe adierazi dietenez, asko izan baitira dendara eskerrak ematera eta agur esatera hurbildu direnak. Inma Ariztiak azaldu duenez, “batzuei negar malkoak ere atera zaizkie”.
Dendaren egutegian gorriz markatutako beste data berezi bat San Ramon Eguna da, Kale Nagusiko jaieguna, eta aurtengoa are bereziagoa izan da. Alpargata jaurtiketan omenaldia egin zitzaien dendariei, Inmaren senarrak asmatu baitzuen alpargata jaurtiketaren kontua eta albistea hedabideetan askotan azaldu zen. Inma Ariztiak azaldu duenez, albisteak sekulako oihartzuna izan zuen eta jendeak denda abuztuaren 31n itxiko zela pentsatu zuen. Hori dela eta, abuztuko azken egunetan jende mordoa hurbildu zen dendara agurtzera eta ilara kaleraino ateratzen zen, Sanmartzialetan bezala. “Jendea lasai egon daiteke, gu hemen egon ez arren, alpargata jaurtiketaren txapelketak aurrera jarraituko duelako”, gaineratu du Inma Ariztiak.
Ez dira betiko garai onenak
Gaur egungo egoera jasangaitza da denda ixteko arrazoietako bat. “Niri jubilatzeko ordua iritsi zait eta semeak beste lan bat bilatu beharko du, gauzak dauden moduan ez baitira garai onak denda bat irekitzeko”, adierazi du Inmak. Oscar amaren hitzekin ados agertu da, zera adieraziz: “etorkizuna ezinezko bihurtzen ari da kaleko denda txikientzat” eta atsekabetuta agertu da Irun lotarako hiri soila bihurtu daitekeela jakinda. Oscar zorioneko sentitzen da, Interneten erraztasunak izan ez arren, lan egiteko beste modu bat ezagutu duelako: “garai hartan herri bat ginen, baina orain hiri bat gara”.
Izan ere, gaur egun merkatariek ezagutzen dutenak zerikusi gutxi dauka Pombar dendaren irekierako garaiarekin. “Dendan lanean hasi nintzenean asko saltzen zela gogoratzen dut”, adierazi du Inma Ariztiak. Pandemiaren ostean kontsumo ohiturak zeharo aldatu direla azaldu dute Pombarreko dendariek. Pandemia aurretik arratsaldetan gehiago saltzen zen eta orain, berriz, goizetan egin dute salmentek gora. Oscar Pombarren hitzetan, egungo erosketetan “berotasuna” galdu da, harreman hurbilik gabe, gazteak erakusmahai aurrean galtzen direlako eta internet bidez orga betetzeko hobeto moldatzen direlako. Ohituraz gain, zenbaitek lotsa ere galdu dutela azaltzen du Inma Ariztiak: “dendan zapatak probatu eta ia zure begien parean zapaten erreferentziak kopiatzen dituzte, gero internet bidez etxean erosteko”.
Amaieraren mamua
Inma Ariztiak ez du imajinatu nahi nolakoa izango den dendako atea betirako ixteko unea, izan ere, ez da erraza izan dendaren itxierarako data aukeratzea. Oscarren hitzetan, “denda irekitzeko giltza ez dugun eguna iristen denean oso arraroa izango da”. 2023ko urtearen amaierarekin “Calzados Pombar” Irungo historiaren parte izatera pasako da. Denda itxi ostean, biltegia husteko lan handia egin beharko dute, urteetan saldu gabe bertan geratu diren oinetakoak eta alpargatak baitituzte. Oscar Pombarrek azaldu du denda abenduaren 30ean itxiko dela irekieratik 84 urte borobilak betetzeko, izan ere, inoiz ez delako une egokia denda bat betirako ixteko.
“Denda irekitzeko giltza ez dugun eguna iristen denean oso arraroa izango da”
Oscar Pombar, Pombar zapata-dendako dendaria
2023ko abenduaren 30ean Pombar zapata-dendaren argiak itzali eta atea itxiko da. Hala ere, dendaren apalategietan saldu gabeko zapatez gain oroitzapenak pilatuko dira. Bezeroek berriz, beren oinetan kalitateaz gain, familia honek urte luzez eskainitako goxotasuna jantziko dute zolak iraun bitartean. Baina, batez ere, urte asko igaro beharko dira Irungo Kale Nagusiko 9. zenbakian bezero eta merkatarien artean hain harreman hurbil eta estua sortzen den lekua berriro pizteko, baldin eta egunen batean berriro halakorik gertatzen bada.