Presarik gabe

Zortzi urteko ibilbidea osatu du Sacco musika taldeak

Gaztaroko proiektu asko sortzen diren moduan piztu zen Saccoren sua. “Parrandan izaten den berotasunean”, onartu du Xabi Zabalak. Iturburu hori duten ideia asko bidean galtzen dira, ahaztuta. Sacco taldearenak, ordea, aurrera egin zuen. Hiru lagun elkartu ziren, 2008an: Zabalaz gainera (baxua eta ahotsa), Ander Zabalegi (bateria) eta Borja Toval (gitarra). Beste proiektu musikalak izan dituzte, eta badituzte, oraindik ere. Saccorekin lasai ibili dira beti, mantso, baina harro daude egindako bidearekin.sacco_promo_web

Ez zuten taldea asmo jakin batekin eratu. Antzeko musika gustuko dute, eta eragin batzuk badituzte, behintzat. Baina ez zuten musika estilo jakin bat jotzeko helburua eduki. Neurri handi batean, onartu dutenez, ez direlako birtuosoak instrumentuekin. “Ezin zaigu gehiegi eskatu. Ateratzen zaiguna egiten dugu, besterik gabe”, baieztatu du Xabi Zabalak. Musika iluna ateratzen zaie, abestien hitzak bezala. Ideia edo sentimendu abstraktuei buruz idazten dutela azaldu du Zabalak, hitzekin ere, gabeziak dituztelako: “Gustatzen zaigu literatura, baina ez gara idazleak. Gure mugak ditugu. Gainera, akats bat egin izan dugu beti. Inoiz ez diegu hitzei merezi duten garrantzia eman”.

Musikari profesional batek izan dezakeen estresik ez dugu”
Xabi Zabala

Erritmo motelak hautatzen dituzte, askotan, haien abestietarako. Taldearen abiadura ere hori izan dela aitortu dute. Entsegu lokalean lagunekin trago batzuk hartu eta zarata ateratzeko elkartuz hasi ziren. Pixkanaka kantuak, edo zatiak sortuz joan ziren. Baina soseguz, beti ere. “Amateurra da egiten dugun lana. Beste ogibide batzuk ditugu, eta konpromiso handia eskatzen du taldeak”, azaldu du Ander Zabalegik. Abantailak ere baditu egoera horrek, askatasunarena, esate baterako. Inolako presiorik gabe aritzen direla aipatu du Xabi Zabalak: “Musikari profesional batek izan dezakeen estresik ez dugu”.

Eredu baten alde lerratu dira

Taldearen etika, barne koherentzia eta bestelako eztabaida ideologiko eta filosofikoak ere errazten ditu askatasun horrek. Adibide egokia eman du Xabi Zabalak: “Nahi dugun tokietan jotzen dugu, nahi dugun baldintzetan”. Gehienetan, gaztetxeetan edo okupatutako etxeetan jo izan dutela zehaztu du Ander Zabalegik, bat egiten dutelako planteatzen duten ereduarekin: “Gure ligako taldeentzat, gaztetxeak ezinbestekoak dira”. Kontzertuek ematen duten adrenalinarekin gozatzen dute biek, baina emanaldien inguruan egoten denari ere begiratu dio Zabalak. Euskal Herria osoan, eta Espainiako eta Frantziako estatuetan jotzeko aukera izan dute: “Bidaiatu dugu, jendea ezagutu dugu, eta norbaitek diskoa erosi digunean, edo kontzertu ederra eman dugula esan izan digunean, sentsazioa ikaragarria izan da”.

Gure ligako taldeentzat, gaztetxeak ezinbestekoak dira”
Ander Zabalegi

Argitaratu duten disko bakarra grabatzeko, Bonberenea gaztetxeko estudioa hautatu zuten. “Baloratzen dugu Euskal Herriko musika talde txikien alde egiten duten lana. Modu xume batean haien proiektuarekin bat egitea, ederra izan da”, esan du Zabalak. Bertan, Karlos Osinaga Txap irundarra aritzen da teknikari. Erreferentea da, gaur egun, euskal musikan. Baina Saccoko kideen laguna ere bada. “Gertukoa da, eta oso ondo ulertu zuen diskoarentzat genuen ideia. Oso mamitsua izan zen esperientzia. Gogorra ere bai”, aitortu du Ander Zabalegik. Lehen aldiz sartu ziren estudio batean, eta haien mugak ulertu zituen Osinagak. Zorrotza izan zela aipatu du, hala ere Zabalak, eta estutu egin zituela.

2014an argitaratu zuten taldearen izen bereko diskoa. Bide Huts diskoetxearekin argitaratu zuten, adiskidetasun eta senidetasun harremana dutelako haiekin, eta bat egiten dutelako ekoizpenaren inguruan duten filosofiarekin. “Bide naturala izan da”, onartu du Xabi Zabalak. Diskoa mugarria izan zela aitortu dute biek, kontzertu gehiago emateko ateak ireki zizkiela. Aurretik izan zituzten zailtasunak gogoratuta, ordea, eta herriko beste taldeei begira, ulertzen dute jendeak entsegu lokaletik irteteko denbora asko behar izatea. Tabernetan jotzea, adibidez, gero eta zailagoa dela azpimarratu du Ander Zabalegik: “Gizartea gero eta arautuago dago, eta horrek eragina du musikan”. Egoera horren aurrean, kalea aldarrikatzeko deialdia luzatu du Xabi Zabalak: “Kalea gero eta gutxiago da gurea, eta gero eta gehiago boteredun jendearena”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude