Irungo Udalak Ribera Beken izenpean 2019 urterako aukeratutako ikerketa-proiektu proposamenetako bat da Ruben Mejuto eta Andrea Giraldorena. “Irungo soinu memoria, emakumeak eta muga-arteko nortasuna” izena duen proiektuaren bitartez sehaska kanten azterketan zentratuko dira. Ruben Mejutok ikerketaren zertzelada nagusiak gainetik azaldu ditu.
Nola ezagutu zenituzten Ribera bekak?
Musikan lan egiten duzunean zure burua dibertsifikatzeko beharra ikusten duzu, hau da, nik klaseak ematen ditut, hiru abesbatza zuzentzen ditut eta pianoa jotzen dut talde batean, hortaz bizi naizelako. Bekak bilatzen nenbilela Irungo Udalaren beka honekin topo egin nuen eta gaia pentsatzen hasi nintzen.
Zertan datza beka hau?
Beka 9.000 euro dira bi pertsonen artean banatzeko, tandem moduan lan egiten duten antropologo eta artista batentzat. Ikerkuntzazko beka bat da, baina, emaitza adierazpide artistiko baten bitartez erakusteko helburuarekin, hau da, liburu bat idaztea, kontzertu bat egitea edo, azken finean, zerbait praktikoa egitea.
Lan-bikotea osatu aurretik elkar ezagutzen zineten?
Proiektuari bueltak ematen hasi eta segituan Andrea Giraldorekin harremanetan jarri nintzen, bera Donostia ezagutu nuen musika eta poesia egiteko elkargune batean eta ideia hau sortuta berarekin harremanetan jarri nintzen. Hasieratik oso ondo moldatu gara.
Zein izango da zuen ikerketaren gaia?
Ikerketaren titulua hauxe da: Irungo soinu memoria eta emakumeak eta muga-arteko nortasuna. Oso titulu luzea da eta gaia zentratzeko saiakera batean, Irun migratzaileen lurraldea den heinean, hizkuntza zein kultura aldetik aniztasun handia duen herria da eta kulturaren arteko topaleku honetan sortzen diren maileguak aztertzera pasa ginen. Hasieran musika herrikoiarekin hasi ginen, gainontzeko biztanleen jatorrietako musikekin nahasteko, baina, gaia zabalegia zenez, haurren kanta tradizionaletan zentratzea adostu genuen, sehaska kantetan amaitu arte.
Gai honen inguruan aurretik zerbait ikertu dela ikusi duzue?
Musikeneko lagun batek gradu amaierako lana sehaska kanten inguruan egin zuen eta bere gradu amaierako lana irakurtzen sehaska-kanta edo ahozko transmisioaren inguruan lan egindako autoreak ezagutzeko aukera izan dut. Izan ere, Euskal Herriaren historian ahozko transmisioa oso garrantzitsua izan da eta, honela, sehaska kantek guk uste baino informazio gehiago daukatela konturatu ginen.
Momentu honetan proiektua zein fasetan aurkitzen da?
Lehenengo fasea ixtear gaude. Proiektuak, berez, hiru fase ditu. Lehen fasea proiektuaren inguruan gehiago sakontzean datza, informazioa bildu eta kontaktuak lortzeko. Horretarako agente sozial ezberdinetatik informazioa lortzeko elkarrizketak lotzen hasi gara, proiektua eta webgunea (www.isk.com.es) ezagutarazteko.
Zeintzuk lirateke hurrengo faseak?
Bigarren fasearen hasieran elkarrizketak egingo genituzke, bideoa eta audioa jasotzeko, eta, batez ere, orain Irunen kantatzen diren kantetan zentratu nahi gara. Gero partiturak idatzi eta base parametro batekin ikertzera pasako ginateke datu guztiak ateratzeko. Antropologikoki Andreak fenomenologia sozialak aztertuko ditu, hibridazio kulturarik dagoen ikusteko
Nola aurkeztuko duzue ikerketaren emaitza?
Alde batetik, kartografia soinudun bat eratuko dugu, mapa interaktibo moduan, abesti ezberdinen informazio guztia biltzeko. Bestetik, iraunkorra izango den publikazio bat sortu nahi dugu, ikertutako guztia era zientifikoago batean biltzeko. Gainera, nire bikoteak txotxongiloak egiten dituenez, bildutako gai eta abestiekin txotxongilo obra bat sortzea gustatuko litzaiguke ere, beste ideia batzuen artean.
Zer suposatuko du zuretzat pertsonalki ikerketa hau burutzea?
Ikerketa honi esker espazio pribatuan sartu eta agian inork espero ez duen zerbait topatuko dugu, hori jaso eta gizartean zabaltzeko. Globalizazioa dena jaten ari den momentu honetan, denak berdinak izan beharko ginatekeela diruen arren, hemengo nortasunari indarra eman nahi diogu, nortasun ezberdinen elkarbizitza posiblea dela erakutsi eta besteetatik ikasteko aukera izateko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.