Real Union eta Ama Shantalen konpainiaren mendeurrenaren ospakizunean murgildurik daude

G21539 – Ama Shantalen konpainia 1950 urtean

2019 urtean zehar Real Union eta Ama Shantalenek konpainiaren sorreraren mendeurrenaren ospakizunetan murgildurik daude. 100 urte horien atzean lan asko ezkutatzen da eta, horregatik, data berezi hau behar bezala ospatzeko ekintza eta ekitaldi ugari antolatu dituzte Alarde Tradizionaleko bi konpainiek. Ospakizunez gain, urteurren berezi hau, konpainien historia eta sorrera errepasatzeko aitzaki bikaina izan dira.

Konpainien sorreraz hitz egiteko, historian 1919 urtera arte atzera egin behar da gutxienez. Testuinguruan kokatzeko, 1915-1918 urteen artean, Lehen Mundu Gerraren ondorioz ez zen San Martzialen omenez alarderik ospatu Irunen. Gerra igaro ostean eta gatazkak eragindako ondorioak gainditzeko nahiarekin, Irungo herritarren artean gizarte mugimendu ezberdinak sortu ziren hiriko jaien eta zehazki alardearen ospakizuna berreskuratzeko asmoz.

G21814 – Real Union konpainia 1959 urtean

Real Union konpainia, zehazki, 1919 urtean sortu zen, alardea berreskuratzeko nahi horren barnean, hiriko auzoren bat ordezkatuko ez zuen konpainia sortzeko lagun talde baten ekimenetik. Honela, Herriko Lehen Konpainia izan zen bere sorreran, orain, ordea, Herriko Seigarren konpainia bada ere. Ama Shantalen, berriz, Herriko Bigarren Konpainiaren tituluarekin jaio zen Santa Elena kalean bizi zen Angel Martinen esfortzuei esker. Izan ere, konpainiaren eraketarako oztopo ugari topatu zituen bidean bultzatzaileak, baina, arazoei aurre egin eta alardean parte hartzea lortu zuten lehen aldiz konpainia 44 kidek osatzen zutela.

Gerra zibila
Hogeita hamarreko hamarkadan Espainian izandako Gerra Zibilak ondorioak eragin zituen ere alardearen ospakizunean. Izan ere, 1937 eta 1939 urteen artean ez zen Alarderik ospatu Irunen. Hala ere, urte horietan zehar San Martzialera botoa berritzera igotzeko prozesioak antolatu ziren.

G21045 – Ama Shantalen konpainia 1960 urtean

Izendegiaren sinbologia
Bi konpainia hauen izenen atzean askorentzat ezezagunak izan daitezkeen sekretuak ezkutatzen dira. Esaterako, Real Union konpainiaren izenak hiriko futbol taldearekin lotura estua dauka, izan ere, 1915 urtean “Irun Sporting Club” eta “Racing Club de Irun” taldeen fusiotik sortutako futbol talde berriaren izena hartzen baitu. Gainera, alardearen historiak erakusten duenez, konpainia 1980 izena aldatzeko beharrean aurkitu zen ordenantza baten ondorioz. Horren ondorioz, Mendibil izenez ezagutu zen 1991 urtera arte eta, azkenean, konpainiak jatorriko izena berreskuratu ahal izan zuen.

Bestetik, Ama Shantalen konpainiak Irungo Estebenea ibaiaren bazter batean kokaturik dagoen ermitari erreferentzia argia egiten dio bere izenaren bitartez. Hasieran konpainiaren izena gazteleraz idazten zen, baina, 1980 urtetik aurrera euskaraz idazten hasi zela erakusten duten arrastoak daude, adibidez, konpainiako banderina. Gainera, izena, “sh”-z idazten da, hain zuzen ere, aintzinako euskara mantenduz.

Ospakizun ekitaldiak
Mendeurrenen ospakizunerako Ama Shantalen zein Real Union konpainiek hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken hilabeteetan zehar. Maiatzaren 11ean, Ama Shantalen konpainiak mendeurrenaren ospakizunerako egun oso bat dedikatu zuen. Real Unionek, berriz, ekainaren 15ean antolatu zituen mendeurrena ospatzeko bazkaria eta kontzertua. Hortaz gain, bi konpainiek argazki erakusketak antolatu dituzte ere, irudi eta dokumentuen bitartez konpainiaren historia gaurkotasunera hurbiltzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude