Sokka gazte ekintzaile taldeak Gabonetako Negulekuak antolatuko ditu Irunen

Sokka gazte ekintzaileen taldeak Gabonetako Negulekuak antolatuko ditu Irunen. “Artista izan nahi dut!” Negulekuen bitartez kirola eta artea zentzu guztietan lantzeko gunea proposatzen dute. Negulekuetan Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bi txanda egingo dira Palmera Montero eraikinean. Sokka taldeko Jon Sierra eta Nahia Azkaratek proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Sokka 15 gazte ekintzailek sorturiko irabazi asmorik gabeko junior enpresa elkarte bat da. LEINN (MTA Irun Lab) unibertsitate graduko lehen enpresa euskalduna da. Enpresa gazte honek kontsumo jasangarriarekin lotutako proiektuen aldeko apustua egiten du, berrikuntzaren eta kulturaren sustapenari buruzko proiektuak garatzeaz gain.

Sokka taldeak “Artista izan nahi dut!” izeneko Negulekuak proposatzen ditu Gabon hauetarako Irunen. Negulekuak Palmera Montero eraikinean egingo dira eta 2013. eta 2018. urteen artean jaiotako haurrek parte hartu ahalko dute. Lehenengo txanda abenduaren 26tik 30era egingo da eta bigarrena urtarrilaren 2tik 5era.

Negulekuetako prezioa izen emate dataren araberakoa izan da. Abenduaren 4ra arte prezioak merkeagoak izan badira ere, abenduaren 5etik aurreratzean izen ematearen prezioa honakoa izango da: lehenengo txandak 86 euroko prezioa du eta bigarrenak, laburragoa denez, 69 eurokoa. Bi txandak batera erreserbatuz berriz, prezioa 150 eurokoa izango da.
Izena emateko beharrezkoa izango da Sokka taldearekin harremanetan jartzea. Beraz, interesdunek +34 727 71 47 37 telefono zenbakira deitu dezakete Jonekin hitz egiteko. Era berean, artistaizannahidut@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo Instagrameko @artistaizannahidut kontua erabiliz talde antolatzailearekin harremanetan jarri daitezke.

Negulekuen funtzionamendua
Unibertsitatean landutako “Learning by doing”, hau da “eginez ikasi”, metodologia aplikatzen du Sokka taldeak bere proiektuetan. Jon Sierrak adierazi du, “konturatu gara haurrentzat ere errazagoa dela gauzak barneratzea eginez ikasten dutenean, azalpen teoriko hutsak eman ordez”. Nahia Azkaratek azaldu duenez, “unibertsitatean ere gu geu gure irakasleak gara, talde lan asko egiten ditugu eta gure akatsez ikasten dugu”. Beraz, Negulekuen bitartez lan egiteko era hori ere erakutsi nahi diete haurrei.

Beraz, Negulekuetan parte hartzen duten haurrei egun gutxitan arte diziplina, jolas eta kirol asko ezagutzeko aukera eskaintzen diete Mondragon Unibertsitateko bigarren mailako ikasleek. “Haurren irudimena, bereizketarik gabeko parte-hartzea eta elkarlaguntza bezalako balioak sutatzen dituzten jolasak proposatzen saiatzen gara, uste baitugu haurren garapenerako garrantzitsuak direla”, azaldu du Nahia Azkaratek.

Negulekuak antolatzeko unean proiektu osoa euskaraz egiteko erabakia hartu zuten ikasleek, prestaketaz gain, Negulekuetan ere euskara izan dadin erabilitako hizkuntza. Nahia Azkaratek azaldu duenez, “Udalekuak elebitan, euskaraz eta ingelesez egin genituen arren, orain antolatu behar ditugun Negulekuak euskara hutsean egitea erabaki dugu”. Aurrekoetan haurrei eguneroko bizitzan erabiltzen diren ingelesezko hitzak erakusten saiatu ziren, baina haurren interes falta ikusita, euskararen aldeko apustua egitea adostu dute. “Azken batean Negulekuak haurrek ondo pasatzeko proposamena izatea nahi dugu, ez eskolaren antzeko zerbait”, gaineratu du Jon Sierrak.

Proiektuaren bilakaera
Irungo Negulekua ez da izango Sokka taldeak antolatutako lehen ekintza. Izan ere, abuztuan jada antolatu dituzte Errenterian lehen Udalekuak. Jon Sierrak azaldu duenez, “hilabete horretan herrian haurrentzako eskaintza gutxi zegoela konturatu ginen”. Beharra identifikatuta, erlojuaren kontra hasi ziren lanean eta Orereta Ikastolaren baimena lortu zuten proiektua gauzatu ahal izateko. “Lehen esperientziarekin pozik geratu ginen, haur askok eman zutelako izena eta dena ondo atera zelako”, gaineratu du Sierrak.
Sokka taldearen helburuetako bat aisialdi eskaintza bereizia sortzea da. Nahia Azkaratek azaldu du hasiera batean bakarrik artean zentratutako tailerrak antolatzea pentsatu zutela. Azkarateren hitzetan, “umeekin eskulanak, antzerkia eta artea lantzea bururatu zitzaigun, baina Errenteriako esperientziak erakutsi zigun eskaintza horrek orokorrean neskak erakartzen zituela bakarrik”. Horregatik, Irunen eta Donezteben egingo diren Negulekuetara begira kirol eskaintza gehitzea erabaki dute eskaintza osatzeko.

Jon Sierra eta Nahia Azkaratez gain, beste lau pertsona ari dira proiektu hau aurrera ateratzeko lanean. Momentuz, Irun eta Doneztebeko Negulekuak baieztatuak dituzte eta eskaintza Ormaiztegira zabaldu ahal izateko ahalegintzen ari dira. Taldekideen artean Negulekuak antolatzeko zereginak banatzen badituzte ere, beraiek arduratuko dira Negulekuak zuzentzeaz eta haurrekin egoteaz, 3 monitorek begirale titulua baitute.

Antolatzaileek onartu dute Irunen momentuz Negulekuek arrakasta gutxi izan dutela, baina izen emate epea zabalik dago oraindik. Nahia Azkaratek ondorioztatu duenez, “herri txikiagoetan haurrentzako eskaintza murritzagoa denez, jendeak horrelako aukerak gehiago aprobetxatzen ditu”. Bien bitartean, ikasleak proiektu berriak antolatzen ari dira jada, izan ere, datorren urteko urtarriletik otsailera Costa Ricara doaz unibertsitateko proiektuak garatzeko. Bidaia horretarako dirua biltzen jarraitzeko asmoz hoteletan eta herrietan Negulekuen antzeko tailer gehiago antolatzeko asmoa dutela azaldu dute eta aurrerantzean emango dute horien berri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude