Pandemia hasieratik urtebete betetzeko hilabete falta denean, merkatari eta ostalariek osasun krisialdiaren ondorioei aurre egiten jarraitzen dute. Zehazki, Behobiako merkatari elkartearen ordezkaria den Rubén Frailek mugaren inguruan Frantziako gobernuak hartutako murriztapen neurri berriek auzoko saltokietan izandako eragin kaltegarria salatu du La Cave dendaren atarian.
Zein da momentu honetan Behobiako merkataritzak bizi duen egoera?
Momentuko egoera nahiko txarra dela esango nuke. Azkenaldian erosleen kopurua era nabarian murriztu da eta ohiko bezeroek joan-etorri eta erosketa gutxiago egiten dituztela ikusi dugu. Beraz, gure kasuan denda zabalik dugu, baina, egia esan ez dakigu zertarako, denbora pasatzeko.
Frantziako gobernuak muga gurutzatzeko kontrolak indartu dituela nabaritu duzue?
Bai, batez ere, urtarrilaren 30tik aurrera, muga zeharkatzen duten pertsonen kopurua modu nabarmenean jaitsi dela ikusi dugu. Frantzia eta Espainiako estatuen arteko muga guztiz itxi ez bada ere, murriztapenen ondorioak nabaritzen hasi gara. Zehazki, alde batetik bestera zeharkatu nahi dutenei, mugaren inguruan 30 kilometrotara bizi ez badira, PCR probak eskatzen dizkiete. Hortaz, hemen inguruan bizi diren biztanle horiek arazorik gabe muga zeharkatu dezakete erosketak egitera etortzeko.
Zuen bezeroei erreparatuta, nondik etorri ohi zaizkizue erosleak?
Gure kasuan bezeroen %99a mugaren beste aldetik dator, hortaz, egoera honen ondorioz egun gure bezero kopurua ia zerora jaitsi dela esan dezakegu.
Zuengana mugaren beste aldetik iristen diren bezero horien jarreran aldaketarik nabaritu duzue?
Guztioi azkenaldian gertatzen zaigun moduan, zalantzaz beterik datoz. Hau da, ez dakite muga zeharkatzeagatik legez kontrakoa den zerbait egiten ari diren. Hortaz, guregana iristen diren bezero gutxi horiek beldurrez datozela ikusi ahal izan dugu.
Bezero horien erosketek ohiz kanpoko egoeraren agerian uzten dute?
Bai, 2020ko ekainaren 21etik aurrera aldaketa handia nabaritu genuen, izan ere, egun horretara arte muga hesiz itxita egon baitzen. Muga ireki bezain laster bezeroek ohi baino erosketa kopuru handiagoak egiten zituztela ikus genuen, baina, ostean ohiko egoerara itzuli garela esango nuke. Hala ere, azkenaldian Frantziako bezeroen dei asko jasotzen ditugu, irekita ote gauden edo gure dendara etor daitezkeen galdetuz.
“Estatuen arteko muga guztiz itxi ez bada ere, neurrien ondorioak nabaritzen hasi gara”
Salmentak guztiz ezegonkortu zirenetik urte bat beteko da laster. Egoera luzapena ikusita, ez da erraza izango negozioa aurrera ateratzea?
Bai, oso luze egiten ari zaigu ia urtebetez honelako egoera ekonomiko guztiz ezegonkorrari aurre egin behar izatea, etorkizunean zer gertatuko den jakin gabe. Egoera ekonomikoaren zailtasunez gainera, agintari politikoek gure negozioen aurka egindako adierazpen zentzugabeek asko kaltetu gaituzte. Izan ere, ez dugu ulertzen zein arrazoietan oinarritzen diren Behobian erosketak egitea aholkatu ordez, frantsesak Dantxarinea bezalako beste muga inguruetara joan daitezela sustatzeko. Batez ere, deigarria eta zentzugabea iruditzen zaigu Kotte Ecenarro, Hendaiako alkate gisa, beste agintari politikoek egindako deklarazioei zabalpena ematea, Hendaia eta Irungo hirien ekonomia laguntzen ez dutela argi dagoenean. Egia edo adierazpen zentzugabeei zabalpena emateak kalte asko egiten digu.
Zer beharko zenukete zuen negozioen egoera hobetzeko?
Normaltasunera itzultzea, gaur egun mundu guztiak egiten duen eskari bera. Horrela, jendea gure dendara lasaitasun osoz erostera etor daitekeelako.
Zentzu horretan, Behobiako merkatarien egoera ezin da hiriko gainontzeko saltokien egoerarekin alderatu?
Lehengo egunena irakurtzen nuen Mendibil merkataritza-gunean salmentak eta bisitariak %40 murriztu direla, hau da, merkataritza-gunean jasotzen duten bisitarien kopurua ia desagertu egin dela, bertako biztanleen ehunekoa %60koa delarik. Hiriaren erdigunean bisitarien kopurua era hain nabarian murriztu bada, Behobiako merkatarien kasuan bisitak %90 jaitsiko ziren gutxienez.
Zuen dendaren kasuan, egoera berri honetara egokitzeko neurri berezirik hartu behar izan duzue?
La Cave dendan gure ordutegia murriztu dugu, beraz 8:00etan irekitzen jarraitzen dugu, baina, 20:00etan itxi beharrean, orain 18:00etan jaisten dugu dendako pertsiana. Hortaz gain, “take away” zerbitzua eskaintzeko apustua egin dugu, horrela, Frantzia, Irun, Hondarribi edo Donostiako bezeroei erosketa etxera eramateko aukera ematen digulako.
Zeintzuk dira etxera eramateko zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak?
Bezeroek 30 eurotik gorako erosketak egin behar dituzte eta trukean guk erosketa etxeraino eramaten diegu. Orokorrean, Irun, Hondarribi eta Hendaiako bezeroekin lan egiten dugu, baina, kasu zehatzetan erosketak Donostiaraino eraman izan ditugu.
Etorkizunari begira aurreikuspenak egitea zaila izango zaizue?
Bai oso zaila da. Esaterako, gure biltegiak ia hutsik dauzkagu, ez garelako generoz betetzera arriskatu nahi. Izan ere, biltegia generoz betetzeko aurretik erosi nahi dena ordaindu behar dugu eta orain ez dugu gastu guzti horri aurre egin ahal izateko likidezia nahikorik.
“Gure kasuan bezeroen %99a mugaren beste aldetik dator”
Salmentei dagokienez, zeintzuk dira urteko hilabeterik garrantzitsuenak zuentzat?
Martxo inguruan salmentak handitzen dira eta urrira arte luzatzen da salmenta handieneko garaia. Baina, batez ere, abuztua izan ohi da urtean zehar gehien saltzen dugun hilabetea.
Urte hasierako gorabeherak ikusita, zein aurreikuspen dituzue hurrengo hilabeteetara begira?
Gure desio pixkanaka egoera hobetzen dela ikustea da. Hemendik gutxira txertoaren eraginkortasuna ikustea espero dugu. Izan ere, egoera aldatu ezean, udaberrian gutako askok gure negozioak itxi beharko ditugu.