Erromesen Irungo Aterpetxea. Uztaileko egun bat. Atea irekita dago, erromesak etengabe sartzen ari baitira. “Ia-ia beteta daukagu gaur”. Aterpetxeko arduradun dagoen Jose Manuel Alonso lanez gainezka dabil. Aste Santutik 2.000 bat pertsonak ostatu hartu dute bertan. Gehienak fresko iristen dira Irunera, Kostaldeko bidearen abiapuntua delako. Aurretik, kilometro andana eta beste horrenbeste bizipen ahaztezin.
JACOBI, Irun-Bidasoako Done Jakue Elkarteko Jose Manuel Alonso kideari bi astez lan boluntarioa egitea egokitu zaio. Erromesen egiaztagiria zigilatu, oheak banatu, gosaria prestatu eta beharreko argibideak eman. Horixe bere egitekoa aterpetxean biziko den aldian. “Oso-oso gustuko dudan lana da, batez ere jendearekin harremana atsegin dudalako”. Trukean erromesei Elkartearentzat eskupekoa besterik ez zaie eskatzen. “Gehienek eskarmentua dute, frantziar bidea ibilia dutelako, hortaz, aski ongi ezagutzen dituzte aterpetxeetako arauak”.
Babel Dorrea
Aterpetxeak Babel Dorrea dirudi. Yolanda eta Liliana Poloniatik datoz. Irundik abiatuko dute 36 egunetako Santiagora erromesaldia, arrazoi espiritualak bultzatuta. “Urtetan izan dugun ametsa orain egi bilakatuko da”.
Jean-Jaques Frantziako Aix-en-Provence hiritik dator, kostaldeko bidea hirugarrenez egitera. “Ez dakit zergatik itzultzen naizen behin eta berriro”, aitortzen du. “Beharra sentitzen dut”. Bidean topatzen duen jende aniztasunak eta adeitasunak bereziki erakartzen dute.
Txirrindaz zein oinez
Sevillatik Baionara eta handik Irunaino, lehendabiziko etapa, txirrindaz. Antonio eta Vidalek dagoeneko 4 aldiz egina dute bidea baina aurten estrainekoz kostaldekotik joango dira. “Bidera ezin da badaezpakorik ekarri, hori ongi dakigu, horregatik zakutoetan behar beharrezkoa besterik ez daramagu”. Kultura, gastronomia eta ondarea. Hara zergatik urtero erromesaldiak limurtzen dituen. “Zoriontsu izan; jaten, jendea eta lekuak ezagutzen eta… sufritzen!!”.
Antonio eta Vidal aterpetxera heldu bezain laster berriketan hasi dira ostatukide izango dituzten Salamancako lau emakumerekin. Betidanik elkar ezagutuko balute legez ari dira. Denak bat datoz bidean jende xarmangarria ezagutzen dela esatean. Salamancako Santiago Lagunen Elkarteko kideak dira eta urtero bideren baten zati bat ibiltzen dute. “Kostaldekoa atzekoz aurrera egiten ari gara: aurten burutuko dugu, 5 egunetan Irundik Debarainoko tartea kurrituz”.
“Giroa, jendearen tratua, elkartasuna… oso esperientzia polita da. Bidea beti bizipen ona da eta…magikoa”. Hitz jarioak ez du etenik: Herriko taberna batean musutruk janaria eman zietenekoa, basoan betaurrekoak galdu eta txiripaz (magiaren laguntzaz) handik ordu batzuetara azaldu zirenekoa… Agurtzeko ordua erdietsita, Irunen ardo bat hartzera irten dira.
Aterpetxeko bulegoan Jose Manuelek bezero berriak ditu. “Gaurko erromes-olde hau dela eta aterpetxearen behe aldean dagoen espazioa baliatu beharko dugu”. Alemaniatik iritsi berria den emakume bati erromes egiaztagiria zigilatu dio. Hau ere bidea behin bakarrik ezin egin zuen horietakoa da.
JACOBI Elkartea jaio da
2001. urtean Gipuzkoako Santiago Bide Lagunen Elkarteko Txingudiko ordezkaritza eratu zen. Ordutik hainbat jarduera aurrera eraman ditu, urtero antolatzen den kultur astea, arreta bulegoa eta aterpetxearen sorrera besteak beste. Jarduerak goruntz egin du eta gaur egun Gipuzkoan burutzen denaren %50 gure eskualdeko ordezkaritzaren esku dago. “Seme-alaba hazten denean gertatu ohi den bezala, independente izateko ordua iritsia zela pentsatu genuen”, azaldu du Elarteko presidente Demetrio Grijalbak. Ohiko ekintzat burutzen ditu Jacobik baina berrikuntza nagusia erabakiak gurean hartzen direla da.
Ekainaz geroztik Jacobi zabaldu egin da gure eskualdean, izan ere Hondarribian bulego bat baitauka. Arma Plaza Fundazioaren egoitzan (Turismo Bulegoan) dago eta bertan ostegunero, 18:30etik 20:00etara erromesen egiaztagiriak egiten dituzte baita Santiago Bideari buruzko argibideak eman ere.
Irungo bulegoa Foruen karrikako 2. zenbakian dago. Urte osoan zehar aipatu zerbitzua eskaintzen da, urritik Aste Santura asteazkenetan, 19:00etatik 20:30era eta gainontzeko hilebeetan ostiraletan ere.
2460 egiaztagiri 2012an
Geroz eta bidasoar gehiagok Santiago Bidea egiteko erabakia hartzen du. Horren lekuko Elkarteak iaz 2460 erromes-egiaztagiri luzatu zituela eta, aurreikuspenen arabera, aurten kopuru hori gaindituko da.
Aterpetxeari dagokionean, 2004 urtean, zabaldu zenean, alegia, 501 erromesek ostatu hartu zuten. 2012. urtean 4.274 izan ziren guztira. Aurtengo ekainerako 1.848k lo egin dute bertan jada, beraz, 2013an %6 an handituko dela aurrikusten du Elkarteak.
Erromes gehienak espainiarrak dira, Bartzelona eta Madril jatorri nagusiak izaki. Kopuruari erreparatuz, ondoren, Frantzia eta Alemania aipagarrienak dira.
Santiago Bidea Bidasoako Interpretazio Zentroan
Laster batean Irungo Santiago Bidea eta bere ondarea ezagutarazteko baliabide berria zabalduko da: Bidasoako Interpretazioa Zentroa, Santiagoko aduana zaharrean kokatua.
Irungo Udalak azken hilabeteotan eraikina zaharberritu du Europako funtsen diru laguntzaz. Guztira 177 m2ko azalera dauka.
Edukiari dagokionez, hiru atal nagusi izango ditu: gure inguruaren bioaniztasuna, Euroveló ibilbidearen lehen zatia (txirrindularientzat bidea) eta Santiago Bidea.
Irungo Udalaren asmoa da zentroaren arreta zerbitzuak aurrekontu publikoaren handitzea ez ekartzea. Horretarako udal langileak baliatuko ditu eta zenbait asteburutan Jacobi Elkarteko boluntariek zeregin horrekin arduratuko dira.