Martxoaren 21an Krea Bidasoa azokaren 11. edizioa antolatu zen Ficoba Erakustazokan. Irun eta Hondarribiko Udalek Bidasoa bizirik elkartearen laguntzaz antolaturiko jardunaldia pertsona eta enpresa ekintzaileei zuzendurik egon da, izaera publiko edo pribatuko erakundeentzako prestaturik egoteaz gain.
Aurtengo Krea Bidasoa azokaren leloa eta irudia maker mugimenduarekin lotura estua izan du. Izan ere, “Hazlo tu mism@ – Egin zerorrek – Fais-le-toi-même” leloa oinarritzat hartuta, “KreaTU” irudia erabili da azokaren helburua eta antolaturiko jarduerak ezagutzera emateko. Edizio berri honen inspirazioa izan den Maker mugimenduak era pertsonalean ahalmen industrialaren garapena bultzatzen du, ohiko baliabideen aprobetxamenduaren bitartez eta gizarte osorako eskuragarri dauden baliagarrien ustiapenaren bitartez.
Hortaz gain, pertsona, enpresa eta erakunde publiko zein pribatuek elkar ezagutu, esperientziak eta kontaktuak partekatu, lankidetza edo negozio aukera berriak topatu eta arrakasta izan duten enpresen kasuak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Honela, espiritu ekintzailearen balioak eta gaitasunak ezagutzera eman dira.
Maker zirkuitu teknologikoan azokan parte hartu zuten enpresen produktu berriak ikusteko aukera izan zen. Hauek izan ziren Krea Bidasoa azokaren 11. edizioan parte hatu zuten enpresak: 3Dbide, 3D Berridi, Tumaker, Elle&Alle, Arplastic,Surf Logic eta Accuro by Alcad. Gainera, Maker Objects Museoan “Compagnie des Vents et Mareés” konpainiaren bisita gidatuaren eskutik Maker iraultza digitalaren sekretu interesgarri eta ezkutuak deskubritzeko aukera izan zuten bisitariek.
Tailer eskaintza zabala
Aurreko edizioetan bezala, aurtengo Krea Bidasoa azoka egitarau anitz baten inguruan antolatu da. Egun osorako egitarauaren barnean, era askotariko tailer ugari egon dira: Emozio kudeaketa, publizitatea, 3D inprimaketaren joerak, enpresentzako WhatsApp kudeaketa, antolatzaileak eraldaketa digitalera egokitzeko gakoak, enpresa txikien kontrako ziber-erasoen eragina murrizteko irizpideak eta Smartphone gailuen bitarteko sorkuntza.
Ikasleentzako tartea
Eskualdeko formazio-zentroetako ikasleek haien espazioa izan dute Krea Bidasoa azokaren barnean. Plaiaundi BHI, LHII Bidasoa, Irungo La Salle, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurumena eta Lurralde Oreka saila, Mondragon Unibertsitatea eta Tknika zentroek parte hartu zuten ekintza horretan. “Hackathon” bezala ezagutzen den esperientzia kolektibo baten bitartez, ikasle taldeek prototipatu teknologikoaren inguruko proiektuak garatu dituzte. Zentzu horretan ere, maker txoko bat izan zen eta bertaratutako pertsonek haien sorkuntzak eraiki eta sare sozialetan #KREA2019 traolaren bitartez partekatzeko aukera izan zuten.
Sonia Ruiperez, Elle&Alle:
Elle&Alle garapen iraunkorreko proiektu bat da, neurrira egindako jantzigintzako teknika tradizionalak material berriekin konbinatzen dituena. Honela, 3D inpresioaren bitartez landu daitezkeen material berriei bidea irekitzea proposatzen dut. Azokara “4 urtaroak” deituriko bilduma ekarri dut, honela, antzinako ekoizpen-prozesuei teknologiaren garapenak eskaintzen dizkigun berrikuntza berriak batzeko aukera ugari dauzkagula erakusteko. Oso pozgarria iruditzen zait Krea Bidasoa azokan parte hartzeko aukera eta udaberri jantzita etorri naiz, denbora luzeko lanaren ostean, azokak eskaintzen didan aukera paregabe honen aurrean sentitzen dudan poza adierazteko.
Javier Gonzalez Vega, Surf Logic:
Surf Logic enpresa uretako ekintzak egiterako orduan erabili ohi diren neoprenoak lehortzeko lehorgailuaren salmentara bideraturik dago. Horretarako, orain arte mundu mailan neoprenoen lehorketarako existitzen ez zen sistema berri bat patentatu dugu. Proiektu honekin Irungo Udalaren Irun Ekintzan saria eskuratu ostean, duela hiru hilabete merkatura atera berri den proiektua azokan erakusteko gonbidapena jaso genuen. Horregatik, proiektua erakutsi eta ezagutzera emateko aukera eskaintzen duten ekintza guztiak oso positiboak dira honelako proiektu berritzaileak laguntzeko.
Mikel Arbeloa, 3Dbide:
Azokaren aurreko edizioan gure lankideek parte hartu ostean, aurtengo edizioan parte hartzea erabaki dugu jende gaztearekin harremanetan egon eta beste enpresekin kontaktuan egoteko. 3Dbide izeneko marka bat gara, Iruñeko “Iruña tecnologías” eta “Irudi Sistemas 3D” enpresen aliantzatik sortu dena. Azokara hiru produktu ezberdin ekarri ditugu. Batetik, kolaboraziorako robot bat, era errazean programatu daitekeena. Bestetik, pieza baten geometria digitalki antzeman eta 3D artxibo bat sortu dezakeen eskaner bat eta, hirugarren makinaren bitartez, lortutako artxiboa inprimatu eta karbono edo bidriozko zuntz baten bitartez indartzeko aukera eskaintzen duen inprimagailua daukagu.
Aitor Berridi, 3D Berridi:
Krea Bidasoa azokan parte hartzeko hiru dimentsiotan inprimatutako hegazkin batzuk ekarri ditut. Izan ere, 3D Berridi enpresak hiru dimentsiotan inprimatu daitezkeen hegazkinen salmenta du helburu, horregatik, “3D inprimaketarekin hegan eginez” leloa erabiltzen dugu gure ideia jendearen artean ezagutzera emateko. Horrela, “Glue free” izeneko sistemaren bitartez, muntai modularrean oinarritzen gara, itsasgarriak saihestu eta muntaketa eta konponketa azkarrago bat ahalbidetuko dituen sistema bat eskaintzeko asmoz. Niretzat aukera bikaina da Krea Bidasoa azokaren 11. edizioan parte hartzeko eskaini didaten aukera eta jendea gure produktuak ezagutzeko interes handi erakusten ari da.
La Salleko ikasleak:
Jardunaldi honen aurretik egindako bileretan gure ideia sortzeko aukera izan dugu. Hain zuzen ere, gure ideia energia zinetikoa sortzeko ahalmena duen eskumuturreko bat sortu nahi izan dugu. Gaur, lana erdizka eginda zekarren programa bat jarri digute eskuartean eta gure zeregina goizean zehar programa hori berriro programatzea izan da aurretik pentsatua geneukan eskumuturrekoaren prototipoa sortu ahal izateko. Oso interesgarria iruditu zaigu Krea Bidasoaren azokan parte hartzeko aukera, izan ere, formazio-zentro ezberdinetako ikasle hugari bildu gara hemen eta oso aproposa iruditzen zaigu ikasleei haien ideiak adierazteko aukera hauek ematea.