Nuria Alzaga Kultur ordezkariak larunbat honetan, irailaren 23an, egingo den Ribera Azokaren zortzigarren edizioa aurkeztu du gaur Santiagoko bidegorrian egin duen prentsaurrekoan. Harekin batera, jardunaldiko antolatzaile eta parte-hartzaileak izan dira.
Ribera Azoka jaialdiak memoria historikoaren eta mugaren kontzeptuekin lotzen du arte garaikidea, jarduera-programa osatu eta erakargarri baten bidez. Horrela bada, irundarrek datorren larunbatean gozatu ahal izango dute jarduerez, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Santiagoko bidegorriaren inguruan.
Kulturako ordezkari Nuria Alzagak adierazi duenez, “larunbat honetan Ribera Azoka egingo da Bidegorri aldean. Irungo arte garaikidearen hitzordu garrantzitsuenetako bat da azoka hori, eta familiarekin gozatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte: jolasak, olerki-errezitaldia, Bidasoa ibaiaren ertzean ibilaldi gidatua… Aukera paregabea izango da irundarrek arteaz eta historiaz goza dezaten, Bidasoa ibaia bezalako esparru paregabean”. Hona hemen jarduera guztiak:
Poesia-errezitaldia: “Hitzen Muga”
Ordua: 12:00ak
Mejillón Tigrek antolatua
Poesiaren bidez, Mejillon Tigre talde artistikoak herritarrei proposatzen die gogoeta egin dezatela gorputz askok izaten dituzten errealitate eta subjektibotasunei buruz.
Lekua: Laien eskultura
Instalazio iraunkorrak bidegorrian, 10:00etatik 14:00etara.
Parte hartzeko jolasa: “Bidasoa, migrazio-bidea”
Arkaitz Saiz argazkilariak eta Josune Urrutia ilustratzaileak jolas bat proposatzen dute, parte hartzekoa eta Bidasoa eskualdera iristen diren pertsona migratzaileen errealitatea ezagutzeko aukera ematen duena. Haur-parkea (Skate Parken ondoan)
Soinu instalazioa: “Ura eta haizearen artean”
Irati Inorizak eta Juan Guti Verak naturaren eta teknologiaren arteko harremanari buruz gogoeta egitera gonbidatzen dituzte herritarrak, egun horretan bertan aurkeztuko duten musika-tresna flotatzaile baten bidez. Ribera beken emaitza. Lekua: Santiagotarrak aldean.
Murala: “Kanalizatu, hazi”
Janire Orduña diseinatzaile eta ilustratzaile bilbotarrak proposamen original batekin harrituko ditu herritarrak, proposatuko baitu zuzenean mural bat marraztea bidegorrira sartzeko biaduktuaren hormetan. “Kanalizatu, hazi” izango da muralaren izenburua. Artista irailaren 20an, asteazkenarekin, hasiko da pintatzen.
Soinu instalazioa: “Bainuontzia, 14 murgiltze soinu-uretan”
Irati Andresek eta Javi Álvarezek meditazioko podcast baten bidez eskualdea inguratzen duen ur-fluxuaren bilakaeraz gogoeta egitera gonbidatuko dituzte herritarrak. Lekua: Santiago kalearen amaierako berdegunea (haur-parkearen ondoan).
Ikus-entzunezko instalazioa: “Gorputz bat fabrikatzea. Eraldaketa eta erresilientzia Bidasoaren iragan industrialean”
María Alcaide eta Eladio Aguilera dira “Gorputz bat fabrikatzea. Eraldaketa eta erresilientzia Bidasoaren iragan industrialean” izenburuko ikus-entzunezko instalazio baten egileak. Horren bidez, Bidasoa ibaiaren iragan industrialean zehar ibilbide bat proposatzen zaie herritarrei. Ribera beken emaitza. Bidegorrirako sarrera Recondorantz, biaduktuaren muralaren ondoan.
Ibilaldi autogidatua: “Uhartean inoiz ez da izan -eta ez dago- inongo faisairik”
Ane Rodríguezek eta María José Noainek erriberan barrena egingo den ibilaldi autogidatu batean parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak, Bidasoa ibaiaren inguruan dauden istorio guztiak, ezagunak eta ezezagunak, ezagutzeko asmoz. Ekimen honetan, memoria, desira eta fantasia uztartuko dira, lurraldea, paisaia eta hitza oinarritzat hartuta.
Parte hartzeko instalazioa: “Traiekzioak”
Saray Pérez Castillak egin du “Traiekzioak” instalazioa. Parte hartzekoa da, eta Europako muga konplexuan eta muga hori oinarritzen den nekropolitikan sakontzen duen bidaia batean parte hartzera animatzen ditu herritarrak. Lekua: Guarda-etxea.