Sandra Ramajo, futbolaria: “Hainbeste urteren ostean momentu ahaztezin asko daude”

Sandra Ramajok hogei urte inguru zituenean jaso zuen Realaren deia. Jokalari profesional moduan Realarekin 11 urtez jokatu eta azken urtea Albaceteko taldearekin jokatu ostean, futbol jokalari izateari utziko diola iragarri du. 306 partidu jokatu ostean, futbolari irundarrak futbolak emandako une gazi-gozoak buruan dituelarik, etorkizunean kirolaren munduaren inguruan ibiltzeko asmoa duela iragarri du.

Nondik dator futbolarekiko duzun zaletasuna?
Kalean jolasten hasi nintzen, lagunekin zein bizilagunekin. Hortaz gain, etxean oso futbol zaleak gara. Ikastolan kirolekin hasten zarenean argi nuen futbola nire kirola zela. Mutilekin jolasten hasi nintzen nesken talde bat sortu zen arte. Dunboa taldean jokatzen hasi nintzen, edozein adineko neska edo emakumeen kontra, ligak ez baitzeuden orain bezala banatuta. Ondoren, bost urtez Mariñon jokatu nuen, nazionaleko bigarren maila batean eta Euskal Selekzioarekin zenbait kontzentrazio egin nituen.

Lehen urte haietan jokalari profesionala moduan ikusten zenuen zure burua?
Txikia zarenean zure nahi bakarra futbolera jokatzea da. Egun batetik bestera profesionala izateko deia jaso- tzen duzu eta ametsa errealitate bihurtzen da. Hala ere, ez da batere erraza dei hori jasotzea eta niretzat oso garrantzitsua izan zen.

“Egun batetik bestera profesionala izateko deia jasotzen duzu eta ametsa errealitate bihurtzen da”

Realaren lehen deia jaso zenuen unea gogoan duzu oraindik?
Bai, Mariñorekin bigarren mailan nenbilen, baina, Realaren kamiseta jokalari moduan janzteko ametsa izan dut beti. Amets hori duzunean eta zure taldeak deitzen zaituenean sekulakoa da, ni zein nire familia asko poztu ginen eta hortik aurrera nire ametsa errealitate egin zen.

Realean hainbeste urte eman ostean, zure etxea bezala sentitzen duzu?
Bai, Reala nire familia izan da. Gaztetxo bezala sartu nintzen eta bertan gauza eta momentu asko bizitzeko aukera izan dut. Klubaren bilakaera ikusteaz gainera, zuk zeu ere nola hazten zaren ikusi dezakezu atzera begiratzen duzunean.

Realean kapitain izatera iritsi zinen. Ardura pisutsua dela esango zenuke?
Ardura bat da, baina, gustura hartzen duzu. Ez dut uste inork ezetz esango zuenik bere bihotzeko taldearen kapitaina izatea proposatzen diotenean. Egia da ez dela bakarrik besoan brazaletea ipintzea, zelaian zein kanpoan ardurak dauzkazulako, baina, taldekide zein aurreko kapitainaz asko ikasteko aukera izan nuen.

Asko nabaritu duzu Reala atzean utzi eta Albaceten jolasten hasteko aldaketa?
Bai, nire bizitza osoa etxetik gertu ibili naiz eta ez da erraza inguratzen zaituzten lagun eta senideez urrun- tzea. Realetik atera nintzenean psikologikoki oso kargatuta nengoen hainbeste urteren ostean, une politen atzean, ardurak eta momentu gogorrak ere bizitzen ditugulako. Nire buruak eta gorputzak aldaketa behar zuten orokorrean. Leku eta jende ezezagunera ohitu behar izan nintzen Albacetera iritsi nintzenean eta beste futbol bat da jokalari ezberdinak diren aldetik. Hala ere, Albaceteko jendeak asko lagundu nauela onartu behar dut, bigarren familia batean bihurtu dira eta orain askoz hobeto sentitzen naiz.

Zailtasunen gainetik, zeintzuk dira futbolak oparitu dizkizun unerik berezienak?
Hainbeste urteren ostean momentu ahaztezin asko daude. Zerrenda amaigabea da, Erreginaren Kopa irabaztea ahaztezina izan zen, baina, Realera iritsi zein nire agurrean Zubietan egindako omenaldia. Hortaz gain, egunerokoan eta bidaietan ere momentu bereziak bizitzen dira. Tartean momentu zailak bizi izan ditut eta asko ikasteko aukera eman didate, adibidez, belauneko lesioarekin edo gure prestatzaile fisikoaren heriotzarekin. Kolpe gogorrak dira, baina aurrera ateratzen ikasten duzu.

Jokalari izateari utziko diozula iragarri duzunean, jendeak elkartasuna adierazi dizu?
Bai, hainbeste urteren ostean jende asko ezagutu dut. Mezu asko jaso ditut, elkarrizketak eta oso pozgarria eta eskertzekoa da omenaldi moduko hori jasotzea.

Emakumezkoen futbola asko aldatu da urte hauetan zehar?
Asko, izan ere, orain ligak maila ezberdinetan banatuta daude. Realean egon naizen urteetan aldaketa asko ikusi dituzu, izan ere, hasieran ez genuen ez kontratu ez soldatarik, bidaiak autobusez egiten genituen eta mutilen neurriko kamisetak eta galtzak erabiltzen genituen. Pausoak pixkanaka eman dira, aldaketak onerako izan dira, baldintza hobeagoetan jokatu ahal izateko, baina, oraindik ere lan asko egiteko dago.

Ez da erraza futbola uzteko erabakia hartzea, ezta?
Behin erabakia hartu eta jakinarazi nuenetik egun batzuk pasa dira eta orain lasaiago nago. Emakumezkoen futbola berriro martxan jartzen denean arraroa izango da neskekin zelaira ez itzultzea. Dena dela, futbolaren inguruan jarraitzeko asmoa dut, ez dakit non oraindik. Lehenengo entrenatzailearen titulua atera dut eta orain bigarrena ateratzeko asmoa dut, beste ikastaro batzuen artean. Erabakiak hartzeko denbora behar dut, baina, zaletu gisa hor inguruan ibiliko naizela argi eta garbi dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude