San Migeleko Emigrazio eraikinaren etorkizun berria gero eta hurbilago

IRUNVIren administrazio-kontseiluak aste honetan onartu du San Migeleko Emigrazioko eraikina birgaitzeko proiektua idazteko lanen adjudikazioa. Etxebizitza Sozietate Publikoa arduratuko da proiektua izapidetzeaz. Horren arabera, eraikin historikoa prestatuko da auzorako erabilera eta espazio berriak eskaintzeko.

Orain idazten hasi den proiektuan eraikin guztia sartzen da, baina edukia bereizita aurkeztuko da (beheko solairua eta horko erabilerak alde batetik, goiko solairuak bestetik, etab.). Izapidetzeak aurrera egin ahala, proiektua faseka gauzatuko da.

Irungo alkate José Antonio Santanok nabarmendu duenez, “behin kanpoalde osoa birgaituta, barrualdera bete-betean sartu eta eraikinari erabilera emateko unea da: San Migelentzat eta hiri osoarentzat oso interesgarriak diren ekipamendu sozialak kokatuko ditugu, eta etxebizitza publikoaren aldeko apustuan aurrera egingo dugu, alokairuko apartamentuen bloke handi bat eraikita”.

Beheko solairuan, Udalak San Migeleko auzo-elkarteak eta auzoko beste elkarte batzuek egindako ekarpenak jaso zituen, auzorako eta hirirako ekipamendu publikoen erreferentziako espazio bat izango den horren erabilerak definitzeko. Auzoarekin harremanetan egoteko bide hori osatzeko, EH Bilduren zuzenketa bati jarraikiz, herritarrek Udalaren webgunearen bidez parte hartzeko prozesu bat jarri zen abian (COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioz, ezin izan ziren egin horrelako prozesuetan egin ohi diren aurrez aurreko bilerak). Prozesu horretan maizen eskatutako proposamenak identifikatu ziren: adinekoentzako espazio zabalago bat eramatea bertara, zerbitzu gehiagorekin; auzo-elkartearen egoitza han jartzea; haurtxoko bat instalatzea eta erabilera askotarako espazioak izatea, jarduera eta ekitaldiak egiteko. Kontuan izango dira horiek guztiak proiektua idazteko orduan.

Alokairuko apartamentuak
Eraikinaren etorkizunari begira, nabarmentzekoa da bizitokirako zuzkidura, batik bat gazteriari zuzendua. Izatez, datozen urteetan Irunen etxebizitza publikoaren alorrean egingo diren jarduketa garrantzitsuenetako bat izango da, dagoeneko eraikitzen ari diren Alarde eremuko garapenekin edo etorkizunean San Migel Anakan egingo direnekin batera, besteak beste.

Kasu honetan, bizilekuen erabilera berriak banatzeko kontuan izan da eraikinaren konfigurazioa, egituraren antolaera eta fatxadako baoen kokalekua, erabilera berri horietarako aprobetxamendu aproposena bilatuta, jatorrizko proiektuko espazioen balioak gorde nahian.

Emigrazioko eraikin honetan, 39 apartamentu proposatu dira (zuzkidura-apartamentuak edo gazteentzako apartamentuak). Eremu komunitarioak eta pasabideak zenbatuta, azalera erabilgarria 2.147,82 m2 da. Atari bakarra proposatzen da, Bartolomé de Urdinso kalean.

Proiektuak idazteko aurrekontua 205.000 eurokoa da (248.050 euro BEZa gehituta) eta gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izango da. Hurrengo pausoa proiektua lizitatzea eta esleitzea izango da. Geroko, lehenengo faseko lanak (beheko solairuaren egokitzapena) urte honen bukaeraren eta datorrenaren hasieraren artean hastea aurreikusten da.

Eraikin historikoa
Horrela, Emigrazioko eraikinaren etorkizuna antzematen hasi gara, kanpoko inguratzailea berritzeko eta barnealdea garbitzeko lanak amaitu ondoren. Guztira, 547.539,44 euroko aurrekontua izan zuten. Lehen jarduketa horren bidez, fatxadaren eta estalkiaren egoera hobetu zen, funtsean.

Gogoan izan beharra dago higiezina XX. mendeko Espainiako arkitekturaren maisu Alejandro de la Sotarena dela (Pontevedra, 1913 – Madril, 1996). 1963an eraiki zen, emigranteentzako aterpetxetarako, eta 4.768 m2 eraiki ditu, lau solairutan banatuta. Duela gutxi arte, Espainiako Enplegu Institutua eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala zeuden bertan, baina eraikinaren zatirik handiena ez zen erabiltzen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude