Real Union, burua altxatu ezinik

Futbol talde irundarrak bizi duen egoera ekonomiko larriari kirol emaitza kaskarrak gehitu behar zaizkio. Azken boladan bizi duen garaipen-lehortea dela eta, sailkapenaren azkeneko postuetatik gero eta gertuago daude Sergio Francisco eta bere mutilak. Denboraldia aurrera doa eta edozein akats garesti ordain dezake taldeak.

TUDELANO 4

Real Union burua altxatu ezinik dabil azken aldian. Talde irundarraren egoera ekonomikoa kritikoa da eta lehen taldeak azken jardunaldietan lortutako emaitzek ere ez dute batere laguntzen. Etxean Laudioren kontra 2-0 irabazi ondoren, taldeak berdinketak eta porrotak besterik ez du lortu. Gauzak horrela, play-offeko postuetan egotetik atzeko postuetan borrokatzera igaro da. Denbora aurrera doa eta Real Unionek, mailari eutsi nahi badio, gogor aritu beharko du geratzen zaizkion partiduetan. Nahiz eta egoera hoberena ez izan, Sergio Francisco entrenatzaileak erabateko konfiantza du bere mutilengan. “Egoera zaila da, baina talde honetan erabat sinisten dut. Ez dute inoiz amore ematen, partidu bakoitzean euren jokorik onena erakusten saiatzen dira eta azkeneko momentura arte lehiatu egiten dira beti”.
Orain arte, Real Unionek distantzia erosoa zuen jaitsiera postuetan zeuden sailkatuen aldean, baina denboraldiaren azkeneko txanpa honetan sailkapena estutzen ari da, egoera ederki zailduz. “Gure lehiakide zuzenek ez dute puntu ugari gehitu; hala ere, distantziak gutxituz doaz eta maila mantentzeko garaipenak ezinbestekoak zaizkigu”.

TUDELANO2
Arazo ekonomiko larriak
Talde irundarrak bizi duen egoera ekonomiko zailak ere ez du batere laguntzen. Klubeko langile batzuk orain dela 14 hilabete jaso zuten azken soldata. Klubeko Kirol Zuzendari Iñaki Berrueten hitzetan, egoera honek eragin zuzena du, bai langileengan, bai jokalariengan. “Zaila da momentu txarrak bizi dituzten lankideak egunero ikustea eta horrek eragina du zure errendimenduan”.
Dena den, Sergio Francisco arazo ekonomikoak zelaitik kanpo uztearen aldekoa da. “Klubak bizi duen egoera kritikoa ez da ai-tzakia zelaian gauzak ondo ez egiteko. Ezbeharraren kontra elkartu eta lehiakorrak izan behar dugu, geratzen zaizkigun norgehiagoka guztietan puntuak lortzen saia-tzeko.”
Momentu latzak alde batera utzita, datorren urtean 1915. urtean sortutako Real Unionek 100 urte beteko ditu. Berrueten-tzat “pena izango zen gestio txar batengatik klub historiko hau desagertzea”. Beraz, espero dezagun Real Union arlo guztietan egoerari buelta emateko gai izatea.

Ricardo Garcia, beste
lau urtez presidente

“Gaizki hasten dena gaizki bukatzen da” dio esaera zaharrak, eta Real Unionen kasua ez da salbuespen bat. Ficoban martxoaren 28an izandako Akziodunen Batzar Orokorra berandu hasi zen eta gauza gutxi argitu zuen. Gainera, polemika pare bat ere utzi zituen.
Batzarrak iazko aurrekontua onartu zuen. Klubaren zor gordina 2,6 milioi eurokoa da gaur egun; 1,1 milioi epe motzekoa da, eta ordaindu ezin daitekeena, eta 1,5 milioi, berriz, epe luzean ordaintzekoa. Kontseiluaren bideragarritasun planak gastuen %50 murriztea aurreikusten du. Bestalde, Ricardo Garcia presidenteak eta bere kontseiluak jarraitzeko nahia erakutsi zuten, eta bost aholkulari berri proposatu zituzten: J. L. Reinosa, Raul Castaño, Aitor Garcia, Joseba Lopetegi eta Miguel Angel Flores. Gainera, denboraldi honetan soldatak ordaintzeko dirua sartuko omen da. Berri onak, beraz, ostiralean Ficoban euren soldaten ordainketa eskatzeko kontzentratu ziren langileentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude