Irungo Udaleko Euskara Arloak Euskararen Hilabetea antolatuko du martxoan zehar urtero moduan. Euskararen Hilabetearen helburua da haurren eta gazteen motibazioan eragitea, euskararen aldeko jarrera positiboa sustatzeaz gainera. Zehazki, haurrak eta gazteak euskararekin lotuko dituzten ekintzak martxoaren 10etik 31ra egingo dira. Jardunaldiak “Sortu, egin eta eragin euskaraz!” leloa izango du.
Euskararen Hilabetea, Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza planaren barnean dagoen programa da. Irungo ikastetxe eta institutuetako ikasleek hartzen dute parte, Haur Hezkuntzatik hasita DBHko 4. mailara arte, hau da, 3 urtetik 16 urte bitartekoek. Aurten 7.000 ikasle izango dira parte-hartzaileak.
Miren Echeveste Euskara ordezkariak azaldu duenez, ekimen honen bitartez “haur eta gazteak kitzikatu nahi ditugu euskararekiko duten motibazioan eraginez, antzezlanekin edo elkarrekin Mintzodromo batean daudenean emozionatuaraziz”.
Euskararen Hilabetearekin loturik hiru ekinbide aurreikusi dira: euskaraz ekoiztutako kalitate handiko ikuskizunak, gazteen mintzodromoa eta IRUNERO aldizkariaren bi ale berezi.
Euskaraz ekoiztutako ikuskizunak
Ikuskizunei dagokienez, martxoaren 10ean, Astrolabium Teatroak “Butterfly Effect” antzezlana taularatu zuen, Irungo Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoentzat. Ikuskizun honetan kontatzen zuten Papillon eta Clemont ferianteek zinea herriz herri eramaten zutela, kamera puskatu zitzaien arte. Ikuskizuna aurrera eraman nahian proiektatu behar zuten filma beraiek kontatzea erabakitzen dute. Historian zehar garrantzitsuak izan diren gertakariak kontatu zizkieten ikasleei. Obra honen bidez, gainera, emakumeek askatasunaren bidean eman izan dituzten pausoei erreparatzeko aukera eman zaio ikuslegoari.
Martxoaren 16 eta 17an, Haur Hezkuntzako ikasleen txanda izango da. La Baldufa taldearen eskutik “SAFARI” antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute. Antzezlan horretan Piñote eta Kalabazin lagunak dira protagonista. Ikertzaileak dira hauek eta Lehoiaren desagerpen misteriotsuaren berri izan bezain pronto ikerketa lanetan hasi dira harik eta lehoiarekin topo egiten duten arte. Ez da betikoa, ordea, triste eta pentsakor dago. Baina, zergatik? Txikienei zuzendutako lan honetan, Bullying-a edo bazterkeria da istorioaren mamia. Umeek animalien jarrerak ikusiz beraien mehatxu eta jokabide propioak uler ditzakete.
Azken emanaldia martxoaren 30ean eta 31n egingo da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Irungo ikasle guztien txanda izango da. “Ameriketako Bidaia” antzezlana ikusiko dute, Tanttaka Teatroak eskainita. Istorioan bi nerabe euskaldunen pasadizoa kontatzen zaigu, izan ere, Jone eta Maria, Estatu Batuetara joan dira ikasturte osorako. Oso desberdinak dira, eta ez dira konpontzen. Jonek “amerikarren bizimodua”-ri buruzko iritzi ona dauka. Mariak yankiekiko aurreiritzi asko ditu. Aireportuan daudelarik, Joneri bere ekipaia eta dokumentazioa lapurtuko diote. Poliziak latino immigrante ilegaltzat jo eta atxilotu egingo dute. Hizkuntza arazoak eta aurreiritzi arrazialak direla eta, egoera kafkiano bat jasango du. Astebete dramatiko bat pasa ostean, Mexikoko mugara deportatua izan baino lehenago askatuko dute. Jonek hainbeste miresten zuen Amerika horren alde iluna ezagutuko du. Maria, aldiz, adiskidetu egingo da orain arte gutxiesten zuen gizarte horrekin, jende solidarioa ezagutuko baitu. Zer esango diote elkarri etxera bueltan?
Mintzodromoak gazteentzat
Bigarren Hezkuntzako 3. mailako gazteek bi Mintzodromoetan parte hartzeko aukera izango dute, bata, martxoaren 18an eta bestea martxoaren 24an. Biak ala biak Mendibil Merkataritza Guneko kafetegigunean izango dira, Mondragon Unibertsitateko HOX taldeko kide gazteek gidatuta. Bertan, parte hartuko duten hiru institutuetako ikasleek hainbat gaien inguruan beste institutuetako ikasleekin euskaraz hitz egiteko aukera izango dute.
Iruneroren ale bereziak
Horretaz gain, ikasleen sormena erakusteko, aurten ere Iruneroren bi ale berezi argitaratuko dira. Ale berezi horietako batek HH, LH1, LH2, LH3 eta LH4ko ikasleen lanak jasoko ditu, eta besteak, LH5, LH6 eta DBHko ikasleen lanak. Irunero bereziak ikastetxe eta institutuetan banatuko dira, eta Irungo udalaren webgunean eskuragai egongo dira, halaber.