Sarah Grandes, artista: “Beste herri edo tokietan nire lanak islatzea gustatuko litzaidake”

Sarah Grandes artista Emigrazio eraikinaren Pello Bixente kaleko fatxada apainduko duen murala lantzen ari da. Udalak sustatutako Kultura Km0 programako proiektua da. Artista irundarrak espraia eta esmalte pinturak erabiliko ditu muralaren sorreran. Artistak azaldu duenez, eraikinaren ezaugarriak kontuan izanik, emakumeak, kultur aniztasuna, immigrazioa eta mugikortasuna islatzen saiatuko da.

Nondik dator artearekin duzun harremana?
Txikia naizenetik margotu izan dut, beraz, artearekin harreman estua izan dut txikitatik. Unibertsitatera joan nintzenean arte ederretako ikasketak egin nituen. Orain dela 4 urte bukatu nituen ikasketak eta orduz geroztik nire kabuz erakusketak egiten eta artearen munduan jarraitzeko gauzak egiten saiatu naiz. Egia esan, ez da oso lanbide erraza, baina saiatuz gero pixkanaka gauzak ateratzen doaz.

Pandemia garai konplikatua izan da artistentzat. Nola bizi izan duzu zuk egoera?
Bai, artearen munduan pandemiaren eragina nabaritu da. Pandemiaren aurretik hainbat erakusketa egin nituen herrialde eta herri ezberdinetan. Pandemiaren hasierarekin adostuak neuzkan ekitaldi asko bertan behera geratu ziren eta taberna asko itxi ziren. Dena bertan behera geratu zen etxean sartuta egon ginen bitartean eta zailagoa izan zen nire lana erakustea.

Testuinguru horretan, Kultura km0 bezalako programak lagungarriak dira artistentzat?
Bai, noski. Egoera honetan asko eskertzen dira horrelako laguntzak eta, gainera, bertako artisten lana bultzatzea.

Irundarra izanda, pozgarria izan behar du hirian barrena zure lanak ikusteko aukera izateak?
Bai. Gainera, kalean lan eginda jende asko gerturatzen zaizu eta zure lanarengatik galdetzen dizu. Egiten ari naizen lanarekiko interes asko dagoela nabaritu dut.

Murala Irungo eraikin historiko batean kokatuta egoteak lana bereziago egiten du?
Ilusio handiz jaso nuen eraikin honetan lan egiteko aukera. Eraikina berritzeko lan handia egin dute eta nire lanarekin osatzeko proposamena jaso nuenean harrituta geratu nintzen.

Zein da proiektuaren bitartez islatu nahi duzun ideia?
Proposamena egin zidatenean hainbat gai eman zizkidaten nire lanean islatzeko: emigrazioa, emakumea, mugikortasuna eta gizarteratzea. Proposamenarekin diseinu bat prestatu nuen eta istorio moduan islatzen saiatu naiz. Orain egindako diseinua orma handi batean islatzeko unea da.

Eremuak materialen aukeraketa baldintzatu du?
Espraiak eta esmalte pinturak aukeratu ditut txapa nahiko material berezia delako, koskak baititu eta brotxarekin askoz zailagoa izango zen horrelako gainazal batean margotzea. Gainera, txapak ez ditu edonolako margoak onartzen. Horregatik, espraia oso aukera ona zela iruditu zitzaidan, baita aurrekontu eta lanaren dimentsioak kontuan hartuta.

Eguraldi txarrak oztoporik ezarri dizu sormen prozesuan?
Abuztuko bigarren astean lanean hasi nintzen eta lehen astean zehar gutxienez eguraldiak lana errespetatu didala dirudi. Bigarren aste honetan, berriz, eguraldia kili-kolo dabil. Euria egiten badu ezin dut margotu eta lehortu arte itxoin behar dut. Bestetik, haize asko egiten badu ezin dut margotu. Hortaz, eguraldira egokitu behar naiz lan egiteko, ez dago besterik. Lana abuztuaren amaierarako bukatuta egongo da ziur.

Lanean zauden bitartean jendearen iritzia entzuteko aukera izan duzu?
Lan egiten dudan bitartean musika jarrita izan ohi dut, baina hemendik igarotzen diren pertsona askok muralari buruz zerbait esaten didate edo nola lan egiten dudan ikusteko gelditzen dira. Jendeak zer margotzen ari naizen jakin nahi du. Beste askok nire ibilbide artistikoari buruz galdetu didate edo beren etxeetan gauzak egiteko proposamenak egin dizkidate.

Jendeak kalean dauden mural eta artelanekiko errespetua du?
Irunen dauden era honetako lanak jendeak errespetatzen dituela uste dut eta, hondatuta badaude, denboraren joanarengatik edo eguraldiarengatik izan dela uste dut, ez norbaitek hondatu dituelako. Proiektu serioak direnean, kaleko lanak gehiago errespetatzen direla uste dut.

Irungo lekuren batean nahi duzun lana egiteko aukera izango bazenu, non eta zer egin nahiko zenuke?
Joan den astean hemendik igaro zen gizon batekin hizketan Artia eta Hendaia artean dagoen orma bati buruz hitz egin zidan, orma polit eta handi bat delako. Mural bat egiteko leku egokia izan daiteke eta hor zerbait egiteko gogoak sartu zaizkit. Gaiari buruz, nik nahi dudana egin ahalko banu, bertara joango nintzateke eta bertako giroak transmititzen didanarekin bat datorren zerbait margotuko nuke.

Zein proiektutan murgilduko zara etorkizun hurbilean?
Mural hau margotu ostean, beste mural edo proiektu batzuk egiteko aukera izatea espero dut. Horrela, beste herri edo tokietan nire lanak islatzea gustatuko litzaidake. Bestalde, nire lokalean koadroak margotzen jarraitzeko asmoa dut, nire proiektuak garatzen jarraitu ahal izateko.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude