Saihesbidean ibilgailu pisutsuen igarotzea murrizteko konponbidearen bila dabil Irungo Udala

Azkenaldian, Irungo saihesbidea erabiltzen duten ibilgailu pisutsuen kopurua era nabarmenean igo da. Ondorioz, Irungo hiriaren erdialdean zein hiri-aldirietan auto-pilaketak sortzen dira ia egunero, gainontzeko ibilgailuen zirkulazioa oztopatuz. Zehazki, Behobia eta Osinbiribil inguruak batzen dituen errepide zatia da arazo gehien sortzen dituena.

Paco Martinez eta Jose Barreiro, Behobia eta Artia Auzo Elkarteetako presidenteak, Agustin Gonzalez, Irungo Hiritar Foroko presidentea, eta Cristina Laborda, Polizia eta Mugikortasun ordezkaria, elkartu dira azken hilabeteetatik ona irundarrek pairatzen duten arazoa salatzeko. Cristina Laborda Polizia eta Mugikortasun ordezkariak salatu du, “udaran eta oporren amaieran, hiriko sarbideak kolapsaturik ikustea irudi ohiko batean bihurtzen ari da”.

“Udaran eta oporren amaieran, hiriko sarbideak

kolapsaturik ikustea irudi ohiko batean bihurtzen ari da”

Cristina Laborda, Polizia eta Mugikortasun ordezkaria

Aspaldi sorturiko arazoa konpontzen saiatzeko 2010 urtean GI-636 errepidean Behobia eta Osinbiribil artean edo Juan Thalamas Labandibar kaletik ibilgailu pisutsuen igarotzea murrizten duen Agindu Foral bat dago. Era honetan, hiri-erdialdetik Irun abiapuntutzat edo helmugatzat ez duten kamioien zirkulazioa ekidin nahi zen, errepide horiek hiriko barne-zirkulaziorako erreserbatzeko. Auto-pilaketen sorrera saihesteko, ibilgailu pisutsuak A-8 autobidea erabili beharko lukete.

Konponbidearen bila
Azken urteetan arazoa kudeatzeko kontrola murriztu eta biztanleen kexak areagotu direla aipatu du Cristina Laborda Polizia eta Mugikortasun ordezkariak. Gainera, udal ordezkariek Ertzaintzaren Trafiko Zuzendaritza Probintzialarekin bilera ugari egin dituzte arazoa kudeatzen saiatzeko. Hortaz gain arazoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan jarri da, eskuduntza duen administrazio-organoa denez gero.

Udara hasi aurretik, Udaltzaingo Unitateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera bat izan zuen, GI-636 errepidetik ibilgailu pisutsuen igarotzea murrizten duen Agindu Forala Bentas eta Behobia arteko errepide zatiari zabaltzea eskatzeko. Bide Azpiegituren sailak eskaera aztertu ostean, proposamena ezeztatu zuen, murrizketa zabaltzea beharrezkoa ez zela argudiatuz.

Cristina Laborda Polizia eta Mugikortasun ordezkariak adierazi du, auto-pilaketak saihesteko ibilgailu pisutsuen igarotzea murrizten duen Agindu Foralaren betekizuna era zorrotzean bermatzea ezinbesteko ikusten du. Hortaz gain, biztanleen kexei erantzunez, murriztapena hiriko beste errepide batzuetara zabaltzea beharrezkoa dela gaineratu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude