“San Juan plazako sarrera izango da biziko dudan unerik bereziena”

Hamar bat urte darama Inma Landak Alarde Publikoko lerroetan desfilatzen. Orain arte Zaldieriako kidea zen, baina aurten Ainhoa Ruiz de Arbuloren lekukoa hartu eta Alarde Publikoko jeneral berria izango da. Erantzukizun handiko rola da berea. Hala ere, Inma oso pozik dago albistea aditzera eman zenetik Irungo jendeak erakutsi dion errespetu eta jarrera positiboarekin.

inma landa azal28

– Espaloietan alaba eta lagunak txalotzetik Zaldieriako kide izatera pasa zinen. Nola bizi izan zenuen aldaketa hura?
Duela hamar bat urte hasi nintzen Alardea barrutik bizitzen. Lehendabiziko urteak oso gogorrak izan ziren, baina denbora pasa ahala gero eta lasaiagoak dira alardeak. Jendearen tolerantzia gero eta handiagoa da. Hala ere, ezin dugu ahaztu gure ibilbidean Kale Nagusiak puntu beltz bat izaten jarraitzen duela.
– Gogorra izan behar du zuk aipatutako Kale Nagusian jendearen mespretxua eta axolagabekeria jasatea, ezta?
Bai. Egia esanda, tristura ikaragarria ematen dit. Kanpora begira, Irungo irudi lotsagarria helarazten dugu. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, uste dut iraintzen gaituen jende horrek eboluzionatu egingo duela; orain dela 20 urte hartu genuen erabaki horrek ez baitu atzera bueltarik.
– Aurten, arma-ikuskatzea egiterakoan, ibilbidea luzeagoa izango da, konpainia berri bat duzuelako. Herritarren babesaren seinale?
Bai. Gero eta jende gehiagok parte hartzea espero dugu, gero eta konpainia gehiago dituen Alardea eduki ahal izateko. Gainera, izugarria da guretzat Santiago konpainia gehitu ahal izatea. Oso pozik gaude, normaltasun osoz, konpainia hori osatzeko bilerak bizilagun elkartean egin baititugu. Toleran-tzia handia dago eta jendearen jarrera gurekiko, zorionez, asko aldatu da.
– Alarde Publikoko jeneral berria izango zinela jakin zenuenean, nola erantzun zuten zure ingurukoek?
Ikastetxe handi batean egiten dut lan eta alde bateko eta besteko pertsonak daude, baina erakutsi duten jarrera positiboak eta errespetu izugarriak asko poztu naute. Denek zoriondu naute eta aholkuak eta animoak eman dizkidate. Oso pozgarria izan da, horrek non gauden eta nora iritsi garen erakusten duelako.
– Ekainaren 30a gertu dugu jada. Zein izango da zuretzat unerik bereziena?
Zalantzarik gabe, San Juan plazarako sarrera. Errespetua ematen du, azken urteetan erorketa bat baino gehiago egon delako, baina gogoz itxaroten dut une hori. Hain gustuko dudan Arrankada galduko dut, baina beste momentu hunkigarri batzuk ere bizi ahal izango ditut.
– Ingurukoek aholkuren bat eman al dizute?
Batez ere, lasai hartzeko esan didate, eta jeneral bezala eman beharreko pausuei buruz aholkuak eman dizkidate.
– Gero eta jende gazte gehiagok erabakitzen du Alarde Publikoan ateratzea. Nola bizi duzu hori?
Gehien emozionatzen nauen gauzetariko bat da. Gaztetxo horiek San Martzial aldapa igotzen ikustea, aurpegian irribarre bat dutela, une ordainezina da. Horietako askok bi aukerekin jaio dira eta festak eurek erabakitzen duten moduan bizi ditzakete.
– Gaur egun egoerak hobera egin du, baina nola bizi izan zenituzten urte latzenak?
Imajinatzen duzunez, oso gaizki pasa genituen. Lagunak galdu ere egin genituen Alarde Publikoa babestu eta bertan desfilatzeagatik. Zorionez, gaur egun denak elkarrekin afaltzera joan gaitezke eta egoera asko normalizatu da. Denak irundarrak gara eta gure modura bizi ditugu jaiak, baina beti errespetuz.
– Noizbait ikusiko al dugu berdintasunezko alarde bakarra?
Ez dut inongo zalantzarik. Orain dela 20 urte ekin genion bideak ez du atzera bueltarik. Denborak aurrera egin beharko du eta elkarrekin eseri, konflikto honi konponbide bat bilatzeko. Guk gure atea irekita izan dugu beti; baina zoritxarrez, elkarrizketarako beste hainbat atek i-txita jarraitzen dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude