Proiektuak 2020. urteko deialdira aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a izango da
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi duenez, Ribera Beken deialdi berriko oinarriak publikatu dira. Ribera Bekak bertako artistak, historiatzaile, antropologo, soziologo eta irakaskuntzaren munduko profesionalekin harremanetan jartzeko helburuarekin sortu ziren, elkarlanean ibaia, muga eta memoria historikoaren inguruko proiektua sortzeko.
Ribera bekek tamden formatua dute, hau da, lan-taldea bi perfil ezberdin daukaten pertsonez osatuta egon beharko da. Batetik, proiektuaren alde artistikoa eta, bestetik, ikerkuntzarekin lotutakoa. Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak azpimarratu duenez, “Ribera kulturaren eta ikerketaren sustapenaren aldeko apustua da”.
Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak azaldu duenez, 2016. urtean beka hauen sorrerarekin Irungo Udalak lan-ildo berri eta zabal bat ireki nahi izan zuen. “Jardunaldi horretan arte garaikidea eta tokiko talentua izango ziren protagonista, eta, betiere, Bidasoa ibaia, haren memoria historikoa eta muga-kontzeptua protagonismoa izan beharko zuten”, gaineratu du Irungo Udaleko Kultura arloko ordezkariak.
“Ribera kulturaren eta ikerketaren sustapenaren aldeko apustua da”
Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak
Orain arte proiektuko bigarren zatia antropologia eta historiarekin zerikusia zuten gaietara mugatuta zegoen, baina, aurtengo edizioan geografia, nazioarteko harremanak edo biologia bezalako gai zabalagoetara irekitzeko erabakia hartu da, beti ere, ikuspuntu humanizatua mantenduz.
Proiektuak aurkezteko epemuga
Bi bekek osatzen dute ekimena eta beka bakoitza 9.000 eurokoa izango da. Bekek 9 hilabeteko iraupena izango dute. Beken ondorioz artearen inguruko bi esku-hartze izango dira, eta Ribera 2020. urteko programan lanen aurrerapen batzuk ikus ditzakegu. Ribera bekekin lotutako oinarriak eta informazio guztia udalaren webean kontsultatu daiteke. Eskaerak ohiko edozein bide erabiliz aurkeztu ahalko dira, HAZ bulegoaren bidez edo egoitza elektronikoaren bidez abuztuaren 3ra arte.
Ribera Beken ardatzak
Ribera bekek mugaren eta Bidasoa ibaiaren ingurune geografiko espezifikoko ondare elementu ukigarri eta ukiezinak ezagutzen eta balioesten lagundu behar dute. Elementu arkitektonikoak, industrialak, interes historiko-sozialeko eta/edo antropologikoko puntuak ezagutzea baloratuko da, bai eta testuinguru-kontakizunak berrikustea eta eraikitzea ere (ondare materiala edo ukigarria).
Pertsonen kontakizunak eta memoria ere kontuan hartu beharko dira (ondare immateriala edo ukiezina). Interes berezikoak dira hiriaren ondarea era berritzaile batean lan egiten dutenak eta baterako hausnarketarako prozesu irekietatik artikulatzen direnak, diziplina anitzeko planteamenduetarako oinarri batekin.
2019. urtean, ohikoa denez, bi proiektu izan ziren aukeratuak Ribera Beken deialdiaren barnean. Lehena, Rúben Mejuto Fernández eta Andrea Giraldo Sevillak sinatutako “Irungo ahozkotasunaren eta Memoriaren Kartografia: Emakumeak eta muga arteko nortasunak” proiektua. Bestetik, María José Noain eta Artitadetó elkartearen “Bidasoako kartografia emozionala” proiektua.