Sonia Carlosen gorputzean harrapatuta bizi zen. Bide luze eta akigarri baten buruan, hona emakumea, aske, integratua eta hein handi batean, onartua. “Berriro jaio izan banintz bezala sentitzen naiz orain”.
Orain dela hiru urte bere istorioa Iruneroren orriotara ekarri genuen. Orduan Carlosek Sonia bilakatzeko prozesua berriki abiatua zuen. Emakume sentitzetik izatera dagoen ibilbidea egitera deliberatu zen. “Gogorra izan da; lortuko ez nuela ere pensatu izan dut”. Zailtasun fisikoak, psikologikoak eta sozialak gora behera, hona emakume zoriontsu bat.
Itxuraz aldatu eta integratu
Harrotasunez erakusten du bere nortasun agiri berria, eskuratzea “oso inportantea” izan baita. Ezinbestekoa zen ziurtagiria lortzeko, bi urtez tratamendu fisiko zein psikologikoa jarraitu behar izan zuen. “Agudo eman zidaten, nire nahia emakume izatea zela oso argi neukalako”.
Sexuz aldatzeko ebakuntzaren zein hormonen emaitzak nabariak dira, oraingo gorputza eta ahotsa duela hiru urtekoekin alderatzen baditugu. “Bai, jende askok ez nau ezagutzen”. Itxuraz gain, Soniaren esanetan “berebiziko garrantzia du gizartean eta lan arloan integratua sentitzeak. Gizartearen sektore batek beti baztertuko nau; baina, oro har, jendeak onartzen nau, barruan sentitzen duzunaren aurka borrokatzerik ez dagoela ulertzen duelako. Ez dit apetak eman emakume izan behar dudala”.
Biderik malkartsuena aukeratu du; alegia, hasieratik egizale jokatu du, izkutatu gabe, bere ingurutik ihesi egin gabe. Jarrera horrekin “halako egoerak bizi dituztenei laguntzea izan dut xede; onargarritasunaren bidea zabaltzea”.
Inguru soziala mantentzearekin batera lanari ere lotu zaio normaltasunez. Pintura eta dekorazioa dira bere espezialitateak. Halere, tarteka honelako galdera bitxiak egiten dizkiote: Baina, zuk ba al dakizu pintatzen? Atzera begirakoa egitean, ordea, halako itaunak anekdota hutsa dira. “Oso zoriontsua naiz. Prozesuak muga egoeraraino eraman nau, baina orain berriro jaio izan banintz bezala sentitzen naiz”.
Kirolaren alorreko lorpenak
Sonia oso kirolaria da eta aurrera darrai alor horretako proiektuekin. Otsailean Andeetan ibili zen, modu tradizionalean. “Ez nintzen tontor nagusira igo hotzarengatik eta haizearengatik, baina 6.200 metrora iritsi nintzen”.
Egun hauetan Santiago Bidean dabil, bere txakurrek lagunduta, hilabetean burutzeko asmoz.