Santalla taldeak bere ibilbide musikalari hasiera eman dio sare sozialen bitartez. Mikel Goñi, Carlos Zubikoa, Pepelu Garnicia eta Gorka Santalla laukoteak osatzen du, hiru gitarra eta baxu jotzaile bat. Taldearen lehen bideoklipak sare sozialetan izandako arrakastarekin pozik agertu dira Gorka Santalla eta Mikel Goñi taldekideak.
Nola sortzen da Santalla musika taldea?
Gorka: Hiru urte neramatzan musikarekin loturiko proiekturen bat hasteko intentzioarekin eta orain arte ezinezkoa izan zait momentu egokia topatzea. Izan ere, ez nuen topatzen egun Santallan dauzkagun abestien- tzako egokia izan zitekeen proiekturik, kantautore estiloko abestiak dira eta pena handia ematen zidan abestiak galtzeak. Luis Eduardo Auteren heriotzaren harira, abesti bat konposatu eta sare sozialetan partekatzea erabaki genuen. Horrela, lau lagun elkartu gara proiektuari forma emateko bidean gaude.
Ohi baino zailagoa izan behar du egungo testuinguruan musika talde bat sortzeak, ezta?
Mikel: Bai, egia esan, pandemiak kultura eta musikaren mundua gogor kolpatu du. Hortaz, egia da proiektuari zabalpena emateko garai konplikatua dela. Dena den, egoera hobetzen denean zabalpen lanetan zentratuko gara eta, bien bitartean, proiektua lantzen jarraituko dugu.
Zuen ibilbidea hasi besterik ez da egin, baina harrera beroa jaso duzue?
Gorka: Bai, gure lana lagunen artean zabaltzen hasteko Instagram-en kontua ireki nuen. Hala ere, bideoak uste baino zabalpen gehiago izan du, ez dakit abestiak Auteri egindako omenaldia delako edo zergatik. Abestia partekatu genuenetik 3 egun besterik ez dira pasa eta denbora-tarte labur horretan ez genuen 2.000 ikustaldi lortzea espero. Beraz, oso pozik gaude bideoak izandako harrerarekin.
Nola definituko zenukete zuen estiloa?
Gorka: Azken finean, kantautore estiloko abestiak lan- tzen ditugu. Hain zuzen ere, izaera antzekoa duten proiektuetatik gatoz. Ni adibidez indie rock estiloko Malforta taldetik nator eta estudioan maketa bat grabatu dugu, nahiz eta oraindik lana zabaltzeko aukerarik izan ez dugun. Mikel, berriz, Lanbroa izeneko talde batetik dator eta haien estiloa ere guztiz desberdina da Santallan egiten dugunarekin alderatuta. Guk, ordea, amodio, amorrualdi eta emozioetan oinarritutako abestiak egiten ditugu. Hau da, bizitza osoan zehar Aute, Sabina, Silvio Rodríguez edo bestelako autoreei entzundakoen antzekoak dira.
Sare sozialen bitartez izan bada ere, publikoaren berotasuna jaso duzue?
Gorka: Bai, izugarria da abesti bat partekatu ostean publikoaren aldetik jaso daitekeen berotasuna. Azken finean, sare sozialetara zerbait igotzen duzunean dauzkazun jarraitzaileen adinako harrera izatea espero duzu. Gure kasuan, aldiz, hiru egunetan Instagram bidez 1.000 pertsonarengana iristea lortu dugu eta Youtuben 2.000 ikustalditara iritsi gara, beraz, jendeari asko gustatu zaiola dirudi.
Lehen abestia aurkeztu ostean, zeintzuk dira taldearen hurrengo helburuak?
Mikel: Bideoklipa partekatu genuen Auteren heriotzaren urteurrena aitzakitzat hartuta, hala ere, oraindik proiektua garatzen jarraitu behar dugu. Horretarako, erdizka dauzkagun abestiak amaitzea falta zaigu eta bakoitzaren ikuspegi musikala txertatzeko modua topatu behar dugu. Egoera hobetzen denerako prest egon nahi dugu, zuzeneko emanaldiak eskaini ahal izateko.
Gorkak konfinamenduan zehar “Irun Zuzenean Etxean” ekimenean parte hartu zuen. Nola baloratuko zenuke esperientzia hori?
Gorka: Bai, ekimen ederra izan zela uste dut. Oso garai konplexuak ziren eta etxean geunden bitartean burua eztanda egiteko zorian genuen. Proiektu musikala hasia nuenez eta abestiak partekatzen hasi nintzela ikusi zuenez, Iñaki Estevezek zuzeneko kontzertuetan parte hartzera gonbidatu ninduen. Gonbidapenak sorpresaz harrapatu ninduen eta kontzertuetan Gorka Santalla gisa parte hartu nuen, ez taldearen izenean. Oso polita izan zela esan dezaket, ilusioz beteriko kontzertua, orduan oso beharrezkoa baitzen. Gainera, beldurra kentzeko oso lagungarria izan zen.
Aurten udaleko Kultura arloak KM0ko kultura sustatzeko asmoa berretsi du. Zuen taldearentzat horrelako albisteak pozgarriak izango dira, ezta?
Mikel: Bai, udalak kulturarekin loturiko hainbat ekimen martxan jartzeko asmoa duela dirudi. Garai konplikatuak dira, baina era horretako ekimenak proiektua zabaldu eta ezagutarazten hasteko lagungarria izan daitezke. Nire esperientziaren arabera, Gorka proiektura batzea proposatu zidanean, letren lirika bereziki erakargarria iruditu zitzaidan, hortaz, eduki aldetik nahiko proiektu desberdina dela uste dut. Proiektu akustikoa da, hiru gitarrak eta baxu batek osatzen dugu taldea, horrela, kantautore estiloko musika eskatzen duen gertutasuna transmititzea lortzen dugu.
Non entzun ditzake jendeak zuen abestiak?
Gorka: Youtuben kanal bat ireki dugu “Santalla banda” izenarekin. Bertan jendeak orain arte partekatutako bideoak ikusi ahalko ditu. Logistika arazoak direla eta, momentuz ez dugu Facebook-a Instagram-eko kontuarekin koordinatzea lortu. Hortaz gain, Gorka Santalla izeneko nire kontuan ere musikarekin loturiko edukiak partekatzen ditut eta aurrerantzean baliabide horiek erabiltzen jarraituko dugula uste dut.
Zeintzuk dira datozen hilabeteetara begira talde gisa eman nahiko zenituzketen hurrengo urratsak?
Mikel: Aurretik esan bezala, proiektua lantzen jarraitu behar dugu, aukera dugunean gure lana erakutsi ahal izateko. Horretarako pazientzia beharko dugu. Elkarrizketa amaitu baino lehen bide berri honen hasieran bideokliparen sorreran lagundu gaituzten Javier San Martín (Shaf) eta Eneko Lekuonak egindako lana eskertzea gustatuko litzaiguke, haien laguntza funtsezkoa izan baita guretzat.