Raquel Calvo, Asexora-T zerbitzuko aholkularia: “Egungo gazteak sexualitatearekin lotutako informazio oker gehiegiz inguraturik daude”

Asexora-T Irungo udalak eskainitako izaera konfidentzialeko doako zerbitzua da eta Raquel Calvo Asexora-T zerbitzuko aholkularia da. Hilabete bakoitzeko azken ostegunean Martindozenea Gaztelekuan aholkularitza zerbitzua eskaintzen da arra-tsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bestetik, gaiarekin loturiko tailer eta ekintzak antolatzen dira eta, atal honen barnean, 2020 urtera begira tailer berriak martxan jartzeko asmoa dago.

Adin tarte zehatz batera zuzenduta dago Asexora-T?
Orokorrean, gazteei bideratutako zerbitzua da. Gazteen artean bi adin tarte bereizten ditugu, batetik, 12 eta 18 urte arteko gazteak eta, bestetik, 18 eta 25 urte bitarteko gazteak. Izan ere, ekintza bakoitza adin tarte bat edo besterako egokiagoa izan daiteke.

Kontsulten kopuruak gora egin du azkenaldian?
Bai, joan den urtetik kontsulten kopuruak gora egin duela nabaritu dugu. Hilabetearen arabera kontsulten kopurua ezberdina izan daiteke, adibidez, udako hilabeteak hurbiltzen direnean galdera gehiago jasotzen ditugu. Era berean, gurasoen zalantzak iristen zaizkigu, sexualitatearen gaia haien seme-alabekin nola landu dezaketen jakiteko.

Zeintzuk izango dira antolatuko diren hurrengo ekintzak?
Gabonetan ohiko lan erritmoari eutsiko diogu. Datorren urtera begira, aldiz, mahai gainean proposamen eta ideia interesgarri asko dauzkagu. Momentuz, ekintza asko kalean egingo direla aurreratu dezakegu, jende gehiagorengana iritsi eta zerbitzua ezagutarazteko. Gazteenganaino heltzeko gakoa informazioa ekintza dinamikoen bitartez eta era ikusgarrian zabaltzea da.

Orokorrean, jendeak zein bide hautatzen du zuekin harremanetan jartzeko?
Kontsulta gehienak webgunearen bitartez jasotzen ditugu. Izan ere, gazteei, aurretik ezagutzen ez bazaituzte, aurrez aurreko aholkularitzetara hurbiltzea gehiago kostatzen zaie.

Zeintzuk dira azkenaldian gehien errepikatzen diren galderak?
Egia esan, nahiko harrituta nago azkenaldian pertsona eta animalien arteko sexu harremanekin loturiko zalantza asko iritsi zaizkigulako eta, batez ere, oso gazteak diren pertsonek egindako galderak direlako. Hortaz gain, gainontzeko galderak maitasun edo sexu harremanekin loturiko galderak izan ohi dira.

Gaur egungo gazteek gaiaren inguruko informazio nahikoa dute?
Egungo gazteak sexualitatearekin lotutako informazio oker gehiegiz inguraturik daude. Zalantzak galdetu ordez, kasu askotan okerrak diren baieztapenekin hurbiltzen dira zerbitzura eta gure lana pentsamendu horiek aldatzea da.

Zein bide erabili beharko lituzkete gazteek informazio egokia jasotzeko?
Informazioa internet eta pornografiaren bitartez lortzen dute. Horren ordez, gurasoen heziketa garrantzitsua da eta, horretarako, ondo informaturik egon behar dira. Bestetik, eskoletan haur-hezkuntzatik landu beharreko gaia dela uste dut, epe-luzeko heziteka sexuala jasotzeko.

Zein da eskolako hitzaldietan ikasleak gehien harritzen dituen gaia?
Sexismo eta generoen gaiak harridura sortu ohi du ikasleen artean, izan ere, konturatu gabe, hor dagoen zerbait delako. Gizartean zabalduak dauden hitz egiteko erak horren erakusle garbiak dira.

Antisorgailu eta sexu-transmisiozko gaixotasunen berri dute gazteek?
Badakite hor daudela, baina, ez dute jakin nahi kondoiak horien transmisioa ekidin dezakeela. Adibidez, azken urtean zehar Euskadin lehen baino sifilis eta gonorrea kasu gehiago daudela ezagutu da. Bestetik, papiloma bezalako birusak geroz eta zabalduagoak daude.

Gizartean sexualitatearen inguruko tabua desagertu dela esango zenuke?
Ez, heziketa irekiagoa delaren pertzepzioa dugun arren, lan asko egin behar da oraindik. Pertsona helduek, batez ere, gaiaren inguruko tabu asko dauzkagu oraindik, gaia gure intimitatetik atera eta modu irekian sexualitateaz hitz egitea galarazten diguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude