2013ko urrian ireki zituen ateak mahai tenisaren tenplu berri honek. Gaixotasun luze baten ondorioz 2011n hil zen Sonia Etxazarreta jokalari famatuaren izena darama eta Leka Enea klubeko jokalari guztiek bertan entrena-tzen dute. Espazioa, erosotasuna eta kalitatea dira zentro berriak taldeari eskaintzen dizkion ezaugarri nagusiak.
Olaketa kalean barrena joanez gero, Sonia Etxazarreta Mahai Tenis Teknifikazio Zentroarekin topo egiten dugu. Leka Enea taldeko jokalariek 2013ko urrian eman zituzten lehendabiziko pala-kolpeak gune berriko mahaietan. Sonia Etxazarreta Leka Enea taldearen hastapenetan egon zen, eta klubaren izena estatuko eta nazioarteko txapelketa garrantzitsuenetan oso goian utzi zuen beti. Espainiako Txapeldun izan zen, beterano kategorian. Bertan, banakako txapelketa, bikotekoa eta mistoa irabazi zituen. Nahiz eta emakume indar-tsua izan, gaixotasun luze batek partida irabazi zion. Leka Enean Soniaren taldekide izandako Maria Rubiok ondo gogora-tzen ditu taldean bizitako momentu latzak. Hori dela eta, eraikitzeko zegoen zentro berriari jokalari garrantzitsu haren izena jartzea erabaki zuten. “Irun hiriaren izena ahoan zeraman beti Soniak. Hori dela eta, Irungo Udalari Soniaren izena jartzea proposatu genion. Horregatik oso berezia da bera gogoratzen eta omentzen duen zentroan egunero aritzea”.
Eskola
Maria Rubio, Gorka Fernandez taldekidearekin batera, mahai tenis eskolako arduraduna da. Aurten 60 gazte dituzte. “Oso pozik gaude dugun ume kopuruarekin; izan ere, zentro berriak eskaintzen duen espazio zabalak bi talde egitea eta kide gehiago onartzea ahalbidetu digu. Gainera, dena zentralizatuta dago orain eta askoz errazagoa da klubaren gestioa eramatea”.
Klubeko gaztetxoek ere nabaritu dute bi solairuko eraikin berri honetan aritzeak dituen onurak. Hamairu urteko Alvar Tiferentzat, “erosoagoa da, ez baitzara mahaiak mugitzen ibili behar; gainera, leku gehiago dago eta instalazioak berriak dira”. Hamalau urteko Ane Gamarren ustez, espazioaz gain, aldagelak dira berritasun garrantzitsuena. “Artalekuko aldagelak oso zaharkituta zeuden eta hemen nesken-tzako aldagela zabala dugu”.
Denboraldiko erronkak
2013-2014 denboraldi honetan, klubaren erronka nagusia da maila mantentzea eta eskola hazten jarraitzea. “Superdibisioan aritzen den gizonezko taldeak mailari eustea eta Europara bueltatzea da gure helburua. Neskei dagokienez, kategoria mantentzea, baita lehen mailako taldea ohorezko kategoriara igotzea ere. Alebin eta Haur mailan, berriz, Gipuzkoako txapelduna gure lerroetatik ateratzea nahi genuke, eta gazteek konfiantza hartzen jarraitzea”.
Etorkizunera begira, neskak mahai tenisaren mundura erakarrri nahi ditu taldeak. “Oso giro ona dago, txapelketetan jende interesgarri asko ezagutzen duzu eta lagun asko egiten dituzu”, dio baikorki Mariak. Ane Gamarrentzat ere, “neskak animatu behar dira, oso kirol interesgarria baita. Gainera, neska gehiago izanda txapelketa garrantzitsuagoetara joango ginateke”.
Mahai tenisaren munduan murgildu nahi dutenentzat, hona informazioa:
www.lekaeneatm.com