Bidasoa Xake Klubak Lope de Irigoyen kalean kokatutako egoitza berria estreinatu du aurten. Horrela, etengabe handituz doan klubeko bazkide kopuruari erantzuteko gai izan da kluba. Ramon Nogues Bidasoa Xake Klubeko kirol-arduradunak azaldu duenez, txapelketa telematikoez gainera, datorren urtean berriro aurrez aurreko txapelketak jokatzeko aukera berreskuratu nahiko lukete.
Bidasoa Xake Kluba orain dela urte bat sortu zen, ezta?
Bai, joan den urteko udaran 7-8 lagunek Bidasoa eskualdean proiektu berri bat hastea pentsatu genuen. Hutsune bat ikusten genuen eta gure proiektuaren bitartez hutsune hori bete ahal izatea espero genuen. Udaran proiektua hasi eta irailerako martxan jarri genuen kluba, Palmera Montero Gunean utzitako gune batean klaseak emanez. Erantzauna nahiko ona izan zenez, lokala txiki gelditu zitzaigun. Pandemiaren ondorioz hasieran klaseak bertan behera utzi behar izan genituen, hala ere, eskolak telematikoki eskaintzeko modua topatu genuen. Udaran, aukera ezberdinak aztertu ostean, gure lokal berri hau aurkitu genuen eta aurtengo irailean hemen berriro haur eta helduei aurrez-aurreko eskolak eskaintzen hasi gara.
Egun zenbat pertsona dauzkazue klubean?
Gaur egun 70 haur dauzkagu. Helduak ere klaseak jasotzera datoz eta helduak diren 10 ikasle ditugula kalkulatzen dugu. Klubeko kideen kopurua egunetik egunera hazten ari da.
Hainbeste ikasle izanda, nola antolatzen dituzue klaseak?
Bai, zuk esan bezala, kopuruak ikusita lokal berri hau laster berriro txiki gelditzea gerta daiteke. Osasun krisialdian egonda ere, harrigarria da, baina, xake eskolak jasotzeko eskaera handia dagoela ikusi dugu. Pandemiaren ondorioz neurri zorrotzagoak hartu behar izan ditugu. Taldeka ikasle kopurua murriztu dugu, hau da, 6 pertsonako taldeak egin ditugu, gehienez, aldi berean lokalean 2 talde sartu ditzakegulako.
Nolako egitura du xakeak lurralde-mailan?
Batetik, Gipuzkoako federazioa dago, bestetik, Euskal Xake Federazioa dago ere. Izan ere, orain dela 20 urte xake klub asko zeuden Gipuzkoan, ia-ia herri bakoitzak bere xake klub propioa zeukala esan dezakegu. Pixkanaka klub horietako asko desagertzen joan ziren. Guk egoera horri buelta eman nahi izan diogu eta oso pozik gaude izandako erantzunarekin.
Maila ezberdinetako xake lehiaketak antolatzen dira?
Bai, nahiz eta momentuko egoeraren ondorioz aurten lehiaketak bertan behera gelditu diren. Dena dela, orain dela urte bat sortutako talde batentzat Gipuzkoako ligan lehiatzeko 3 talde osatu ahal izatea oso berri ona da. Hiru talde horiekin urtarrilean eta otsailean txapelketetan parte hartzen hasi ginen eta bi taldek mailaz igotzea lortu dute. Datorren urtean berriro txapelketak antolatu ahal izateko aukerarik dagoen ikusi beharko dugu, baina, aurten lortutakoa ikusita, hurrengo denboraldian 3 talde izatetik 4 talde izatera pasa nahiko genuke.
Maila absolutuko txapelketak antolatzeaz gainera, haur eta gazteentzako lehiaketarik antolatzen da?
Egungo egoera dela eta txapelketen kontua oso murriztuta dago momentu hauetan. Dena dela, internet bidez Gipuzkoa mailan haurrek jokatzen ari duten oso txapelketa garrantzitsua jokoan dago momentu honetan. Haurrak bi kategoriatan banatzen diren txapelketa jokatu ahal izateko. Batetik, handien taldea, 13 urtetik gorakoak eta, bestetik, txikiak, hau da, 11-12 urte arteko haurrak. Bidasoa Xake Klubetik handien talde bat dugu txapelketako kategoria horretan jokatzen ari dena eta txikien taldeak, berriz, bost dira. Guztira, 35 jokalari dira. Momentuz, internet bidez jokatzea da txapelketak antolatzeko aukera bakarra.
Klubean emakumeak xakearen munduan gehiago murgiltzen ari direla nabaritu duzue, aurreko urteetako kopuruekin alderatuta?
Bai, hori, oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, gure helburuetako bat hori da, neskak eta emakumeak ere gizonen antzera xakera hurbiltzea. Dena dela, oraindik zaila da helburu hori guztiz betetzea, izan ere, gure jokalarien %10a dira soilik neskak edo emakumezkoak. Hala ere, pixkanaka kopuru horiek aldatu eta orekatuko direla uste dut. Gainera, orain Netflix-en dagoen telesail arrakastatsu baten bitartez, protagonista xakean aritzen den emakumea denez, horrek ere neskak kirol honetara erakartzeko lagungarria izango dela pentsatzen dut.
Zein mezu bidaliko zenuke Bidasoako biztanleak klub honetara erakartzeko?
Informazio gehiago nahiko balu, lasai asko gure webgunea bisitatzera gonbidatuko nuke, hau da, www.bidasoaxake.com. Informazio guztia bertan aurkituko du. Garai hauetan edozein ekintza aurrera eramatea nahiko konplikatua dela dakigu, izan ere, ezin delako txapelketa edo bestelako aurrez aurreko ekintzarik antolatu. Hala ere, telematikoki egin daitezkeen ekintzak eskaintzen ditugu. Ez dezagun ahaztu, beste kirolekin gertatzen ez den bezala, xakea internet bidez praktikatzeko aukera dago. Hortaz, etxetik ateratzeko beharrik gabe, garunaren garapena lantzeko oso bide egokia da.
Elkarrziketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai.