Real Uniónek klubean euskara sustatzeko plan bat du

Kalean Bai programak eskaintzen dituen zerbitzuez baliatu da Real Unión taldea kluberako euskara plana sortzeko. Euskara planaren bitartez Real Uniónek datozen 5 urteetan zehar klubean euskararen erabilera areagotzeko eman beharreko pausuak eta hartu beharreko konpromisoak zehaztu ditu. Planak bost urteko iraupena izango du, hau da, 2022tik 2027ra.

2021eko abenduan Kalean Bai programaren bitartez euskara bultzatzen jarraitzeko asmoa berretsi zuten hiriko hainbat elkartek. Zehazki, abenduaren 1ean hitzarmena berritzeko lehen sinadura ekitaldia egin zen Irungo udaletxeko Areto Nagusian, aurretik Kalean Bai programaren parte ziren elkarteekin hitzarmena berritzeko. Real Unión izan zen ekitaldi horretan euskararekiko konpromisoa berritu zuen klubetako bat.

Kalean Bai programak herri eragile nagusiak diren elkarteetan jartzen du arreta, Irunen antolatzen diren jarduera gehienen bultzatzaileak diren aldetik. Gaur egun, 81 elkarte eta erakundek parte hartzen dute Euskara Arloak bultzatutako programa honetan. Horrela, programak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie, gehien-gehienak doakoak. Real Unión zerbitzu horietaz baliatu da klubarentzako euskara plana sortzeko.

“Prestatu berri duten planari esker, ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago egingo dela”

Miren Echeveste, Irungo Udaleko Euskara ordezkaria

Miren Echeveste Euskara arloko ordezkariak Real Uniónek prestatutako euskara plana “albiste zoragarri” gisa definitu du. “Real Unión kluba erreferentzia bat da jende askorentzat gure hirian, eta gure historiarekin lotura estua dauka”, adierazi du Irungo Udaleko Euskara ordezkariak. Echevestek azaldu duenez, Real Uniónek Kalean Bai hitzarmena berritzea erabaki izana pausu garrantzitsua izan zen hirian euskararen normalizaziorako.

Igor Emery Real Unióneko Administazio Kontseiluko presidenteak futbol klubak euskararekin duen “konpromiso irmoa” azpimarratu du. Igor Emeryk gogoratu Real Uniónek betidanik izan duela konpromisoa euskararekin eta hala adierazi zutela Emery familiak kluba hartu zuenean egindako aurkezpenean. “Gure proiektuaren ardatzetako bat da, eta dagoeneko egin ditugu lehen urratsak”, azaldu du klubeko presidenteak. Izan ere, Real Uniónen Emery aroa hasi zenetik urte eta erdi igaro da jada eta ordutik klubeko komunikazioak elebidunak dira, klubaren webgune berria euskaraz kontsultatu daiteke eta Kalean Bai programako konpromisoa berritu dute. Era berean, Euskaraldian eta Euskara Aholku Batzordearen bileretan parte hartu dute. Klubeko presidenteak azaldu du aurretik aipatutakoak “lehen urratsak” baino ez direla eta urrutiago iritsi ahal izateko lanean jarraitu beharko dutela.

“Euskara klubaren egunerokotasunaren parte da”

Igor Emery, Real Unión klubeko presidentea

Klubeko presidenteak azaldu duenez, Real Unión klub euskalduna da eta hala sentitzen dira. “Euskara klubaren egunorokotasunaren parte da” gaineratu du Emeryk. Miren Echevestek gaineratu duenez, “prestatu berri duten planari esker, ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago egingo dela”. Lide Rekondok Kalean Bai programaren dinamizazioan lan egin du eta hitzarmena berritu osteko lehen hilabeteetan egindako lanari dagokionez zera adierazi du, “elkarteen eta entitateen barne harremanetan euskararen erabileraren sustapenean jarri da indarra bereziki”.

Konpromisotik ekintzetara

Real Uniónek sortutako euskara planak hiru helburu nagusi dauzka. Batetik, planaren bitartez klubaren hizkuntza-irizpideak zehaztu dira, irizpide horiek klubaren barneko zein kanpoko kideei jakinarazteaz gainera. Horrekin batera, irizpideak bete ahal izateko neurriak eta baliabideak emango ditu klubak, horien betetze maila aztertzeaz gain.

Bigarren helburua, Real Unión klubean euskara planaren inguruko adostasuna lortzea izango da. Azkenik, klubean gutxinaka aurrerapausoak eman nahi dira, gizartean Real Unión erakunde elebidun gisa ikusi dadin. Horretarako, orotara, klubak 32 ekintza zehaztu ditu aurretik aipatutako helburuak egikaritzeko eta garatzeko. Lide Rekondo Kalean Bai programaren dinamizazio arduradunaren hitzetan, “ekintza horien bitartez klubaren barneko eta kanpoko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko dinamikak sortu nahi dira”. Gutxinaka eman beharreko pausuak emango direnez, planari 5 urteko epealdia jarri diote, pixkanaka Real Uniónek euskararen aldeko pausuak eman ditzan eta horien jarraipena egiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude