Ekainaren 29an San Pedro Sari Nagusiak hiriko kaleak zeharkatuko ditu. 2020ko etenaldiaren ostean, Irungo Txirrindulari Elkarteak ehun urtetako proba berreskuratzea lortu du aurten. Luis Antonio Sánchez klubeko presidenteak San Pedro egunean egitekoa den probaren xehetasunak azaldu ditu.
San Pedro Sari Nagusia ibilbide historiko handiko proba da?
Espainiako lasterketen egutegi nazionaleko lasterketarik zaharrena da. Hortaz, 2019an probaren ehun urteak ospatu genituen. 2020an berriro proba antolatzen saiatu ginen, baina koronabirusa dela eta, azkenean, bertan behera utzi behar izan genuen. Aurten lasterketa antolatzeko prozesuan murgilduta gaude.
Klubarentzat garrantzitsua izango da 100 urteko lasterketa antolatzen jarraitzeko aukera izatea?
Bai, batez ere, kirol txapelketak antolatzea oso konplikatua delako. Gainera, San Pedro egunarekin lotura estua duen proba da.
2020an San Pedro Sari Nagusia bertan behera gelditu zen?
Oker ez banago, gure baimena aurreko urtean Ertzaintzako trafiko departamentuak berriro kirol probak antolatzeko eman zuen lehen baimenetako bat izan zen. Hala, proba prestatzen hasi ginen. Alabaina, Irungo jaiekin lotura estua duen proba denez, festak bertan behera gelditu zirenez, ez genion zentzurik ikusten kirol proba batek Colon pasealekuaren erditik igarotzeari.
Aurten proba egiteko aukera izango duzue?
Bai, izan ere, azkenaldian txirrindularitza proba asko antolatzen ari dira, kirol honetan kutsaketa arrisku gutxi dagoela ulertuta. Kategoria federatuko hainbat txapelketa egin dira jada, Gipuzkoako txirrindularitza txapelketen egutegia martxan dago eta gure txapelketa egutegiaren barnean dago. Beraz, badirudi Irungo Udaleko Kultura eta Kirol arloak proba egitea posible dela ulertu dutela.
Pandemia garaian kirol probak antolatzea zailagoa da?
Egia esan, pandemia ez digu antolaketa gehiegi oztopatu, jarraitu beharreko protokoloak oso zehaztuta baitaude. Aldiz, zailagoa da hiri baten erditik igarotzen den kirol proba bat antolatzea.
Txapelketan neurri bereziak hartu beharko dituzue?
Orain dela hilabete gutxi La Vuelta Irundik abiatu zen eta, orduan egin zen moduan, guk ere jende pilaketak saihestea eskatu nahiko genuke. Kezka berezia sortzen digu lasterketa San Martzialen amaituko dela, hortaz, helmugatik gertu mendian jende pilaketak saihesteko neurriak hartu beharko ditugu.
Nondik igaroko da lasterketa?
Ibilbidea zehaztea da gehien kostatzen ari zaiguna. Izan ere, probaren antolaketak eragindako zailtasunak direla eta, azken urteetan lasterketa berriz ez antolatzeko arriskuan egon da. Alde horretatik, agintariek murriztapen asko ezartzen dizkigute, ekainaren 29a lan eguna delako eta irteera-operazioko eguna denez, ezin gara Nafarroara pasa. 2019an lasterketa hala moduz antolatu egin behar izan genuen, txirrindulariak zentzurik gabeko guneetara eramanez. Txapelketaren jarraitutasuna bermatu nahi dugu, horregatik, hiriaren inguruko lurrak zeharkatzen dituen ibilbide bat diseinatu dugu.,Irun eta Hondarribiko Udalek zein Irungo Txirrindulari Elkarteak ibilbidea finka dezaten. Gure ibilbidea sendotzea lortzen badugu, lasterketak lotura argia izango du hiriarekin eta horretarako lanean ari gara.
Parte-hartzaile askok izena eman dute?
Pandemiaren ondorioz kirol ekitaldiak asko murriztu direnez, lasterketetan parte hartzeko eskaera handia dago. Beraz, aurten 200 txirrindulari izatera iritsi gaitezkeela uste dugu, probak egiteko baimendutako gehieneko muga da.
Zein sari banatuko dira probako irabazleen artean?
Euskal txapelketaren arautegiak zehazten ditu era honetako txapelketako sariak. Helmugara iristen diren hiru txirrindularientzat sariak egongo dira. Bertako lehen txirrindularia ere saritu nahiko genuke, tokiko parte-hartzaileren bat izanez gero. Gainera, mendiko lehenengoarentzat saria egongo da eta Hondarribiko Udalarekin zehazteko dugu tarteko helmugarik izango ote dugun.
Beraz, jendea San Pedro Sari Nagusia kalera itzultzeko gogoz dago?
Bai, txapelketaren biziraupena ziurtatzeko tradizioa alde batera utzi behar izan dugu. Izan ere, ekainaren 29a asteburua denean errazagoa da proba antolatzeko, datal kanpoko txirrindularien parte-hartzea laguntzen baitu eta antolaketan lagunduko duten boluntarioak lortzea errazagoa da. Lanegunetan, berriz, dena asko zailtzen da, batzuetan probaren eguna aldatzea ezinbestekoa da. Era horretan, zirkuitu finko bat izatea lortzen badugu, kanpoko txirrindularien artean aintzatetsitako proba bihurtzea lortuko dugu.
Klubarentzat seinale ona da txapelketak berriro abiatzea?
Bai, izan ere, kimuak eta infantilak izan ezik, gainontzeko kategoriek denboraldian zehar lehiatzeko aukera izan dute. Nire ustez maila guztietako txapelketak berreskuratzeko unea da, txirrindularitza segurua dela egiaztatu baita. Etenaldiaren ondorioz, asko dira txirrindularitzatik aldetzen ari diren umeak.
Zeintzuk izango dira klubaren hurrengo hitzordu garrantzitsuak?
Covid-19aren ondorioz, egin gabe gelditu zaizkigun gauza asko dauzkagu. Adibidez, gure taldeak aurkeztea ezinezkoa izan zaigu eta ez dugu denboraldi hasiera klubeko haur eta familiekin ospatzeko aukerarik izan. Horretaz gain, urtero bezala ohorezko bazkidea aukeratzea falta izan zaigu. Kirol ekitaldiei dagokienez, Juanma Garate lasterketa ekainetik urriaren 10era atzeratu dugu.