Rubén Fraile, Alarde Tradizionaleko komandantea: “Alardea irundarren egutegian gorriz markatutako egun berezia da”

Argazkia: Estudio Gover

2020ko azaroan Rubén Fraile Alarde Tradizionaleko komandante gisa aukeratu izan zen. Ordura arte Rubének bizitza osoa eman du Behobiako konpainiari loturik, 2016tik aurrera bertako kapitain izateaz gainera, aurretik beste hainbat karguen ardura izan du. Alarderik gabeko bigarren urtean, alardearen hurrengo edizioa prestatzeko lanean dihardutela aurreratu du komandante berria.

Nondik dator alardearekiko duzun lotura estua?
Irundar askori gertatzen zaien moduan, San Martzial jaiak txikitatik bizi izan ditut. Izan ere, txikitatik Behobiako konpainiari loturik egon naizela sentitzen dut.

Zure kasuan, Behobiako konpainiarekin duzun lotura berezia eta irmoa da?
Bai, besteak bestek, 2016. urtean Behobiako konpainiako kapitainak izateko aukeratu ninduten. Ondorengo lau urteetan zehar bai konpainia eta bai alardea laguntzeko ahalegin guztiak egin ditut. Izan ere, betidanik auzoan antolatzen ziren ekintza guztiekin lotura estua izan dut. 1992. urtean hasi nintzen alardean desfilatzen eta hasiera-hasieratik Behobiako konpainian desfilatu nuen. Zortzi urtez konpainiako kaboa izan naiz. Horren ostean, beste zortzi urtez teniente izan nintzen eta gero, 4 urtez, Behobiako kapitain izateko aukeratu ninduten. Beraz, bizitza osoa Behobiako konpainiari loturik eman dudala esan dezaket.

Aurrerantzean 2020ak esanahi berezia izango du zuretzat, Alarde Tradizionaleko komandante izendatu zintuztelako?
Bai, 2020an Behobiako kapitain gisa nire agintaldia bukatzen zen eta urte amaieran alardeko komandante izendatu ninduten.

Izendapen berezia, denbora askoren ostean alardetik gabeko lehen urtea izan zelako, ezta?
Bai, urte txarra izan zen eta gainera ez genuen alarderik izan. Festarik ez izatean gainera, bizitzako gainontzeko alderdi guztietan 2020a urte txarra izan zela esango nuke, bai irundarrentzat zein edonorentzat. Alardea irundarren egutegian gorriz markatutako egun berezia da, beraz, festa bertan behera gelditzeak Irungo biztanleen bizitzetan eragin nabarmena izan zuen.

Arraroa izan da komandante izendapena jasotzea alarderik gabeko urte batean?
Bai, egoera nahiko berezia da. Izan ere, urte osoan zehar komandante lanak egiten dituzu, baina badakizu ekainaren 30a iristen denean ezingo zarela Irungo kaleetara atera komandante izateko. Dena den, niretzat komandante rolean desfilatzea edo ez desfilatzea garran- tzi gutxiko zerbait da. Nire ustez, garrantzi gehiago du orokorrean alardea antolatzea ezinezkoa izateak. Beraz, guk desfilatzea edo ez desfilatzeak garrantzi gutxiago du.

Izendapena jaso aurretik, zure burua alardeko komandante gisa ikusten zenuen?
Ez, egia esan, ez. Behobiako konpainiako kapitain izatea jada sekulakoa iruditzen zitzaidan. Auzoko bizilaguna izanik, horixe zen nire xederik handiena. Paco jenerala nire etxera albistea ematera etorri zen unea oso berezia izan zen. Ileak punta-puntan jarri zitzaizkidan eta beldur eszeniko apur bat sentitu nuen. Orduan hasten zara zalantzan jartzen karguak dakartzan konpromiso guztiak aurrera ateratzeko gai izango ote zaren. Komandante izateak ardura dakar, ardura handia. Komandantea zarenean gauza asko egin eta transmititu behar dira, beraz, ez da lan erraza. Hala ere, zalantzarik gabe poztasun eta harrotasun asko eragin zidan komandante izateko proposamena jasotzeak. Izan ere, nornaitek postua betetzeko kontutan hartu zaituela erakusten duelako eta hori da alardean parte hartzen dugunoi gerta dakigukeen gauzarik handiena.

Erantzukizunak Irungo festez gozatzeko aukera emango dizula uste duzu?
Gozamena behin alardea amaituta etorriko dela uste dut. Alardearen barneko edozein aginte karguk bere erantzukizunak dauzka eta uneoro alardeko gainontzeko parte hartzaileentzat lan egitea eskatzen dute.

Alardearen barnean, zein da komandantearen egitekoa?
Komandantea, orokorrean, kudeaketa-lanaz arduratzen dela esango nuke, hau da, alardea osatzen duten batzordeak lotzeko ardura du. Horretaz gain, beharrezko baimenak lortzeaz eta batzordeetan sortu litezkeen arazoak konpondu behar ditu. Ekainaren 30ean, aldiz, komandantearen egitekoa zein den deskubritzeko daukat oraindik, oraindik ez dudalako desfilatzeko aukerarik izan.

Aurten alarderik egingo ez bada ere, zuen lanak ez du etenik?
Irailean bilerekin hasi ginen eta hilero bilera bat egin ohi dugu. Ekainean, berriz, hainbat bilera izan ditugu, Alardeko Agintarien Batzordearen barruan egiten ditugunez gainera.

Aurtengoa ere beste ekain ezberdin bat izango da. Nola biziko duzu?
Tristura eta melankolia handiz biziko dudala uste dut. Gaizki, aurreko urtean bezala.

Alardea berriro ospatzea posible denean, inoiz baino bereziagoa izango da zuretzat?
Bai, alardean beteko dudan karguaz gainera, 500 urte betetzen direlako 1522. urteko gudutik. Oso data berezia da eta, bi urte luzeren ostean, uste dut jendea berriro alardea antolatzeko irriketan egongo dela.

Zein esanahi dute zuretzat Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek?
Erantzukizun handia dira. Hau da, gure arbasoek erakutsitakoa gure seme-alabei transmititzearen ardura direla uste dut. Erantzukizun moduan ikusten ditut, poztasuna, familia eta gozamenarekin loturiko uneak izateaz gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude