Saturnalietatik Gabonetara

Iturria: https://collections.louvre.fr/ark:/53355/cl010060512”.

Gaur egun, abenduan izaten ditugun jaiegun eta ospakizunak kultura kristauari oso lotuak daudela agerikoa da. Ordea, kristautasunaren aurreko erromatar garaian ere kontuan hartzeko datak ziren hauek, gehienbat egun hauetan ospatzen zirelako Saturno jainkoaren omenez egiten ziren Saturnalia jaiak, egutegi erromatarreko festa garrantzitsu eta herrikoienak.

Baina, nor zen Saturno eta zergatik gurtzen zen? Saturno erromatar jainko guztien artean zaharrenetako bat dugu. Tradizioaren arabera, antzina, Saturnoren gobernupean munduak urrezko aro bat bizi izan zuen, non gizaki guztiak berdinak ziren. Gainera, jainko hau nekazaritzaren eta uztaren jainko babesle nagusia zen, gizakiari laborantzaren ezagutzak eman zizkiola uste baitzen. K.a. 497. urtean Erromako foroan Saturnori tenplu bat eraiki zitzaion eta ordutik aurrera urtero abenduaren 17an, Saturnalia jaia ospatzen zen, urte horretan ereindako uzten babesa eskatzeko. Bere tenplu nagusiko estatua urte osoan zehar soka batekin loturik izaten zuten, jainkoak Erromatik ihes egin ez zezan, baina Saturnalia egunean lokarria askatzen zen Saturnok ere jaiekin disfrutatzeko. Aipatutako tenplua hurrengo mendeetan zehar handitu eta edertua izan zen eta estatu erromatarraren altxor publikoa gordetzen zen bertan.

Hasiera batean Saturnaliak egun bakar bat irauten zuen. Baina urteak pasata jaialdia 17tik 19ra luzatzea erabaki zen eta programa ofizialetik at, askok ospakizuna 23raino eramaten zuten. Egun hauetan zehar, esklaboek behin behineko askatasuna eskuratzen zuten hiritar libreekin batera festan parte hartu zezaten, eskoletan eta epaitegietan lanaldia eteten zen eta zenbaitek ere lantokian egun librea zuten jaiaz gozatzeko. Erritual eta ekitaldi ezberdinen artean, garrantzitsuenak Saturnori eginiko sakrifizioa eta ondoren egiten zen convivium publicum oturuntza edo bankete publikoa ziren, bi ekintza hauetara nahi zuen oro bertaratu ahal zelarik. Bestela ere, otorduak, alkohola eta musika ziren nagusi Erromako kaleetan barrena gau eta egun. Urteko egun hauetan apustuak eta zorizko jokoak legezkoak ziren eta antolatzen ziren banketeetan ohikoa zen mahaikideak mahai jokoetan eta apustutan aritzea. Zozketak ere egiten ziren eta txartel irabazledunak luxuzko sariak edota diru kantitate mardulak lortu zitzakeen.

Jaialdiaren barnean, hirugarren egunean zehazki, Opalia festak ospatzen ziren, Ops jainkosaren omenez. Ops Saturnoren emaztea zen, uztaren emankortasunarekin loturiko dibinitate bat. Urtean bitan egiten zitzaion gurtza: bata garai honetan, uzta erein ondoren hura babestu ahal izateko; bigarrena abuztuaren 25ean, uzta jaso eta gero (Opiconsivia jaia bezala ezaguna). Saturnalien azken egunak sigillaria izena hartzen zuen eta egun horretan senide eta gertuko lagunen artean opariak elkartrukatzen ziren. Erregalu ezberdinen artean kandelak eta sigillaria deituriko argizari edo zeramikazko figuratxoak topatu ahal ditugu. Egunaren izena bertatik dator. Antza, festa hauetan nonahi topatu ahal ziren opari gisa ematen ziren objektuen salmenta postutxoak. Azken egun honek Larentalia jaiarekin bat egiten zuen. Larentalian Acca Larentia-ri (mitoaren arabera Romulo eta Remoren adopziozko ama) eskaintzak egiten zitzaizkion ustez lurperatua zegoen hilobian.

Abenduaren 25ari dagokionez, K.o. 274. urteraino ez zen egun berezitzat hartu erromatar egutegian. Aipatutako datan Marteren Zelaian tenplu bat altxatu zen Eguzki jainkoaren omenez, neguko solstizioarekin loturiko bere gurtza ofizialduz. Geroago zirko jokoak ere gehitu zitzaizkion ospakizunari, baina pixkanaka Eguzki jainkoa ekialdeko bestelako dibinitate batzuekin identifikatu zuten zenbaitek, Mitra eta Jesukristorekin kasu, egun hau bera ezarriz jainko hauen jaiotegun gisa. Urteberria ere azpimarraturik zegoen erromatar egutegian, oraingo honetan hasi berri zen urtea oparoa izan zedin eskatzen zitzaien jainkoei. Dakigun bezala, azkenean kristautasuna gailendu zen, baina Saturnalien eragina ez zen guztiz desagertu. Tradizio paganoko beste jai askorekin gertatu zen bezala, erlijio kristauak bere interes eta sineskeretara egokitu zituen aurretik existitzen ziren ospakizun eta erritual asko, aurreko lerroetan aipaturiko abenduko festa giro erromatarra kasu.

Aurten ere Oiasso Museoak Gabonetarako jarduera programa berezia eskaintzen du, adi egon gure jakinarazpenei.

Oiasso Museotik jaiegun zoriontsuak opa dizkizuegu. Io Saturnalia (Saturnalia zoriontsuak)!

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude