Irungo piraguismo taldeak martxoan eman zion ongietorria denboraldi berriari. Sevillan antolatutako Espainiako Neguko Txapelketan, primeran aritu ziren Santiagotarrak taldeko neska-mutilak. Gainera, Euskadiko Maratoiaren Txapeldun izendatu berri da taldea. Hurrengo erronka garrantzitsua Espainiako Maratoi Txapelketaren eskutik etorriko da. Nahiz eta edozein kirolarirentzat emaitzak eta dominak garrantzitsuak izan, lagunartekotasunak berebiziko garrantzia du klubeko kideentzat.
Arratsaldeko bostak dira eta Santiagotarrak K.Eko egoitzan etengabeak dira piraguisten eta entrenatzaileen joan-etorriak. Bertan, Olatz Zabala piraguista eta entrenatzailearekin eta Aitor Gorrotxategi eta Telmo Fernández piraguistekin egiten dugu topo. Etorkizun handiko gazte hauek datorren Espainiako Txapelketari begira daude. “Gogor lan eginez gero, K-1 eta
K-4 kategorietan domina lortzeko aukerak ditugu” diote Espainiako Neguko Txapelketan 3. eta 4. izandako Aitorrek eta Telmok. Olatz Zabalaren erronka ere ez da txikia. “Espainiako Maratoi Txapelketan, Europako Txapelketarako sailkapena lortu nahi nuke K-1 eta K-2 kategorietan”. Gazte kategorian, berriz, Oihan Sayar eta Igor Nietoren K-2a indartsu dabil. Neskei dagokienez, Tania Prol eta Itziar Campo dira klubaren neska indartsuak. Bestalde, Ania Perez C-1 kategorian lehiatuko da. Orain dela gutxi arte, gizonezkoentzat soilik gordetako kategoria zen hau. Hala ere, pixkanaka, emakumeek lekua egin dute. “Kanoan aritzeak asko nekatzen du, baina progresio honekin jarraituz gero Aniak etorkizun ikaragarria du”. Ur bizietako piraguistak, berriz, Junior eta 23 urte azpiko Australiako Munduko Txapelketan lehiatuko dira.
Piraguismoaren ohitura luzea
Olatzek, Aitorrek eta Telmok berezko dute piraguismoarekiko maitasuna. Telmok, adibidez, aitonaren eskutik eman zituen lehendabiziko palakadak. “Aitonak arraunean egiteko ohitura izan du betidanik eta, 7 urte nituela, probatzeko esan zidan. Handik bi egunetara, ikastaroetan izena eman nuen, eta gaurdaino”. Klubean dauden piragua gehienak egin eta konpondu ere ohi ditu Telmoren aitonak. Aitor eta Olatzen kasuan, pasioa gurasoengandik datorkie. “Haiek ere elkarrekin entrena-tzen dute”.
Lagunartekotasuna nagusi
Taldean giro oso ona dago eta taldekideek elkarri laguntzen diote. “Telmo eta Aitor, adibidez, oso taldekide onak dira” azpimarratzen du Olatzek. “Umilak dira eta, euren probak ondo egiteaz gain, gainon-tzeko kideak animatzeaz eta laguntzeaz arduratzen dira”. Elkarrekin pasatzen dituzten ordu guztiek ere familia-sentimendu hori indartu dute.
Erakundeek ahaztutako kirola
Astean 6 egunetan entrenatzen duten gazte hauen emaitzak bikainak izan arren, piraguistek ez dute, ez babeslerik, ez diru-laguntzarik jasotzen. “Urtetik urtera gero eta palista hobeak ditugu; baina, gure aurrekontu murritza dela eta, murriztu behar izan dugu zenbait txapelketatara doazen piraguisten kopurua. Bidegabea da”. Olatz Zabalak kirolari gazte hauentzat etorkizun hobea eskatzen du. “Diru-laguntzarik gabe, Aitor eta Telmo bezalako etorkizun handiko piraguistek oso bide gogorra dute aurretik. Ezinbestekoa da erakundeek piraguista gazteen lana eta esfortzua aitortzea”.