San Marcial klubak futbol egokituko jardunaldian parte hartu zuen martxoaren 12an

Irungo San Marcial klubak Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak antolatutako futbol egokituko jardunaldian parte hartu zuen. Jardunaldia martxoaren 12ko goizean egin zen eta Gipuzkoako 20 neska-mutil inguruk parte hartu zuten bertan. Hirian egiten den futbol egokituko lehen jardunaldia bada ere, aldez aurretik San Marcial klubak bi kirol federazioek antolatutako proba pilotuan parte hartu zuen, Irunen egin baitzen.

Futbol egokituko jardunaldiak antolatzeko egitasmoa Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak elkarrekin martxan jarritako proiektu batetik dator. Alicia Figueroa Kirol Egokituaren Federazioko Zuzendari Teknikoak adierazi duenez, “proiektu honen bitartez gure ideia aniztasun funtzionala duten haurrei kirola egiteko aukera eskaintzea da”. Alicia Figueroaren hitzetan Irungo jardunaldiaren antzeko beste ekintza batzuk antolatu dira ere Arrasaten eta Azpeitian. Kirol Egokituko Federazioaren Zuzendari Teknikoak erantsi duenez, “oso eskertuta gaude San Marcial Klubari, futbolean aniztasun funtzionala duen jendeari ateak irekitzen lehenetarikoa delako”.

Josu Zubia Gipuzkoako Futbol Federazioko Kirol Zuzendariak azaldu duenez, futbol egokituko jardunaldiak antolatzeko ideia lantzen hasi zirenean Gipuzkoako hainbat klubekin harremanetan jarri ziren eta ekimenean parte hartzeko asmoa erakutsi zuen lehen klubetako bat San Marcial izan zen. Zubiaren hitzetan, “kontuan hartzekoa da San Marcial bezalako klubek horrelako ekimenei esker aniztasun funtzionala duten neska-mutilei kirola egiteko aukera eskaintzen dietela”. Izan ere, San Marcial klubean gauzatu zen proiektu honen lehen proba pilotua uda aurretik.
San Marcial klubean egindako jardunaldia formatu inklusiboan antolatu zen. Hau da, jardunaldian aniztasun funtzionala duten haurrek parte-hartzeaz gain, San Marcial klubeko infantileko lehenengo mailako haurrek ere parte hartu zuten. Kirol Egokituko Federazioaren ordezkariak azaldu moduan, jardunaldiaren bitartez “desberdintasunean bizitzea” nolakoa den ikasteaz gain, aniztasuna sustatzea da asmoa.

San Marcial klubak lehen kirol egokituko jardunaldiko proban parte hartu zuenetik, Gipuzkoako beste 7 klub batu dira proiektura. Jorge Vertiz San Marcial klubeko lehendakaria da eta honelako jardunaldi bereziak antolatu ostean, beti futbol egokituko ekintza gehiago prestatzeko gogoa pizten zaiela onartu du. “Oso proiektu polita da eta uste dugu horrelako espazio gehiago sortzea beharrezkoa dela”. San Marcialeko lehendakariak azpimarratu du aniztasun funtzionala izan edo ez, haurrek horrelako jardunaldiak asko disfrutatzen dituztela eta lagun berriak egiteko aukera paregabeak direla.

Gozamenerako goiza
Futbol egokituko jardunaldiaren hasieran aurkezpen erronda txiki bat egiten zen haur parte-hartzaileek eta entrenatzaileek elkar ezagutu zezaten. Ondoren, taldeak adinaren arabera banatu ziren. San Marcial klubeko entrenatzaileek lau ariketa ezberdin prestatu zituzten eta 6 eta 8 jokalari arteko talde guztiek ariketa ezberdinak probatzeko aukera izan zuten goizean zehar.
Entrenamendurako baliagarriak izan ziren ariketen ostean, parte-hartzaileek partidu bat jokatu zuten. Gainera, etxera joan aurretik luzaketak egiten ikasi zuten, luzaketak kirol-jardueran zeinen garrantzitsuak eta onuragarriak diren ulertzeko.
Egitasmo berezia

Irungo jardunaldia egin aurreko astean, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen zela aprobetxatuz, San Marcial klubak egitasmo berezia jarri zuen abian. Kamiseta batzuk diseinatu eta salgai jarri zituen aste horretan zehar, emakumeek futbolean duten papera ikusarazteko nahiarekin. Kirolean emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeaz gain, kamiseten salmentarekin bildutako diru guztia Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioari dohaintzan eman dio San Marcial klubak. “Espero dugu ekarpen ekonomiko hau federazioarentzat lagungarria izatea, kirol egokitua sustatzen jarraitzeko ekimen gehiago antolatzeko aukera izan dezaten”.

Kirol aukera murritzak
Jorge Vertiz, Alicia Figueroak eta Josu Zubiak onartu dutenez, aniztasun funtzionala duten haur eta pertsonek oro har kirola praktikatzeko aukera gutxiago dute. Gipuzkoako Futbol Federazioko Josu Zubiak azaldu duenez, adin batetik aurrera jokalarien emaitzetan eta taldeen lehiakortasunean arreta handiagoa jartzen da, integrazioaren gisako beste helburu batzuk ahaztuz. Alicia Figueroak aipatu duenez, “oso garrantzitsua da San Marcial bezalako klubek horrelako ekintzak antolatzeko prestutasuna erakustea; horrela baliteke etorkizunean klubera jokalari berriak batzea”.

Jorge Vertizek azaldu du San Marcial klubean garrantzi handia eman nahi diotela aniztasun funtzionala duten pertsonei futbolaz gozatzeko aukerak sortzeari. “Klubaren ardatza izango den proiektuetako bat izatea nahi dugu”, gehitu du San Marcialeko lehendakariak. Horrela, futbol egokituko jardunaldi hauek gero eta maizago antolatu ahal izatea nahiko lukete. Vertizek adierazi duenez, “ez genuke nahi ekintza bakartu gisa ulertzea, hau da, maiztasun jakin batekin errepikatu nahi ditugu aniztasun funtzionala duten pertsonek kirola modu jarraituan praktikatu ahal izateko”. Horretarako, San Marcial klubeko entrenatzaileek beren ezagutzak zabaltzeko, kirola aniztasun funtzionala duten pertsonetara egokitzen ikasteko hainbat prestakuntza-ikastaro egin dituzte klubean lehen froga pilotua egin zenetik.

Inoiz San Marcial klubean aniztasun funtzionala duten pertsonen talde bat sortuko balitz, Jorge Vertiz lehendakariak onartu du agian klubeko entrenatzaile taldea indartzea beharrezkoa izango litzatekeela, pertsona horien behar bereziei modu egokian erantzuteko. Hala ere, San Marcial klub irundarrak inklusioaren aldeko bidea hasita du eta ziur datozen hilabeteetan antzeko egitasmoak antolatzen jarraituko duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude