Portzelanazko ondarea

Industria, Artea eta Memoria” erakusketa eskaini dio Oiasso Museoak Porcelanas Bidasoari

Oiasso Museoaren parean elkarretaratu ziren Porcelanas Bidasoa fabrikako langileak, 2009ko uztailan. Lantegiko ateak ixteko zorian zegoen enpresa, eta 47 behargin langabeziaren atarian zeuden. “Irun hiriaren antzinako historia dago Oiasson. Ondo dago iragan hori berreskuratzea, baina historia garaikideari eustea ere bai”, adierazi zuen orduan ELA sindikatuko Xabi Perezek. Porcelanas Bidasoak ez zuen bizirik iraun, baina zazpi urte beranduago, haren memoriari lekua egin dio Oiassok. Irungo enpresa historikoari buruzko erakusketa hartu du. Martxoaren 5era arte ikus daiteke.

2011n, Porcelanas Bidasoa lantegiaren eraikina eraitsi zuten, haren omeneko izena daraman urbanizazioa eraikitzeko. Fabrikaren azken egunetan, enpresaren amaierako argazkiak ateratzeko aukera pribilegiatua eduki zuen Karlos Olivé argazkilari irundarrak. Berea izan da, hain zuzen ere, Oiasso Museoan ikus daitekeen erakusketa antolatzeko ekimena, eta Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanak egin du posible. Izan ere, Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Higigarriaren zentroan zeuden erakusketako pieza gehienak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa da Gordailua, baina Irunen bertan dago, Auzolan kalean.

Erromanizazioaren garaiari eskainitako museoa da Oiasso. Alabaina, noizean behin, bestelako erakusketak ere hartzen ditu. “Arkeologiarekin edo Irungo ondarearekin harremana duten gaiek lekua dute museoan”, argitu du Pía Alkain Oiasso Museoko zuzendariak. Gainera, Porcelanas Bidasoari buruzko erakusketak antzinako Erromaren garaiarekin bestelako lotura bat ere baduela zehaztu du Alkainek: “Zeramikazko pieza asko ditugu museoan. Eta zeramika, portzelanaren aurrekaria da”. Bestalde, bitxikeria bada ere, aipatzekoa da Porcelanas Bidasoa markaren logotipoak ereinotz koroa zuela. Sari gisa erabiltzen ziren halako koroak antzinako Grazian eta Erroman.

Karlos Olivéren argazki dramatikoek ematen diote hasiera erakusketari, Oiasso Museoko beheko solairuan. Amaieraren irudietatik, jauzi handi bat egin eta oinarrira jotzen du erakusketak. Areto berean, portzelanazko piezen sortze prozesu osoa baitago azalduta. Goiko solairuan, Bidasoan sortutako pieza artistikoak ikus daitezke, batez ere. Deigarria da Pablo Picassoren edo Salvador Dalíren mailako artistek egindako kolaborazioak daudela. Horiek, enpresak estatu mailan eta nazioartean izan zuen oihartzunaren proba direla adierazi du Alkainek. Beste zenbait adibide ere eman ditu: “Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldariek Bidasoako baxerak erabili izan dituzte haien jatetxeetan”.

Artisten eskola izan zen Bidasoa

Dena den, bertako artisauek sortutako piezak ere badira erakusketan. “Ezkutuko artista pila baten eskola izan zen Bidasoa”, gogorarazi du Alkainek. Bidasoako langileek egindako hainbat pieza, apaingarri gisa saldu ziren garai batean. Gaur egun, ordea, artelantzat har daitezkeela zehaztu du Alkainek: “Asko aldatu dira modak. Etxea apaintzeko geneuzkan objektuak, erakusketa batean egon daitezke orain”. Conchita Lacak, adibidez, atal berezia du erakusketan. 1952tik aurrera aritu zen Bidasoan, eta loreen itxurako pieza berezietan espezializatu zen. “Ez ziren saltzen. Prestigiozko objektuak ziren, enpresak opari gisa ematen zituenak”, zehaztu du Lacak.

Emakume asko aritu zen Porcelanas Bidasoan lanean. Chocolates Elgorriagak bezala, eskualdeko emakumeei lan egiteko aukera eman izana txalotu du Alkainek. Oiassoko zuzendariak gertutik ezagutu ahal izan zuen lantegia, bere aitak bertan lan egin zuelako. Gainera, denda zuten familian, eta Bidasoako piezak saltzen zituzten. Pía Alkain bera aritu zen horretan, ikasle garaian. Bezero asko urrutitik etortzen zirela azaldu du: “Turisten ohitura zen, adibidez, eta jende famatua ere maiz hurbiltzen zen”.

