Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek bere departamentuak berriki prostituzioari buruz enkargatu duen txostenaren ondorio nagusiak ezagutarazi ditu.
Txostena lurralde osoan diharduten pertsonekin hogei urte baino gehiago lanean daraman entitate batekin egin da: Arrats elkartearekin. Sei atal ditu (hitzaurrea, esparru teorikoa, metodologia, datuak, ondorioak eta hobekuntza proposamenak), eta, berau egiteko, askotariko teknikak erabili dira, hala nola galdetegi bat, Aukera programaren zuzeneko esku hartzea, behaketa eta parte hartzea, eta material bibliografikoaren kontsulta.
Miren Echevesteren esanetan, “azterketa honi esker, udalerrian prostituzioan diharduten eta Aukera programan parte hartzen duten emakumeen esperientzia, kezka, behar, arazo eta adierazpenak dokumentu batean bildu ditugu. Orain, informazio gehiago dugu, eta espero dugu emakume horien egoerari hobeto erantzutea eta, horrela, sufritzen duten askotariko diskriminazioaren aurka borrokatzea. Azken batean, badakigu emakumeok oso zaurgarriak direla, karga handiak dituztela eta erakundeek ematen dituzten laguntzak eskuratzeko aukera gehiago behar dituztela, laguntzarik gabe aukera gutxi baitituzte eskura. Kontuan izan behar dugu hori”.
Ondorio nagusien arabera, prostituzioan dihardutenen % 91 ere zis emakumeak dira; % 7, emakume transak; eta % 2, gizonak. Adinari dagokionez, prostituzioan dihardutenek 31 urtetik 45 urtera bitartean dituzte nagusiki, eta, jatorriari dagokionez, berriz, emakume gehienak Latinoamerikakoak dira. Gainera, erdiak baino gehiagok seme-alabak eta/edo senideak dituzte beren ardurapean; oro har, jaioterrian.
Azterketatik ondorioztatzen denez, prostituten erdia baino gehiago prostituzioan jarduteagatik epaitzen dituztelakoan daude. Elkarrizketatuen % 48 lanez aldatuko lirateke, eta % 49, aldiz, ez. Alde horretatik, prostituzioan jarraitu nahi dutenek prostituzioa legeztatzeko eta lan baldintza duinak izateko eskatzen dute, eta jarraitu nahi ez dutenek, lan egiteko aukerak eta/edo prestazio ekonomikoak.
Nolanahi ere, guztiak bat datoz, eta adierazi dute zailtasunak dituztela jarrera matxistak dituzten bezeroekin eta erroldatzeko eta eskubideak (osasun txartel indibiduala, baliabide komunitarioak erabiltzeko aukera, paperak lortzeko aukera…) eskuratzeko zailtasunak dituztela. Ildo horretatik, eskubiderik ezak askotariko diskriminazioen biktima izatera kondenatzen ditu emakumeak, eta haien zaurgarritasun, estigma eta bazterketa soziala areagotzen ditu.
Txostenak udalerrian prostituzioan diharduten pertsonentzako arreta hobetzeko egiten dituen proposamenei dagokienez, aipatzekoak dira honako hauek:
- Erroldatze soziala bermatzeko protokoloa
- Sufritutako indarkerien zenbaketa
- Profesional eta bezeroak sentsibilizatzeko eta indarkeria matxistei aurrea hartzeko diptikoak
- Irunen transmisio sexualeko infekzioak detektatzeko probak egiteko aukera
- Profesionalentzako prestakuntza, estigma txikitzeko eta arreta hobetzeko
- AUKERA zerbitzuaren bermatzea, zuzenean esku hartzen jarraitu dezan
Txostena Irungo Udaleko Berdintasun Arloaren webgunean dago jadanik.