Saharatik Irunera irribarrearen bila

Aljerian bizi dira, errefuxiatuentzako kanpamenduetan, baldintza kaskarretan.
Horietako hamabi haurrek Irunen uda igarotzeko aukera izan dute, besoak
zabalik hartu dituzten familien elkartasunari esker. Irungo Udalak Saharatik etorri berriak diren haurrei ongietorri ekitaldia eskaini die uztailaren hasieran. Gizarte Ongizate, Hezkuntza eta Gazteria Udal arloak, TADAMUN elkartearekin batera, izan dira harreraren sustatzaileak.

 

HSAHARA_TALDEA_UMEAamalaugarren urtez Saharako zazpi eta hamabi urte bitarteko umeak etorri dira gurera, “Oporrak bakean” programaren bitartez. Euskadi osora iritsi diren hirurehunetatik, hamabi hartu dituzte familia irundarrek.
“Oporrak bakean” egitasmoak bi helburu ditu: gizaldekoa eta solidarioa. Egonaldiak irauten duen bi hilabeteetan beren elikadura hobetzen dute eta mediku-azterketak egiten dituzte. Beste alde batetik, ibaiak, mendiak, itsasoa, basoak, eta abar ezagutzen dituzte. Kontuan izan behar da bizitza osoan ez dutela horrelako paisaiarik ikusi, liburuetan izan ezik. Ume hauek urtean zehar errefuxiatuentzako kanpamentuetan bizi dira, baldintza eskasetan. Udan beroa dute arerio nagusi, tenperatura berrogeita hamar gradutara ere hel daiteke eta.

SAHARA_TALDEA
Ama baten esperientzia aberasgarria
Amaia Segurola Saharako ume bat hartu duen boluntario bat da. Argi dauka zeinen garrantzizkoa den programa honetan parte hartzea horrenbeste behar duten laguntza eskaintzeko haurrei. Kontent eta irribarretsu ikusteak bereziki gogobetzen du Amaia. “Lehendabiziko egunak gogorrak izan dira, haurrak bere familiaren falta nabaritzen duelako. Hori dela eta, deiak egin behar izan ditugu Aljeriara. Orain ongi moldatzen gara”. Etxean haur hauetako bat hartzeko ezer gutxi behar dela adierazi du Amaiak: “Beste ohe bat jartzea eta janari pixka bat gehiago erostea, besterik ez.”
Sidahmed Irunera etortzen den hirugarren uda da. Opor hauek biziki pozten dutela azaldu zuen harrera ekitaldian. Bere kirolik gustukoenak futbola eta igeriketa direla kontatu zuen. Halaber, padela, dantza, piraguismoa, bide heziketa eta gure inguruetako zenbait lekutara txangoak egiteko aukera izango du.
Esperientziaren alde positiboak ez dira haientzat bakarrik. Errefuxiatuen kanpamenduetan jaio dira eta beren familiek erbeste luze bat bizi dute. Handik kanpo igaroko dituzten bi hilabete hauek egunerokoan bizi duten errealitatea eta historia munduari jakinarazteko aukera garrantzi-tsua da. Harrera familientzat ere bizikidetza esperientzia oso onuragarria da gure gizarte balioak aberasteko.
Irun eta Smararen arteko senidetzea
2003. urteaz geroztik laguntza-hitzarmen bat izenpetzen da urtero lankidetza programa hedatzeko. Irungo Udalak diru-laguntza ematen du, “Oporrak Bakean” egitasmoaren barruan etortzen diren umeei bidaiak eta aseguruak ordaintzeko. Gainera, minen biktimen zentroari diru laguntza ematen zaio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude