Praktikarako urratsa

Eguneroko egoeretan euskaraz aritzeko aukera eskaintzen du Elkarrizketariak programak

Elkarrizketa kideak topatzea izaten da euskara ikasle askoren arazoetako bat. Euskaltegietako ikasgeletatik kanpo, Irunen euskaraz modu naturalean aritzeko guneak aurkitzea ez da erraza izaten. Horregatik, familian edo lagunartean euskaldunik ez duten ikasleentzat, aukera aproposa da Irungo Udalak eskaintzen duen Elkarrizketariak programa. Mintzalaguna egitasmoaren aurreko urrats baten modukoa da, seigarren mailatik beherako ikasleei zuzendua. Hilean bi aldiz elkartu izan dira orain arte, baina hilabetean lau saio egingo dituzte hemendik aurrera.

2015ean ekin zioten Elkarrizketariak programari, hiritarren eskari bati erantzunez. Irungo Udaleko euskara arloak antolatzen du, eta Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko ikasleen talde batek du saioak dinamizatzeko ardura. TEWO enpresako gazteak ari dira orain lan horretan. Nerea Elosegi TEWOko ordezkariak Elkarrizketariak programaren helburuaren berri eman du: “Bilatzen duguna da euskaraz hasi berriak direnek lotsa galdu dezatela, modu dinamiko batean”. Euskaltegietan eduki teorikoak lantzen dituzte, batez ere, eta Elkarrizketariak programan, praktikarako jauzia ematen dute.

Espazio ezberdinetan egiten dituzte saioak, eguneroko edozein egoeratan euskaraz hitz egin dezaketela frogatzeko. “Saioen artean lotura bat bilatzen dugu, programa osoari kohesio bat emateko”, adierazi du Nerea Elosegik. Orain arte, antzerkia, askaria, mahai-ingurua eta kaleko inkesta egin dituzte, besteak beste. Hemendik aurrera, euskal kantak eta dantzak lantzeko asmoa dutela aurreratu du Elosegik. Beatriz Sánchez parte hartzaileak baieztatu du “primeran” pasatzen dutela: “Dinamizatzaileak oso jatorrak dira, eta oso ondo azaltzen dizkigute egin beharreko jarduera guztiak”. Duela hogei urte utzi zion Sanchezek euskara ikasteari. Orain langabezian gelditu da, eta berriro heldu dio.

“Oso ondo azaltzen dizkigute egin beharreko jarduera guztiak”
Beatriz Sánchez, parte hartzailea
Lotsa kentzera bultzatzen gaituzte”
Sara Roura, parte hartzailea

Concha Lópezek ere ezin izan dio, azken urteotan, euskarari nahi bezain beste denbora eskaini. Haurrak hezteaz gainera, lanean eta oposaketak prestatzen ibili behar izan du. Orain, euskarari “merezi duen denbora” eman ahal izatea espero du. Sara Roura taldekidearen kasua berezia da, oso. Kataluniarra da, eta irakasle izan da, urtetan, Bartzelonan. Bertako lanpostu publikoa utzi, eta mutil lagunarekin bizitzera etorri da. Urte bete darama Irunen. EAEn irakasle izan nahi du, baina horretarako, ezinbesteko baldintza du euskara maila handia edukitzea. Bartzelonako Hizkuntza Eskolan hasi zen euskara ikasten, eta gaur egun ere horretan ari da. Elkarrizketariak programaren garrantzia azpimarratu du: “Lotsa kentzera bultzatzen gaituzte. Horrek balio handia du”. Mintzalaguna programako talde batean ere parte hartzen du Rourak. Izan ere, osagarriak izan daitezke bi egitasmoak.

Tresna baliagarria da

Zuk zortea duzu”, esan dio Concha Lópezek Sara Rourari. Mutil laguna euskalduna du kataluniarrak, eta harekin jardutearen abantaila du. Lópezek, berriz, ez du halako aukerarik. Lankideren batekin soilik saiatzen da euskaraz egiten: “Nik dakidana hitz egiten dut, baina oso gutxi da hori”. Beatriz Sánchezek ere ez du euskaldunik inguruan. Hortaz, euskaltegiko ikaskideekin topo egiten duenean soilik hitz egiten du euskaraz. Beraren antzeko egoera bizi dutenentzat, beraz, ezinbesteko tresna da Elkarrizketariak programa. Hori dela eta, hilabetean saio gehiago antola ditzaten lortu dute.

“Parte hartzaileek talde identitatea landuko dute, eta garapen handiagoa izango dute”
Nerea Elosegi, dinamizatzailea

Hemendik aurrera, hilabete bakoitzeko lau saio izango ditu Elkarrizketariak programak: bi astelehen eta bi ostiral. Saio bakoitzak ordu eta erdiko iraupena du. Parte hartzaileek haien denboraren arabera hautatu ahal izango dute zein saiotara joan. Edonola ere, jarraitasun handiago baten onurak azaldu ditu Nerea Elosegi dinamizatzaileak: “Parte hartzaileek talde identitatea landuko dute, eta garapen handiagoa izango dute”. Hogei lagun inguruko taldea du Elkarrizketariak programak, baina saio bakoitzeko sei-zazpi lagun elkartzen dira, normalean. Kopuru hori handitu nahi dutela aitortu du Elosegik. Parte hartzeko interesa duenak ondorengo bideak ditu eskura: elkarrizketariakirun@gmail.com helbide elektronikoa edo 688 66 79 19 telefono zenbakia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude