
Ekainaren 23a jai eguna da euskal lurraldeko zenbait hiri eta herrietan. Irunen kasuan, San Juan gauak, esanahi bikoitza dauka, izan ere, urteko gau laburrenaren inguruko ospakizunarekin batera Irungo jaiei hasiera ematen baitzaie era ofizialean.
Irunen antolatutako ekintzak
Irunen zehazki, ekainaren 23ko iluntzean zenbait ekitaldi errepikatzen dira urtetik urtera. Arratsaldean hiriaren erdiguneko San Juan plazan San Juan Arbola jartzen da, Txistularien Udal Bandaren emanaldiarekin. Zuhaitza arratsaldean zehar plazan kokatu arren, iluntzean San Juan sua piztua arte ezin da goiko adarretan kokatutako diru-poltsak hartzera igo. Aurtengo jaiak ezohikoak izan arren, arbola plazan kokatuko da, baina, pandemiaren eragina lehen pertsona pairatu duten pertsonentzako omenaldi batean bihurtuko da.
San Juan bezperako iluntzean Kemen dantza taldeko mutil dantzariak sua piztu aurretik San Juan plaza inguratzen dute soka luzea osatuz. Aurreskulari eta atzeskulariek, hau da, sokaren muturrean doazen mutilak, elkarri Desafioa izeneko dantza dantzatzen diote. Jarraian, soka osatzen duten gainontzeko mutilekin Alpargata dantzatzen dute. Ondoren, Kemeneko poxpolinak plazara sartzen dira eta, ohorezko dantzen ostean, neska-mutilek fandango, arin-arin eta kalejirarekin amaitzen dute eguneko dantza emanaldia.
Dantza emanaldia amaitu bezain laster udaletxeko balkoitik San Pedro eta San Martzial jaiei hasiera emango dien Agur Ofiziala irakurtzen du aukeratutako pertsonak, hiriarekin nolabaiteko lotura berezia izan ohi duena. Jarraian, plazara jaitsi eta Alkateak San Juan sua piztu ohi du, Txistulari Taldeak girotuta.
Aspalditik datorren ohitura
San Juan gaueko errituak udako solstizioaren ospakizunarekin zuzenki loturik daude. Solstizioen ospakizuna aspalditik datorren kontua da, izan eren, gizakiek antzinatik eguzkia miretsi eta eguzkiaren zikloak aztertzeko joera izan dute. Udako solztizioa zehazki ekainaren 20an gertatu arren, erlijio katolikoaren eraginez, urteko egun luzeena eta gau laburrenaren ospakizuna ekainaren 24aren bezperara mugitu da, egutegi katolikoaren arabera San Juan Bautistaren omenezko ospakizun batean bihurtuz.
Horrela, udako solstizioa ospatzeko antzinako herrietatik gaur egun arte eguzkia suaren bitartez sinbolizatu izan da. Izan ere, Europako zenbait herrialdetan suaren bitartez ospatzen da udako solstizioa. Ziurrenik hasiera batean Zeltak izan ziren orain dela 3.000 urte inguru sinismen hau euskal lurraldetara ekarri zutenak, ondoren, erlijioaren eraginez errituak moldatu eta egokitu ziren arren.
Eguzkia eta suaren arteko lotura sinboliko honen ondorioz, San Juan gauarekin lotutako ekitaldi ezagunena hiriko plaza nagusian sua piztearena da. Sua hiri edo herrietako plaza nagusietan pizteaz gainera, euskaldunek hiri bereko auzo desberdinetan edo baserrietan sutzarrak sortzeko ohitura mantendu dute. Dena dela, Euskal Herrian zehazki San Juan bezperaren inguruan bestelako erritu eta ohiturak ospatzen dira. Esaterako , gau horretan euskal lurraldeko hainbat lekuetan antolatu ohi ziren akelarreen eraginarengatik, Sorgin Gaua izenez ere ezagutzen da egun hau eta oso ezaguna da, adibidez, Zugarramurdi bezalako herrien kasuan.

Gizakiak eguzkia suaren bitartez sinbolizatzeko modua topatu zuen bezala, lurra ura eta landareen bitartez irudikatu ohi da. Suarekin erlazionatutako sinesmenez gainera, iturri, putzu edo erreken urarekin lotutako sinismen ugari daude udako solstizioaren inguruan. Izan ere, sinesmen horien arabera uste da egun horretan ur hori edan, urarekin gorputza garbitu edo San Juan goizeko ihintzarekin bustitzen duten pertsonek, ondorio osasungarri edo babesleak izango dituztela urte osoan zehar. Era berean, San Juan egunaren bezperan ohiko da etxeko atarietan lizarra, erramu edo elorri zuriaren adarrak ipintzea, etxeak tximista eta bestelako gaitzetatik babesteko gaitasuna dutela sinetsiz.
Ohitura hau oinarritzat hartuta ulertu daiteke Irungo udaletxearen balkoia, San Juan egunaren bezperan eta hiriko jai egunetan zehar hiriko armarria apaintzen duen erramu-koroa. Udaletxeaz gainera, San Juan Harriko zutabea erramu-koro bat eta arto-lastoekin apaindu ohi da, hipotesi hau egiaztatzen duen dokumenturik egon ez arren, ziurrenik jatorrian hiriko uzta eta lurzoruen emankortasuna laguntzeko sinesmenak bultzatuta .
Euskal Herriko beste hiri batzuetan egiten den bezala, Irunen San Juan arbola landatzen da hiriko plazan ekainaren 24eko bezperan. Ohitura hori Ama Lurraren ekoizpen gaitasunari loturik, munduan zehar Zuhaitz sainduaren gurtzearen inguruan edatutako beste sinesmenen unibertsalen inguruan ulertu behar da, sinesmenaren jatorria euskal mitologiarekin lotutako edukiak partekatzen dituen Amaroa webgunearen arabera egiptiar edo germaniarren artean aurkitzen delarik.
San Juan arbola
Irunen ekainaren 23an egin ohi den ospakizunarekin lotutako beste sinbolo esanguratsu bat San Juan arbola. San Juan Harri zutabea eta hiriko jaiei hasiera ematen saien egunean San Juan plazan kokatu ohi den zuhaitzaren artean lotura estua dago. Izan ere, San Juan Harri zutabea 1564. urtean eraiki zen, San Juaneko zuhaitza ipini ohi zen tokian harrizko zutabe bat ipintzeko helburuarekin. Eraikuntzaren arrazoi eta kokapenaren inguruko teoria ugari daude, garai hartan oraindik San Juan plaza existitzen ez zela eta hiriko erdigune administratiboa Junkaleko parrokiaren inguruan kokatzen zela kontutan hartuta. Batetik, Aranzate Jaunaren etxearen aurrean kokatzea erabaki zelaren teoria zabaldu zen, 100 frantsesek bere etxea okupatu ostean eraikinari su emateko adorea izan zuela gogoratzeko.
Hala ere, zutabeko armarriak ikertu ostean, zutabearen eraikuntza Hondarribiko hiritik bereizteko keinu bat izan zela ondorioztatu da. Hondarribiarren aldetik zutabearen eraikuntza gaizki ikusia zegoenez, irundarrek haien benetako asmoa ezkutatzeko saiakera batean zutabearen gainean saindu bat ipintzeko erabakia hartu zuten, zutarriari itsura erlijiosoa emanez. Egungoa zutabea originala izan ez arren, San Juan Harriak hiriko historian zehar gertatutako gatazka, gerra eta suteetatik onik atera da.
San Juan plazaren bazter batean kokaturik hiriaren bilakaera eta bertan jazotako gertakarien lekuko izan den harrizko zutabe honek San Juan gau ezohiko baten lekuko izango da aurten.