Porcelanas Bidasoaren alde artistikoan jarri du arreta Oiassoko erakusketak. Hala ere, enpresaren arrakastaren atzean beste ezaugarri bat dagoela uste du Alkainek: “Maila eta prezio ezberdinetako produktuekin, denentzako aukerak eskaintzen zituen. Horregatik zegoen gizartean hain zabalduta”. Izan ere, hainbat eta hainbat etxetan daude, oraindik, Porcelanas Bidasoako baxerak, eta bestelako piezak. Hori kontuan hartuta, Museoa denon artean ekimena antolatu dute Oiasson, jendearen ekarpenekin erakusketa osatzeko asmoz. “Erakusketa martxan jarri, eta jendea hurbilduz edo deika hasi zitzaigun, etxean dituen piezen berri emateko”, argitu du Pía Alkainek.

Porcelanas Bidasoaren gainbehera eta amaiera

1935ean sortu zen Porcelanas Bidasoa, eta bilakaera etengabea izan zuen hurrengo hamarkadetan zehar. 1980koan, ordea, gainbehera hasi zen. Arrazoien artean, sektoreko konpetentzia handia azpimarratu du Pía Alkainek, eta modaren aldaketa ere bai: “Gaur egun, nork erosten du portzelanazko baxera osoa?”. 2006an, akordioa sinatu zuten enpresako zuzendaritzak eta Irungo Udalak. Lantegiaren lursaila eskuratuko zuen udalak, etxebizitzak eraikitzeko helburuarekin. Trukean, zorra kitatu ahal izango zuen enpresak. Momentu hartako 116 lanpostuak mantentzeko baldintza jarri zioten zuzendaritzari. Baina ez zuen bete, hurrengo urtean, erregulazio espediente batek 60 langile kale gorrian utzi zituelako.

2009an itxi zuten enpresa, 15 milioi euroko zorrarekin. Langile helduenei erretiroa eman zieten, baina beste asko langabezian geratu ziren. “Gehien sufritu zutenak 40-50 adin tartekoak izan ziren. Bizitza osoa zeramaten Bidasoan lanean”, azaldu du Pía Alkainek. 1990eko hamarkadako itxiera traumatikoen ondoren (aduanak, Elgorriaga, Palmera etab.), hiriaren aro baten amaieraren azken pasarteetako bat izan zen Porcelanas Bidasoaren itxiera.

Erakusketaren fitxa teknikoa:

Argazkiak: Karlos Olivé.

Testuak: Javier Sagarzazu.

Argazki historikoak: José Mari Castilloren eta Miguel Salaberriaren artxiboak.

Produkzioa: Oiasso Museoa.

Diseinu grafikoa: K6 Gestio Kulturala.

Ordutegia:

Asteartetik ostegunera, eta igandeetan: 10:00-14:00.

Ostiraletan eta larunbatetan: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Bisita gidatuak larunbatetan, 12:00etan (izena emateko: 943 63 93 53).

Bi hilabete daramatza Pía Alkainek Oiasso Museoko zuzendaritzan. 46 urteko hondarribiarra da. Historia ikasketak egin zituen, eta Arkeologian espezializatua da. Mertxe Urteaga ordezkatu du, arkeologia teknikaria izango baita zuzendari ohia, Gipuzkoako Foru Aldundian. Alkainek ondo ezagutzen du Oiasso Museoa, Arkeolanen lanean aritu baita, museoak ateak ireki baino lehenago ere.
Egokitu al zara betebehar berrietara?

Lana ez da berdina. Nik ikerketa arkeologikoa egin izan dut, batez ere. Museoko jarduera ikerketa horiek zabaltzea da, baina kudeaketa lan handia ere badago. Esperientzia guztietatik ikasten da zerbait, eta gogoz hartu dut erronka.

Hamar urte bete ditu museoak iaz. Zein helburu duzue datozen urteetarako?

Nagusia, termak ireki ahal izatea. Museoaren atzean daude, estalita, eta izugarri politak dira. Euskal Herrian halako aztarnategi gutxi daude. Baina gainera, berau museoan bertan ikusi ahal izatea, berdingabea da. Oso tandem ona egingo lukete.

Zer falta da termak zabalik ikusi ahal izateko?

Dirua. Momentu txarrean iritsi zen aurkikuntza. Kulturan murrizketa handiak egin dira azken urteotan, eta erakundeek ezin izan dute halako inbertsio bat aurrera eraman. Espero dugu datozen urteetan erakundeak elkarlanean aritzea, proiektua errealitate bihurtu ahal izateko.

Gainerakoan, aldaketaren bat aurreikusten duzu?

Gauzek ondo funtzionatzen dutenean, hobe gehiegi ez aldatu. Programazio zabala dugu, eta hitzordu batzuk oso egonkortuta daude: FICAB arkeologia zinemaldia, Dies Oiassonis erromatar jaialdia etab. Udan, turismoa erakartzeko, erakusketa bereziren bat lortzen saiatuko gara. Bestalde, erakundeekin eta beste museoekin harremanetan jartzea eta lankidetzak sortzea da eginbeharretako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude